Xiomara Galvis (AEK-ko ikasle ohia)
Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
Duela bederatzi urte iritsi nintzen Azkoitira, Kolonbia jaioterritik. Nire bikotekidea hemengoa da, eta lana lortu nuen. Azkoitia herri euskalduna da, eta segituan konturatu nintzen behar-beharrezkoa zela niretzat euskara ikastea.
Horregatik Azkoitiko euskaltegira jotzea erabaki zenuen.
Hori da. AEK-ra jo nuen hutsetik euskara ikasten hasteko. Hasieran kostatu zitzaidan hastea, taldea osatzeko arazoak izan genituelako, baina behin ikasten hasi nintzenean martxa hartu, eta euskara ikasten eman ditut bost urte.
Hutsetik hasi zinen euskara ikasten, hortaz?
Bai, hori da. Prozesua luzea izan da, esan bezala, bost urte eman baititut AEK-n. Pasa den urtea izan zen niretzat azken ikasturtea, eta, orain mintzalagunen ibiltzen naiz.
Zer da gehien kostatu zaizuna?
Egia esateko, euskara ikasten ari nintzela izan nituen nire beheraldiak, lanarekin bateratzea ez baita erraza, eta hizkuntza bera ere ikasteko zaila delako. Baina azkenean, neuri behintzat, gelakideekin egoteko gogoak eta klasean genuen giroak berak ematen zidan aurrera egiteko indarra. Azkenean, familia bat osatzen da, eta hizkuntza bat baino gehiago ematen dizu euskaltegiak. Guk, klasera joateaz gain, pintxo potera joaten ginen, edo ibilaldiak egiten genituen. Zerbait gehiago da.
Zer eman dizu euskara jakiteak?
Euskal Herrian bizitzeko oinarriak eman dizkit. Herrian integratzeko eta azkoitiar sentitzeko ere balio izan dit, eta, noski, jende pilo bat ezagutzeko aukera izan dut bidean.
Euskaraz oso ondo hitz egiten duzu. Jada lortu duzu aurrez pentsatu gabe hitz egitea?
Oraindik asko falta zait hobetzeko, eta nire asmoa ikasten jarraitzea da, baina egia da dagoeneko hitzak pentsatu gabe ateratzen zaizkidala. Euskaraz amestu nuen aurreneko aldian konturatu nintzen aurrerapauso handia eman nuela, eta asko hunkitu nintzen.
Euskaraz hitz egiteak herrian bertakotzeko balio izango zizun, ezta?
Bai, dudarik gabe. Niri aurrena gaztelaniaz hitz egiten hasten zitzaizkidan batzuk, eta, nik esaten nien niri euskaraz hitz egiteko. Orain badakite nik euskaraz hitz eginten dudala.
Zein da zuretzat euskara ikasteko beharrezko giltza?
Dudarik gabe, gogoa izatea da behar-beharrezko baldintza, oinarrizko baldintza. Nik izan ditut nire gorabeherak, baina ikasteko gogoari esker ikasi dut.
Herriko hizkera erabiltzen ere ikasi duzu.
Liburuekin euskara batua ikasten dugu, baina gero kalean ez du horrela hitz egiten jendeak. Nik lagunei herriko hitzak ere galdetzen dizkiek, gero neuk ere erabiltzeko. Hala ere, hitanoa da gehien kostatzen zaidana. Azkoitian asko erabiltzen da gainera, eta, mintzalagun taldeko kideekin praktikatzen ahalegintzen naiz.
Zenbatean behin elkartzen zarete?
Gu, orain, hiru gaude taldean, bi euskaldun zahar eta, ni, euskaldun berria. Ez dugu elkar ikusteko egun zehatzik, ezta zeregin finkorik ere. Astean behin edo bitan elkartzen gara eta, batzuetan, kafe bat hartzera joaten gara edo paseatzera, gogoaren arabera.
Zer esango zenioke euskara ikastea pentsatzen ari diren herritarrei?
Dudarik gabe, merezi duela. Bertako hizkuntza delako, eta, aldi berean, galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza delako. Ate asko irekitzen dizkizu, eta jende asko ezagutzen duzu bidean. Eta, nola ez, poztasuna ere ikaragarria da.
Gustura bizi al zara Azkoitian?
Bai, ni oso gustura bizi naiz hemen. Jende pila bat ezagutu dut, eta bertakoa sentitzen naiz.