Gureak Esperientzia Tailerrean jokoetan parte hartzeko aukera dute herritarrek. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Gureak taldeak 40 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko Gipuzkoan zehar tailer ibiltaria aurkezten ari da. Atzo ireki zuten Zarauzko Merkatu Plazan Gureak Esperientzia Tailerra. 40 urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa da, eta bihar eguerdira arte izango da zabalik.
Esperientzia tailerraren helburua desgaitasuna duten pertsonek egunerokoan topatzen dituzten oztopoak herritarrei jokoen bitartez ezagutaraztea da, eta bereziki haurrei eta gazteei dago zuzenduta egitasmoa. «Antolatutako dinamiken bitartez, bisitariek sentituko dute zer den desgaitasun sensorial, fisiko edo intelektuala edukitzea», azaldu dute arduradunek. Haurrei eta gaztetxoei zuzenduta badago ere, «familia giroan ezagutzeko esperientzia egokia» dela uste dute Gureak taldeko kideek. Horregatik, bihar eguerdira bitartean bertara gerturatzera deitu dituzte Urola Kostako herritarrak. Orain arte Eibar, Legazpi, Azkoitia eta Errenterian izan da Esperientzia Tailerra eta «erantzun ezin hobea» jaso duela azaldu dute antolatzaileek.
35 urte Zarautzen eta Orion
Gureak 1975ean sortu zuen guraso talde batek, Atzegi adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkartearen eskutik. Ordutik «desgaitasuna duten pertsonei lan aukera egonkorra eskaintzeko lan egin» dutela azaldu dute arduradunek, eta bide horretan sortu zen Orioko eta Zarauzko Gureak lantegia. Zarauzko Merkatu Plazako lehen solairuko erakusketan, 1980an lantegia Zarauzko Alfa fabrikan hasi zenetik gaur egun arte izan duen bilakaera ikus daiteke Zarautz-Orio-Zarautz atalean. Herritar askok uste du adimen urritasuna duten pertsonek ezin dituztela ohiko lanak egin, baina Gureak lantegian uste okerrak gainditzeko lan egiten dute egunero. Zarauzko lantegiko arduradun batek hala azaldu du: «Sistema teknologikoak muntatzen lan egiten dugu katean, eta pertsona bakoitzak bere adimenari egokitutako lana izaten du. Ez dugu inor baztertzen, denok dugu tokia Gureak filosofiaren barruan».