'Herriko tabernen' aurkako epaia berretsi du Auzitegi Gorenak, ixteko aginduz

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 19a

(E. Albizu Lizaso)

Auzitegi Nazionalak 101 herriko taberna konfiskatzeko emandako agindua berretsi du Gorenak gaur, osteguna. 35/02 auziko defentsa abokatuek aurkeztutako helegitea atzera bota dute, beraz; eta Urola Kostako lau taberna konfiskatzeko agindua eman dute: Azpeitiko Orkatz, Zumaiako Inpernupe, Getariako Harralde eta Zarauzko Arrano. Azkoitiko Zakela taberna epaitik kanpora dago, ebazpena interpretatzerakoan gaizkiulertu bat izan du Urola Kostako Hitzak; izan ere, ebazpeneko aurrekarietan agertzen da Zakela, baina 2014ko uztailaren 30ean utzi zuen kanpoan Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Espainiako Auzitegi Gorenak partzialki onartu ditu Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Floren Aoiz eta Joseba Permach eta Karmelo Landaren helegiteak. Permach, Etxeberria, Aldasoro, Alvarez eta Landari urtebete eta hamar hilabeteko zigorrera murriztu die, hirukoa ezarri baitzien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzitegi Nazionalaren ebazpena irakurgai, hemen.

Auzia denboran luzatu izana hartu du kontuan epaimahaiak zigorra murrizteko. Inhabilitazioa ere ezarri die tarte horretan; seina urtekoa ezarri zien Auzitegi Nazionalak. Jon Gorrotxategi, Floren Aoiz eta Antton Morcillori, berriz, urte eta erdiko zigorra ezarri die Auzitegi Gorenak, eta inhabilitazioa epe horretan. Launa urteko inhabilitazioa ezarri zien Auzitegi Nazionalak.

Maiatzean bildu ziren epaileak helegiteak aztertzeko. Antxeta, Gorgo Mendi, Irati eta Harotz Toki tabernak izan ezik, gainontzekoen aurkako epaia berretsi, eta horien dekomisoa eskatu du Auzitegi Gorenak. Hor daude Urola Kostako Orkatz, Inpernupe, Harralde eta Arrano. Iazko uztailean eman zuen Auzitegi Nazionalak 35/02 sumarioaren inguruko epaia. Bertan eman zuen 101 herriko konfiskatzeko agindua, "ETAren egitura" finantzatzeagatik.

Erreakzioak

Harralde (Getaria)

Harraldeko lehendakariak esan du azken ordubetean izan dituztela zurrumurruak albistearen inguruan. Hala ere, telebista bidez jakin du lehendakariak albistearen berri, eta Harraldera bidean zijoan Urola Kostako Hitzak deitu dionean. "Zoritxarrez", espero zuten berria zen: "Ez genuen halakorik gertatzea nahi, baina Espainiako justiziak nola funtzionatzen duen ikusita, espero genuen hau".

Hark azaldu du "Espainiaren anakronismoa" dela hori. "Batzuk bake bidean ari garen bitartean, besteak beti moduan jarritzen dute", nabarmendu du. 25 urte egiten ditu Arralde Herriko Tabernak datorren urtean, eta bazkide ugari ditu Gertarian. Oraindik mobilizaziorako ordua jarri ez badute ere, deialdia egingo dute aurki: "Herritarrekin batera egingo dugu dena, beharrezkoa dugu haien babesa".

Orkatz (Azpeitia)

Orkatzeko kideek ere espero zuten berria. "Txarrenaren zain geuden, Audientzia Nazionalarengandik beti espero dugu txarrena", adierazi dute. Bestalde, nabarmendu dute "injustizia bat" iruditzen zaiela gertatzen ari dena: "Orkatzeko bazkideek, herritarrek, beraien poltsikotik jarritako diruarekin irekitakoa da Orkatz, eta Audientzia Nazionalak itxi du. Nola uler daiteke hori?".

"Denen beharra izango dugu", adierazi dute. Herritar guztiei dei egin diete mobilizazioetan parte hartzera, gaur 19:30ean Azpeitian egingo dute Azpeitian. "Ahal dugun gehiena eutsi behar diogu, defendatu egin behar dugu Orkatz". Orkatzek 58 bazkide ditu, eta datorren astean ospatuko dute 22. urteurrena.

Inpernupe (Zumaia)

"Bapatean" harrapatu ditu epaiak Zumaian, eta oraindik ez dira bildu etorkizunaz hitz egiteko. "Nahiz eta Espainiako epaitegiak politizatuta daudela jakin, azken unera arte egia nagusituko zenaren esperantza izan dugu", adierazi dute haiek.

Orain zer egin aztertu behar dutela esan dute, eta aukera izanez gero, errekurtsoa jartzea dute buruan Inpernupeko kideek. Horrez gain, honakoa azaldu dute: "Auzitegi Gorenak epaia berretsi duenez exekutatu dezakete, ez badu Auzitegi Konstituzionalak errekurtsoa tramitera onartzen eta exekuzioa geldiarazten. Bestela, berez edozein unetan exekutatu dezakete".

"Zalantza ugari" daude exekuzioaren inguruan, haien arabera, eta ez dakite zer gertatuko den. "Aurrekaririk ez dago, beraz, ez dakigu prozedura penal arrunta jarraituko duten edo herriko tabernak Herri Batasunaren ondarea direla kontsideratuta, Herri Batasunaren ilegalizazioarekin lotuko duten", azaldu dute.

Epaia "guztiz politikoa" dela iritzi dute. "Estatu mailan boterean daudenen aldetik behin eta berriz ukatu egiten dute gatazka politikoa dagoenik, baina gerra egiten ari dira gerra tresnekin, legedia behartuz eta epaileak justiziatik aparteko interpretazioak egitera eramanaz". Espainiatik, "irabazleak eta galtzaileak" daudela nabarmendu nahi dutela uste dute Inpernupekoek.

Arrano (Zarautz)

Zarauzko Arranoko kideek espero zuten berria. "Espero ez genuena zen ebazpena horren azkar iristea", azaldu dute. Arrano itxi bitartean, "funtzionamendu normala" izango dute tabernan.

"Kontuan hartu behar dugu langile batzuen jatekoa ere kolokan dagoela, haiek ere arriskuan daude", esan dute. Arranoko kideen arabera, "epaiketa politikoa" da hau, eta konponbidea aurkitzea "ezinezkoa" da gauzak aldatzen ez diren bitartean. Arrano elkartea 1984an sortu zen, eta 110 bazkide eta 25 ohorezko bazkide ditu, gaur egun.

Mobilizazioak

Zarautzen kazerolada ere egin dute gaur, osteguna.

Herriko tabernak konfiskatzearen kontra elkarretaratzea Zarauzko Arrano aurrean (Amaia Ventas/Hitza)

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide