Stand Up Paddle edo arraun surfak goraka doan kirola dela ikusirik, Euskal Sup Race Zirkuitua txapelketa antolatu dute. Euskal Autonomia Erkidegoko estreinako zirkuitua izango da, eta Race modalitatean jokatuko da, ekainetik irailera arte. Sei proba-lasterketaz osatuta egongo da, hiruna Bizkaian eta Gipuzkoan, eta probetako bat Zarautzen egingo dute, uztailaren 4an, Zarauzko Surf Elkarteak kudeatuta. Lasterketak prestatzeko ardura herri bakoitzeko surf taldeek hartuko dute, Euskal Herriko Surf Federazioaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioen babesarekin.
Zirkuituan honako maila hauetan lehiatuko dira: Sup Elite 14”, Sup Pro 12, 6”, Junior (14-17 urte), Amateur eta txikiak. Modalitateak ere hainbat iznago dira: distantzia handiko lasterketak, lasterketa teknikoak (sprintak), hondartzako lasterketak (beach race) eta abar. Txapelketaz gain, beste jarduera batzuk ere izango dira; besteak beste, klinikak, erakusketak, taldeen arteko lasterketak eta puzgarrien laisterketak.
Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko Euskal Herriko Surf Federazioaren webgunea eta sare sozialak bisitatu daitezke.
Euskal Sup Race Zirkuitua. Egutegia:
Ekainak 5-6-7: Hondarribia (HS2 Kluba)
Ekainak 12-13-14: Bilbo (Bwaters Kirol Taldea)
Uztailak 4: Zarautz (Zarauzko Surf Elkartea)
Abuztuak 1: Deba (Zurrunbilo Surf Taldea)
Abuztuak 9: Mundaka (Mundaka Surf Taldea)
Irailak 26: Gorliz (Goazen Up Kirol Elkartea)