Ostiralean iritsiko da Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Aiara

Urola Kostako Hitza 2015eko apirilaren 9a

2008an Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Aiatik igaro zen. (Egilea: Onintza Lete Arrieta)

Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia pil-pilean da eta ostiral arratsaldean iritsiko da Euskal Herriko txirrindularitzaren jai handia Aiara. Eibar-Aia etapa jokatuko da bihar, 155 kilometrokoa. Txirrindulariak 13:30an irtengo dira Eibartik eta 14:15ak inguruan sartuko dira eskualdean, Itziar Gaina jaitsita Arroa Behea zeharkatu eta Zumaia alderuntz abiatuko baitira; dena dela ez dira zuzenean Aiara joango. 134 kilometro gehiago izango dituzte aurretik Gipuzkoan barrena eta txirrindulariak 17:00ak inguruan Aiara iristea aurrikusi dute antolatzaileek.

Larunbatean, berriz, Aia-Aia erlojuaren aurkako proba jokatuko da. Aiako plazan hasi eta herriko osasun zentroaren aurrean amaituko dena. 18,3 kilometro izango dituzte txirrindulariak aurretik. Lehen txirrindularia 14:55ean irtengo da eta azkena 16:44ean. Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko antolakuntzak zehaztu duenez, 15 minutu inguru beharko dituzte parte-hartzaileek ibilbidea osatzeko.

Giro ederra espero da

Herrigunean giro ederra eta jendetza biltzea espero dute antolatzaileek, baina kaskora ibilgailu pribatuz iristerik ez dela posible izango gogorarazi dute. Dena dela, Andatza auzoan aparkalekua egokituko dute, eta bertatik autobus lanzaderak jarriko dituzte herrigunera. Gainera, lineako autobusa ere martxan izango da.

Euskal Herriko Itzuliko bi etapa Aian jokatu daitezen lanean aritu diren boluntarioen erronka lekua izan da. Lasterketaren xehetasunak Euskal Herriko Itzuliko antolakuntzak zehazten baditu ere, etapa jokatu den herriaren ardura da logistika. Hasieratik aiarren asmoa txirrindularitzaren festa herrigunean ospatzea izan da, baina horretarako hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte. Izan ere, Aiako herrigunea espazio aldetik nahiko mugatua da eta maila horretako kirol probak toki asko eskatzen du. Denera goi mailako 19 txirrindulari talde bilduko dira Aian bi egunetan, eta horietako bakoitzak autobus bat eta hiru auto eramango ditu. Eremu zabalak dituzten herrientzat aparkalekua ez da arazoa izaten, baina aiarrei nahikoa buruhauste eragin dizkie.

Aparkalekuez gain, beste hainbat gune egokitu behar izan dituzte lasterketarako: epaileek, taldeek, dopinaren aurkako probak, publizitateak, pertsona garrantzitsuek, osasun zerbitzuek eta beste hainbatek beren gunea izan behar baitute.

Oztopoak gaindituta, Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia hartzeko dena prest dute Aian. Atzera kontaketa hasi da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide