Zarauzko Arrosaledan, igandean eginiko ekitaldia (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Alderdi politiko guztiek bat egin dute Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiak gogoratzeko. Batzuetan adierazpen instituzionala irakurriko duten bitartean, besteetan isiluneak edo lore eskaintzak egingo dituzte. Zarautzen, esaterako, bi ekitaldi deitu dituzte. Lehena herenegun egin zuten, Arrosaleda parkean, eta bertan, EH Bildu salbu, gainerako alderdiek hartu zuten parte, hainbat herritarrekin batera. Bigarrena, berriz, gaur izango da, eta kasu honetan alderdi guztiek egingo dute bat.
Azkoitiko EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko udal ordezkariak batuko dira Insausti Jauregian, Oroimenean monolitoaren aurrean. 15 minutuko isilunearen ondoren, lore eskaintza egingo dute «biktima guztien memorian». Aipatu eskultura 2007ko martxoan inauguratu zuten, ETA, Komando Autonomo Antikapitalista eta GALen biktimen oroigarri gisa. Eusko Jaurlaritzaren txostenean biktima berak aitortzen dira: hau da, Ramon Baglieto, Justino Quindos, Elio Lopez, Julio Muñoz, Jose Maria Piris, Jose Larrañaga eta Ramon Oñederra Kattu. Dokumentuan Jose Luis Salegiren kasua ere agertzen da, baina egiaztatze eta ikerketa sakonagoa behar duela azaltzen da. Bestetik, EH Bilduk eskaera egin du Jabier Larrañaga Peru ere biktima gisa errekonozitzeko. Udalak azaldu duenez, egin beharreko izapideak egin ditu kasua aztertu dezaten.
Zestoako Udalak ere ordu laurdeneko elkarretaratze isila egingo du, EUDELen ekimenarekin bat eginda. 12:00etan izango da ekitaldia, udaletxe aurrean. Josetxo Mendizabal alkateak ohar bidez jakinarazi du gogoan izango dituztela gatazkaren ondorioz hil dituzten herritarrak: Xabin Etxaide Ibarguren, Joxe Mari Korta Uranga, Zeferino Peña Zubia, Juan Sanchez Sierro eta Felipe Suarez Delgado.
Zumaian, 2013ko martxoaren 14ko akordio parlamentarioaren espirituarekin bat eginez, adierazpen instituzionala adostu dute EAJ, EH Bildu eta PSE-EE-k. Udalbatzak 15 minutuko isilunea egingo du udaletxe aurrean, eta herritarrak nahiz udalerriko erakunde eta eragileak parte hartzera deitu ditu.
Orion ere alderdi guztiek hartuko dute parte ekitaldian: EAJ, EH Bildu, Orain eta PSE-EE-k, alegia. Elizaren eta herriko plazaren artean dagoen Memoriaren Txokoan elkartuko dira, 12:00etan, eta lore eskaintza egingo dute.
Arratsaldez ere
Azpeitian eta Getarian arratsaldez egingo dituzte Memoriaren Eguneko ekitaldiak. Getariako Udalak 15 minutuko elkarretaratzea egingo du 19:00etan, Gudarien Enparantzan. Bertan, Nika Lertxundi alkateak EH Bilduk eta EAJk adostutako adierazpena irakurriko du.
Ordu berean, elkarretaratze isila egingo dute Azpeitiko plazan, udaleko bi alderdi politikoek deituta. Gainera, EH Bilduk eta EAJk herritarrei eskatu diete bertan parte hartzeko. Horrez gain, ezohiko udalbatza egingo dute gaur bertan, 18:30etik aurrera, eta adierazpen bateratua onartuko dute bi alderdiek.
Eneko Etxeberria alkateak azaldu du azken agintaldian urratsak egin dituztela bizikidetzaren arloan, eta «egi eskubideari eta aitzortzari» garrantzia eman diotela. «Une honetan uste dugu udala osatzen dugunon artean pauso bat gehiago eman dezakegula», jakinarazi du. Jaurlaritzatik ere jaso zuen udalak egun horrekin bat egiteko deia, eta hala egitea erabaki dute. «Errekonozimendu indibidualetatik oroimen kolektibora pasatzea eskatu ziguten memoriaren institutuan izan ginenean», nabarmendu du Etxeberriak. Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak esan du «normalizazioaren barruan tokatzen den pausoa» dela gaurkoa.
Bi ekitaldi Zarautzen
Zarautzen bi ekitaldi antolatu dituzte Memoriaren Egunaren harira. Lehenbizikoa igandean egin zuten, Arrosaleda parkean. Bertan dagoen biktimei eskainitako monolitoaren ondoan bildu ziren EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautzeko ordezkariak, PSE-EEko Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkari Odon Elorza zein herritarrak. Isilunea egin zuten bertaratu zirenek, eta ondoren lore eskaintza; testurik ez zuten irakurri. EH Bilduko ordezkaririk ez zen izan.
EH Bilduren ustez, Arrosaleda ez da leku egokia, ez baita biktima guztiak aitortzen dituen agertokia. «Guk garbi daukagu baldintza bakarra dela biktima guztiak errekonozitzea», aitortu zuen prentsaurreko batean Naiara Carvajalek. «Leku horrek ez du horretarako aukerarik ematen, ordea». Hain zuzen, parke horretan plaka bat dago, eta bertan idatzita dago Terrorismoaren biktimak. Egia, justizia , bakea. «Terrorismo hitzak ez ditu barnebiltzen biktima guztiak; indarkeria hitza egokiagoa da», jakinarazi zuen.
Horren harira, adierazi dute EH Bilduk beti hartuko duela parte «denak barnebiltzen» dituen ekimenetan. Zentzu horretan, Memoriaren Egunarekin lotutako bigarren ekitaldian izango dira. Gaur, ordu laudeneko isilunea egingo dute, udaletxe parean 12:00etan. Kasu horretan ere ez dute testurik irakurriko.
Hainbat mezu
Hori argitzeaz gain, EH Bilduk hainbat mezu ere bidali ditu. Lehenbizikoa, euskal gizarteari zuzenduta: adierazi dute memoria kolektibo, anitz eta integratzailea sustatzeko konpromisoa hartu dutela eta, ondorioz, indarkeriaren erabilerari buruz iraganean hartu ziren erabakien inguruko hausnarketa kritikoa egiten dutela, biktima guztien erreparazioa helburutzat hartuta.
Biktimei nabarmendu diete, euren jarrera politikoak biktima bakoitzaren minarekin beti bat egin ez izanak «atsekabetu» egiten dituela. Euskal politikagintzako gainerako agenteei, berriz, esan diete euskal gizartea anitza den heinean, aniztasun hori oinarri duen ibilbide partekatua abiatzeko. «Indarkeririk gabeko eta giza eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna eraikitzeko oinarria izan behar da hori».
Gertatutakoaren egia, aitortza, erreparazioa eta berriz gerta ez dadin baldintzak eraiki behar direla uste dute. Haien arabera, horretarako «ezinbestekoa» da biktima guztiak aitortzeaz gain, zarauztar guztiak eroso sentituko diren ekitaldiak egitea. «Gure aldetik, herri bezala bakea eraikitzen jarraituko dugu, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte».
Ekitaldiak herriz herri
Azkoitia
12:oo. Elkarretaratze isila, Insausti Jauregiko Oroimena monolitoaren parearen. Ondoren, lore eskaintza egingo dute.
Azpeitia
18:30. Ezohiko udalbatzarra egingo dute adierazpen bateratua onartzeko.
19:00. Elkarretaratze isila, herriko plazan.
Getaria
19:00. Elkarretaratzea, Gudarien Enparantzan. Nika Lertxundi alkateak EH Bilduk eta EAJk adostutako adierazpena irakurriko du.
Orio
12:00. Lore eskaintza, Memoriaren Txokoan; herriko plazatik elizara doan aldapan.
Zarautz
12:oo. Elkarretaratze isila, udaletxe aurrean.
Zestoa
12:00. Elkarretaratze isila, udaletxe aurrean
Zumaia
12:oo. Elkarretaratze isila, udaletxe aurrean.