2015eko otsailaren 12ko Urola Kostako HITZA-ko zenbakian, Iritzia sailean, Maider Leunda Iruretagoiena zarauztarrak hitzaldi batera haurrarekin joateagatik gertatu zitzaiona azalduz idatzitako iritzi artikuluari erantzuteko idatzi dut gutun hau:
Maider andere agurgarria, gogoratzen dut nola ikusten nuen, txikia nintzela, baserriko eskatzean, oilo loka; kopoia azpian eta kopoia gainean, arrautzen gainean, haiek epel mantentzeagatik eguna joan eta eguna etorri, jaiki gabe. Halako batean txitak arrautzetatik irteten hasten zirenean, dozena inguru txita jostari amarengandik ihesi ibiltzen ziren.
Hala ere, ez dakit zer demontregatik, nahiz eta arraroa izan, noizbait gertatu izan zen txita bakarra jaiotzea, eta bere atzetik zebilen oilo ama, babestu nahirik, hegoak zabalik, eta gure amonak honela esaten zuen: «Jainkoak eman diezaigula tamaina, txita bakarra eta hura zaindu ezinik».
Gure amona filosofoak esandakoa atzekoz aurrera ulertu ez dezazun, pista bat emango dizut. Copernico astrologoak hamaseigarren mendean ziurtatu zuen ortziko izarrak ez zebiltzatela munduari bueltaka, baizik eta mundua zebilela eguzkiari bueltaka, eta gaur ere halaxe jarraitzen du.
Xabier Iribar. Zarautz.