Alaine Agirre idazle bermeotarrak irabazi du XXXIII. Lizardi Saria, Hau ez da zoo bat! lanarekin. Hamazazpi liburu aurkeztu dituzte aurten lehiaketara, eta Agirrerena aukeratu dute epaileek, hau da, Jesus Mari Olaizola Txiliku-k, Miren Agur Meabek, Iñaki Frierak eta Ramon Olasagasti iazko Lizardi Sariaren irabazleak.
Urtero legez, Zarauzko Udalak 2.500 ale argitaratuko ditu, herriko eskoletako ikasleei banatzeko. Horrez gain, 3.700 euroko saria irabazi du Agirrek. Sari banaketa apirilean egingo dute, eta ekitaldiko egun berean plazaratuko dute argitalpena.
Hau ez da zoo bat! lanean, etxean animalia bat eduki nahi duen haurrak hitz egiten dio irakurleari, eta hura erdiesteko estrategiak kontatzen ditu protagonistak. Esteka honetan irakurgai dago liburu horren lehen atala.
Alaine Agirrek 24 urte ditu, eta dagoeneko lau liburu argitaratu ditu Elkar argitaletxearekin; hiru liburu haurrentzat eta bat helduentzat. Honakoa da haren bibliografia:
2013: Nire poxpolina maitea. Elkar.
2014: Odol mamituak. Elkar.
2014: Nora joan da aitona?. Elkar.
2014: Letra txarra daukat, eta zer?. Elkar.