"Al-Anonek bizia ematen digu"

Nerea Uranga 2015eko urtarrilaren 22a

"Niretzako irtenbide bat izan da Al-Anon. Aurretik, bizitzari zentzurik ez nion aurkitzen, adorerik gabe sentitzen nintzen. Senideetako bat alkoholikoa izan, eta egunerokoa eramanezina egiten zitzaidan", esan du Al-Anon taldeko Ixabelek.

Beste herritar askorentzako ere irtenbidea izan daitekeelako,  hitzaldi bat antolatu dute taldearen zereginen eta helburuen berri emateko, alhokolikoen senide eta lagun direnak biltzen dituen taldekoek. Urtarrilaren 30ean egingo dute, 19:00etan, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean.

Anonimoa eta librea

Al-Anon taldea alkoholikoen lagunek eta familiartekoek osatzen dute. Astean behin bildu, eta elkarren esperientziez jarduten dute. Gaur egun Gipuzkoan 15 talde daude martxan, horietatik hiru Urola Kostan: Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian.

Taldean biltzen direnen izen-abizenak eta bertan esan eta bizi dutena isilpean gordetzen dute. «Taldekideen anonimotasuna gordetzea ezinbestekoa da Al-Anonen, baita taldean kontatzen diren bizipenen kasuan ere. Horregatik, taldera datozenen izen-abizenik ez da jasotzen inon. Asteroko bileretara etortzea ere libre izaten da, derrigorra ez da», azaldu dute Urola Kostako Hitzarekin bildu diren Al-Anoneko bi kidek. «Anonimotasun horrek babes bat ematen digu bai taldera goazenoi, bai gure ingurukoei: gertuko alkoholiko horri, seme-alabei nahiz gurasoei. Gure etxean zer gertatzen den askotan gure ingurukoek ez dakite, eta ez dute ezagutzen».

Ixabel da Al-Anoneko taldera joaten den bat, eta taldera joateak bere bizipenak kontatzeko askatasuna eman dio: «Hitz egiteko konfiantza ematen dit taldeak, eta bakarrik ez nagoela ikusi dut. Badaude pertsona batzuk nire egunerokoa ulertzen dutenak, beraiek ere antzeko bizipenak edo esperientziak dituztelako».

Askatasuna oinarri

Al-Anonen inor ez dute behartzen jokabide bat edo beste hartzera: «Guk geuk nola jokatu izan dugun kontatzen dugu, eta elkarri lagundu eta ulertzen saiatzen gara. Baina, inoiz ez diogu esaten elkarri zer egin behar dugun, hori norberaren erabakia da».

Etxean edo gertu duten alkoholiko horrekin elkarbizitzen ikasten da Al-Anonen, Ixabelen iritziz: «Askotan, etxekoa mozkortuta datorrenean geure onetik ateratzen gara, eta egoerak okerrera egiten du. Egoera konpondu baino, okertu egiten dugu. Baina, kasu horretan, guk beste era batera jokatzen ikasiz gero, etxeko egoera konponbidean jar dezakegu». Hori horrela dela Al-Anoneko bileratara joanaz ikasi duela dio.

Gaixoaren ondoan gaixotuta

Alkoholiko gaixoaren inguruan bizi diren denek jasaten dituzte ondorioak: «Gaixoaren portaeraren aurrean jokaera okerrak hartzen dira, edo maiz, egoera horren errudun sentitzen gara gertukoak. Azkenean, gaixo alkoholikoarekin bizi garenok ere gaixotu egiten gara».

Ordea, gertukoen jarrera aldaketak gaixo alkoholikoarena ere aldatu dezakeela diote Al-Anonekoek: «Gu indartsu eta jarrera tinkoarekin baldin bagaude, gure ondokoa ere ohartu egingo da horretaz. Baina, gu errudun sentitzen garela ikusiz gero, bera gaizki eta gu ere gaizki egongo gara. Zirkulua gero eta itxiagoa egiten da, eta isolamendura eramaten gaitu». Baina, Al-Anonen ikasi dute egoera txar horri guztiari aurre nola egin: «Babesa aurkitu dugu bertan».

«Al-Anonera lotsatuta, beldurtuta eta pertsona ez zarela zoaz, eta han beldurra eta lotsa galtzen ikasten da. Nor bere burua ezagutzen hasi eta indarrak hartzen dira. Al-Anonek bizia ematen du, eman digu», dio Al-Anoneko Azpeitiko taldeko bigarren kideak.

Indarra ere hartu dute gaixo alkoholikoaren ondoan edo gertu bizitzeak dakarren egunerokoan erabakiak hartzeko. «Erabakiak hartzeko adorea hartu dugu, eta geure burua baloratzen ikasi dugu».

Al-Anon taldeak Urola Kostan

Urola Kosta eskualdean Al-Anoneko hiru talde daude martxan. Honakoak dira:

- Azpeitia. Izarraitz Al-Anon taldea. Baigerako hirugarren solairuan biltzen dira, astelehenero, 20:15ean.

- Zarautz. Antzeta Al-Anon taldea. Langako 16, behean biltzen dira, asteartero, 20:00etatik aurrera.

- Zumaia. Zumaia Al-Anon taldea, San Pedro 8an biltzen dira, asteazkenetan 20:00etan eta larunbatetan 19:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide