Herritar bat botoa ematen. (Gorka Zabaleta)
Igandean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak dira. Egun horretan herritarrek emango duten botoak guztiz baldintzatuko du datozen lau urtetako testuinguru politikoa. Dena dela, izango da Espainiako estatuan bizi arren edo espainiar hiritartasuna izan arren ezingo duenik botoa eman.
Ehunka euskaldun bizi dira egun munduan zehar. Horietako bat da Leire Ventas zarauztarra. Londresen bizi da duela bi urtetik, eta Zarautzen jarraitzen du erroldatuta. Espainiako hauteskundeetan bozkatu ahal izateko igandean Zarautzen dagokion bozkalekura etorri beharko du. Ezinezkoa zaio, ordea, lana medio egun horretan Londresen egon beharko baitu.
Munduko beste herrialde batzuetan bizi eta erroldatuta dauden euskaldunek, berriz, propio eskatu behar dute botoa emateko aukera. 2011z geroztik da horrela; orduan aldatu zuten Hauteskunde Legea. Aurretik, atzerrian bizi zirenek automatikoki etxean jasotzen zituzten boto paperak. Hala bozkatu zuen Ventasek 2008ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, Mexikon bizi zenean.
Erreformak zaildu egin du prozedura. «Eskaera egiteko denbora tartea mugatua da, askotan paperak bidean galtzen dira edo ez dira garaiz iristen...» dio. «Bereziki larria da egoera. Izan ere, hauteskunde hauek garrantzitsuak dira betiko alderdi-bitasunarekin apurtzeko». Gainera, jende askok «betiko egoera» iraultzeko gogoa du. «Horregatik da garrantzitsua botoa emateko aukera bermatzea». Horren harira, hainbat mugimendu sortu dira, Marea Granate, kasu. Honek abstenituko diren herritarren botoa eskatzen du, bozkatu ezin dutenek erabili dezaten.
«Zulo demokratikoa»
Ventasen kasu antzekoa da Danilo Montiscirena. Sardiniakoa da, bi urte daramatza Zarautzen bizitzen eta bertan dago erroldatua, baina ezin du hauteskunde hauetan bozkatu, ez baitauka Espainiako hiritartasunik. Maiatzeko udal hauteskundeetan, berriz, botoa emateko aukera izan zuen sardiniarrak; legearen arabera herriko bizitza ekonomiko eta sozialari ekarpena egiten diolako, eta udal mailan hartutako erabakiek eragin zuzena dutelako harengan. Udal hauteskundeetan hiritartasuna dutenek, bertan bizi diren europa-
rrek, eta Espainiako Gobernuarekin hitzarmena duten hamabi herrialdeetako biztanleek eman dezakete botoa.
Beraz, herri eta Europa mailan bozkatu dezake Mostiscik. «Hutsune handia dago tartean». Izan ere, Montisciren iritziz Espainian hartzen diren erabakiek ere zuzenean eragiten diote: «Kontradikzioa da hori. Italiako karrera homologatzen ari naiz eta Espainiako delegazioarekin izan dut harremana izapideak egiteko, bertakoekin izan beharrean. Beraz, Espainiako politikak zuzenean eragiten dit».
Hala ere, hutsune demokratatikoarekin gehiagotan egin du topo: «Italiako azken hiru presidenteak ez ditu herriak aukeratu. Demokrazia batzuetan horrelakoa da».
Aniztasuna ikusezin
Malick Ndoye senegaldarra duela zortzi urte joan zen Almeriara, baina orain dela lau urte Oriora etorri zen bizitzera. Hemen du oraina eta Euskal Herrian aurrikusten du bere etorkizuna. Horregatik gainontzeko herritarrek bezala botoa emateko eskubidea izan nahiko luke. Dena dela urrun ikusten du egun hori, Espainiar naziotasuna ez duenez ezin baitu bertako hauteskunde bakar batean ere parte hartu. «Gaizki iruditzen zait. Ni hemen bizi naiz, eta hemengo politika jarraitzen dut, politikariek hartzen dituzten erabakiek zuzenean eragiten baitidate. Aurten esaterako adi-adi jarraitu ditut telebistan eman dituzten mahai inguruak».
Europako beste herrialdeekin alderatuta, hemengo politikan etorkinen ordezkaritza oso txikia dela uste du. «Badirudi oraindik aurreiritziak dituela gizarteak, azal koloreak norberaren gaitasunean eragina balu bezala. Beste herritarrek bezala betebeharrak ditugu, zergak ordaintzen ditugu, baina gure ahotsa ez da entzuten erabaki guneetan. Horregatik, alderdi politikoek hautagai zerrendetan gizartean ikusi daitekeen aniztasuna azaltzea gustatuko litzaidake»