Saretzen

Alokairurako joera hedatzen, eta garestitzen

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 31a, 07:59

Getaria. (Guka)

Urola Kostan etxebizitza alokairuan duten familien ehunekoa hazi egin da azken hamar urteotan, %10etik %14ra. Alokairuan bizitzeko joera Getarian dago hedatuen, eta hazkundetik handiena ere han izan du: 2013an familien %10 alokairuan bizi ziren; 2023an, berriz, %17. Baina alokairurako etxebizitzen eskaintza oso urria da eskualdean, eta alokairu errentak geroz eta garestiagoak.

Hamar urteko datuei erreparatuta, etxebizitzen edukitze erregimenean joera aldaketa antzeman daiteke, nahiz eta oraindik ez izan berezibizikoa. Urola Kostako familia gehienek etxebizitza jabetzan zuten duela hamar urte (%86), eta orain ere hala dute (%82), baina ehunekoak murriztera egin du, eta gainera, orokorra da joera.

Kontrara, etxebizitza alokairuan duten familien ehunekoa hazi egin da, %10etik %14ra. Alokairuan bizitzeko joera Getarian dago hedatuen, eta azken hamar urteotan ere han izan du hazkunderik handiena. 2013an familien %10 alokairuan bizi ziren; 2023an, berriz, %17. Aizarnazabalen ere hamar urtean Getarian adinako hazkundea izan du alokairuan bizi diren familien kopuruak, zazpi puntukoa hain zuzen, baina han txikiagoa da ehunekoa; 2013an familien %6 ziren, eta 2023an ,%13. Getariaren atzetik, Orio da etxebizitza alokairuan izateko joera hedatuen dagoen herria. Han, familien %16 alokairuan bizi dira, baina duela hamar urte dagoeneko %12 ziren; hortaz, txikiagoa izan da azken hamarkadako hazkundea. Zarautzen sendien %15 bizi dira alokatutako etxebizitza batean, duela hamar urte bizi ziren %11 haiek baino gehixeago. Gainontzeko herrietan, eskualdeko batez bestekoa baino txikixeagoa da alokairuan bizi diren familien ehunekoa.

Urola Kostan ez ezik, Gipuzkoako gainontzeko eskualde guztietan eta Hego Euskal Herriko eskualde gehienetan ere joera bera nagusitu da azken hamar urteotan; alegia, murriztera egin du etxebizitza jabetzan duten familien kopuruak eta, aldiz, haztera egin du alokairuan bizi diren familienak.

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide