Hitzez Elkarteko Rosa Aramendi eta Ziortza Balerdi eskuinean, Emakunderen egoitzan egin den aurkeztenean. (Emakunde)
Gaur goizean Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteak eta Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareak saria jaso dute Emakundek Gasteizen duen egoitzan. Hitzez elkartearen ordezkari gisa Rosa Aramendi zarauztarrak eta Ziortza Balerdi aiarrak parte hartu dute ekitaldian, eta elkartea emakume baserritarren eskubideen alde egiten ari den lana azaldu dute. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak azaldu duenez, sariarekin emakume baserritarrek eta landa eremuko emakumeek egiten duten lana aitortu nahi izan dute; "emakumeak ezinbestekoak dira landa eremua bizirik izateko, zaintzeko eta lehen sektorean berrikuntzak sustatzeko. Horregatik, emakume hauek isilpean egiten duten lana ikusarazi nahi dugu, eta elkarteak etengabe aldarrikatzen ari diren eskubide berdintasuna gizarteratu".
Hitzez Elkareko lehendakari Rosa Aramendiren esanetan, oso garrantzitsua da emakume baserritarren lana ikusgarri egitea. "Baserrian emakumeak egiten duen lana isilekoa da, eta askotan eguneroko horretan gure buruaz ahaztu egiten gara". Aramendik aipatu du baserri giroan askotan esaten dela Oso emakume ona da, langilea. "Baina, horrek lan karga handia izatea, eta askotan emakumeok osasuna galtzea dakar. Izan ere, emakume guztiok ditugun zailtasunez gain, landa eremuak berak dituen oztopak ere gainditu behar ditugu emakume baserritarrok" . Egoera horri aurre egiteko sortu zuten Hitzez Elkartea 2007an, "elkartearen bidez emakumeen beharrak asetu nahi ditugu: ikastaroak eta tailerrak antolatzen ditugu, eta gure eguneroko arazoez hitz egiteko biltzen gara". Egun 50 emakume inguruk osatzen dute Hitzez Elkartea, baina Aramendiren esanetan, "emakume baserritar guztiak ordezkatu nahi ditugu. Jakin badakigu emakume askori beldurragatik kostatu egiten zaiela elkartean izena ematea. Gure lana boluntarioa da, eta baserriko eta zaintza lanei, elkarteko lana gehitu behar zaie; horregatik emakume askok ez dute pausua ematen. Dena dela, emakume baserritar askok animatzen gaituzte aurrera jarraitzeko"-
Hitzez Elkarteko lehendakariak nabarmendu du, orain dela urte batzuk "pentsaezina" izango zela elkarteko kideentzat Emakunderen eskutik saria jasotzea. "Badirudi emakume baserritarrok etxean egon behar dugula, baina erakutsi dugu elkarlanean urrats garrantzitsuak egin ditzazkegula eta gaur hemen egotea horren adibide da".