Iraia Elias aktorea: «Estreinaldia ‘show’-aren beste alderdia da, eta ni ez nago horretara ohituta»

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 17a

Ez da ezer geratzen egun handirako. Urduritasunik nabaritzen hasi al zara?

Hasi naiz, bai. Gau batzuk beste batzuk baino luzeagoak egiten ari zaizkit, zer izango den horretan pentsatzen. Jada tentsio puntuan nago, alertan bezala.

Zerk urduritzen zaitu?

Oro har, denak. Ni ez naiz horrenbeste jarri ikusgai jendaurrean. Zinema, antzerkiarekin alderatuta, beste istorio bat da. Betikotuko den zerbait izate horrek nolabaiteko errespetua sor tzen dizu. Izan ere, egin duzuna egin duzula, hor geratuko da.

Ez al dira izango hasiberriaren kezkak?

Ez da hori bakarrik. Azken finean, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzea hitz potoloak dira: garrantzia berezia hartzen du filmak, baita zuk zeuk ere aktore bezala. Beste modu batera begiratzen zaio filmari. Bestalde, estreinaldiaren egun hori ere pasa egin behar da, dakarren parafernalia horrekin guztiarekin: prentsaurrekoa, alfonbra gaineko paseotxoa... Ni ez nago horretara ohituta. Azkenean, show-aren beste alderdia da hori, eta mentalizatzen ari naiz, ahalik eta umoretsuen eta ondoen pasatzeko, lantaldearekin batera. Eguna iritsiko da, eta orduan pasako zaizkit urduritasun guztiak.

Dena dela, handitasun hori ez da Zinemaldiarekin hasten, baizik eta Asier Altunak paper hau eskaini zizunean, ezta?

Hori da. Zinema ez da eskarmentua dudan kode bat, antzezteko beste modu bat delako. Orduan, ibilbide luzea duen Asier Altuna bezalako zuzendari batek deitu ninduenean, sekulako beldurrak agertu zitzaizkidan. Ez nekien gai izango ote nintzen, ez neukalako zinema munduan esperientziarik. Altunak konfiantza izugarria izan zuen nigan. Kontrara, nik neuk ere beregan konfiatu nuen eta bere eskuetan jarri nintzen.

Berak argi al zeukan zu izango zinela proiektuaren pertso naia, ala hautaprobak gainditu behar izan zenituen?

Zertarako hegoak antzezlana ikustera etorri zen Donostiako Antzoki Zaharrean taularatu ge nuenean. Berak nahi zituen ezaugarri batzuk betetzen nituela ikusi zuen, eta ezagutu nahi ninduela esanez deitu zidan. Geratu ginenean gidoia pasatu zidan, eta proiektuan parte hartze- ra animatu ninduen. Intuizioz jokatzen duela esan zidan, eta intuizio ona zuela nigan.

Orain arte gauzak ongi egindakoaren fruitu ere izango da.

Ez dakit. Zortez edo etorri zaizkit gauzak, eta gaur egun zineman lan egin ahal izatea, euskarazko zineman, urtean pare bat ekoizpen egiten ez direla ikusita, kristoren oparia da. Gainera, lantalde tekniko paregabe batekin, ginga eta guzti izan da oparia.

Esan duzu hasi aurretik ez zenituela menderatzen zinemako kodeak. Filmatzen joan ahala uxatu egin al zitzaizkizun beldur horiek? Zer moduz joan da filmatze prozesua?

Hasieratik kimika ona izan dut Asierrekin, oso umoretsua baita. Nigan jarritako konfiantza nik neuk ere nabaritu nuen. Baina filmatze prozesua beste kontu bat da. Izan ere, 40 pertsonaz osatutako talde batean sartzen zara, eta egun osoa pasatzen duzu bertan, zure txanda iritsi zain. Gero, benetan bi orduz aritzen zaren arren antzezten. Orduan, uneoro adi egon behar duzu. Filma bi zatitan errodatu zen, eta horrek mesede egin zidala uste dut.

Zein bi zatitan?

Iazko abuztuan bi astez aritu ginen lanean, eta ondoren, bigarren zatia, urritik aurrera egin genuen. Lehen aste haietan erne-erne ibili nintzen, makinaria guztiak nola funtzionatzen zuen ezagutzen. Hori guztia ulertzen, eta nik han zein funtzio betetzen nuen nahiz non kokatu behar nuen jakiten. Jende pila bat zegoen, eta iruditzen zitzaidan niri begira zeudela guztiak. Baina ez zen horrela, bakoitza berean zegoelako murgilduta. Hasieran, ordea, itogarria egin zitzaidan guztia.

Filmaketaren bigarren zatia lasaiagoa izan al zen?

Lasaiagoa eta erosoagoa, bai. Azkenean, egun osoa pasatzen duzu egunero-egunero lantalde berarekin, eta beldur horiek desagertzen joaten dira. Talde ederra izan da, eta prozesua arina suertatu zaigu. Lehen egunetan nekatuta bukatzen nuen, denbora osoan gertatzen zen guztia ezagutu nahian aritzen nintzelako. Baina pixkanaka-pixkanaka erlaxatzen joan nintzen, eta guztiaz gehiago gozatzen.

Amama da filmaren izenburua, eta amamaren biloba da Amaia, zure pertsonaia. Nor da bera eta zer paper jokatzen du? Familia bateko alaba gazteena da. Bideo-artista da, eta barne- gaztazka bat bizi du. Oro har, familia bateko haustura bat kontatzen du filmak: bizimodu modernoaren eta tradizionalaren arteko talka hori, nolabait esateko. Haustura horretatik nola elkartu, nola sortu komunikazio zubiak familiako kideen artean, litzateke istorioaren trama. Gure aurrekoengandik datorren katea da amamaren sinbolismoa. Amama hor dago, begira dago. Zuhaitz bat erortzen denean azpitituluak istorioaren haustura hori iradoki nahi du.

Altunaren lan askotan umore beltza da nagusi. Filmaren au rrerapen bideoa ikusita, bistakoa da dramara egin duela jau- zi. Hor ere haustura bat dago.

Aspalditik zeukan proiektuaren ideia buruan, eta hasieran umoretik idatzi bazuen ere, istorioari buelta eman eta dramara eraman zuen. Badaude arnasguneak, eta umorezko zertzeladak, Ander Lipus aktorearen eskutik. Hala ere, film dramatikoa da.

Negar egitekoa al da?

Hori bakoitzaren araberakoa izaten da. Zenbat ukitzen zaituen edo ukitzen ez zaituen.

Antzerki mundutik zatoz, eta zure antzezpenak umoretik gertuago egon dira dramatik baino. Zer moduz sentitu zara lan honetan?

Zerbait komikoa egiteko deitu zidatela pentsatu nuen. Drama ez dut jorratu izan, baina oso eroso sentitu naiz. Aberasgarria izan da, zentzu guztietan. Aktore oso energikoa naiz antzerkian, eta zineman, aldiz, oso gutxirekin ahalik eta gehien igorri behar duzu kamerara. Ez du zerikusirik antzerkiarekin. Alde horretatik bakarrik, kentze horretatik, guztiz aberasgarria izan da.

Filma ikusi al duzu?

Bai, bi aldiz, eta oso sentipen arraroa izan dut. Antzerkian ez dugu geure burua ikusteko aukerarik. Emanaldia bukatutakoan etxera joaten gara, eta kito. Hurrengoan beste nonbait antzeztuko dugu, eta segur aski beste modu batera aterako da. Filmean antzezpen modu bat bakarrik dago eta, gainera, ikusi egiten duzu. Alde horretatik, oso bitxia da.

Lehen emanaldian oso kezkatuta egon nintzen, ez nekielako nola aurkituko nuen neure burua. Oso zaila egin zi tzaidan filma bera ikustea, eszena bakoitzean antzeztu nuen unea etortzen zitzaidalako gogora. Ez nintzen gai filma hutsetik ikusteko. Ezinezkoa zitzaidan. Gainera, zeure burua ikusten ari zarenean, gauza batzuk gustatzen zaizkizu, baina, beste batzuk, ez. Bigarrenean distantzia gehiago hartzen saiatu nintzen, baina asko kostatu zitzaidan.

Gai al zara ikusle bezala iritzi aurrerapen bat emateko?

Zaila egiten zait, benetan! Oso gauza ederrak daude filmean. Gero, Asierrek bere mundu surrealista txertatzen jakin izan du ekoizpenean; nire ustez, oso ongi barneratu du. Super 8 kamerarekin filmatu denez, ehundura interesgarriak lortu dira. Baina, egia esan, zaila egiten zait objektiboki iritzi bat osatzea.

Hirugarrenez astelehenean ikusiko duzu, estreinaldiaren egunean, Kursaal jauregian.

Ez dakit zer kondiziotan egongo naizen egun horretan, bertako pantaila handian nire aurpegiaren dimentsioak ere ikaragarriak izango direlako. Nahikoa lan izango dut lasai egoten!

"Sail ofizialean egote hutsa sekulako ohorea da lantalde osoarentzat"

Interes handia sortu da Amama filmaren inguruan, besteak beste, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratua izan delako. «Nazioarteko lan potenteekin batera lehiatuko da, eta hor egote hutsa sekulako ohorea da, bai Asier Altunaren- tzat, bai lantalde osoarentzat», esan du Iraia Eliasek. Eta Urrezko Maskorra posible al da? «Sail Ofizialean dagoen unetik, posible da. Hortik aurrera, ikusiko dugu zer gertatzen den». Igandean komunikabideentzat emango dute, eta astelehenean estreinatuko dute, 22:00etan Kursaalean.

Bigarren urtez jarraian, euskarazko ekoizpen bat hautatu du Zinemaldiak lehiaketarako –iaz Loreak filma izan zen–, eta Eliasen ustez, «orain hasi dira aitortzen bertan egiten dena». Loreak-en aurretik film «oso onak» egin direla dio, baina ez dutela Sail Ofizialen aurkezteko aukerarik izan. «Hautatua izateak esan nahi du gurean gauzak fun- damentuz egiten ari direla».

Egindakoak eginda daude, eta orain ikuslearen txanda da. «Ez dakigu gustukoa izango duten, baina momentuz jendearen erantzuna oso ona izaten ari da». Ez du arrazoirik falta, estreinaldiko sarrera guztiak agortuta baitaude dagoeneko. Zinema komertzialetan, antza denez, urriaren 16an estreinatuko dute.

Eskualdeko ordezkariak

Aktore zarauztarra da Amama filmeko protagonista nagusia, baina ez da ekoizpenean parte hartu duen eskualdeko ordezkari bakarra. Telmo Esnal zarauztarra aritu da beste behin zuzendariarekin elkarlanean, gidoia idazten. Aktore lanetan, berriz, Kandido eta Manu Uranga aita- seme zumaiarrak, eta Nagore Aranburu azpeitiarra. Talde teknikoan ere izan dira zenbait; Javi Agirre argazki zuzendari eta kameralari zarauztarra, kasu.

Bestalde, Zinemira sailean bi oriotarrek parte hartu duten filmeak daude: Un otoño sin Berlin filmaren soinu banda egin du Joseba Britek, eta Gure sorlekuaren bila lanaren postprodukzioaz arduratu da Maialen Sarasua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide