Zarauzko Kirol Sariak

«Ia seguru esango nuke nire azken urtea dela Athleticen eta futbolean»

Aritz Mutiozabal 2017ko ots. 2a, 09:00

Maite Lizaso futbol jokalaria (Aritz Mutiozabal).

Guztira, 21 urte daramatza futbolean lehiatzen Maite Lizaso, azkeneko hiru denboraldiak Athletic taldearekin. Iaz Superliga irabazi zuten, bere estreinako titulua, eta horri esker, aurten Txapeldunen Liga jokatu dute.

Ez zuen saririk espero Athleticeko futbolari Maite Lizasok (Zarautz, 1983), eta pozarren jasoko Zarauzko Kirolari Onenaren saria ostiral honetan; Modelo aretoan izango da, 19:00etan hasita. Bi hamarkadako ibilbidearen ondoren, merezitako aitortza dela iritzi dio.

Aurreko denboraldian Superliga irabazi zenuen. Bazen garaia garaipena lortzeko, ezta?
Bai, hala da. Horrenbeste urte futbolean aritu ondoren, bazen garaia. Realetik Athleticera joan nintzen, hain justu ere, zerbait irabazteko helburuarekin. Athleticen nire bigarren urtea egin nuenean irabazi genuen.

Realarekin ere tituluak irabazteko zorian izan zinen.
Erreginaren Kopako finalerdietara iritsi ginen arren, galdu egin genuen Bartzelonaren aurka. Hala ere, aitortu behar dut Realarekin momentu onak bizi izan nituela, baina banekien zerbait irabazi nahi banuen Athleticera jo behar nuela.

Nahiz eta eroso egon Donostian eta taldeko kapitaina izan?
Azken finean, Reala Gipuzkoako taldea da, guztion taldea, baina zerbait gehiago behar nuen futbola utzi baino lehenago, eta azkenean lortu dut.

Eta lorpen horri esker, Txapeldunen Ligan lehiatzeko aukera izan duzu.
Esperientzia ikaragarria izan da. Oso polita, benetan. San Mamesen jokatzeko aukera izan genuen, 10.000 ikusleren aurrean. Era berean, pixka bat krudela izan zen, kanporatuak izan ginelako: prorrogako azken minutuan garaitu gintuen Danimarkako Fortuna taldeak. Nolanahi ere, futbola horrelakoa da. Azken finean, Txapeldunen Ligan jokatu ahal izan dut, eta horrekin geratzen naiz.

Lehen kanporaketa ezin izan zenuten gainditu. Agian, zerbait gehiago egitea espero zenuten taldean?
Bagenekien zaila izango zela. Halere, elkarren aurka jokatu genituen bi neurketetan erakutsi genuen haiek baino gehiago ginela teknikoki. Fisikoki, aldiz, ez; Europako edozein talde gu baino indartsuagoa da. Nik uste dut baloiarekin aurkaria baino gehiago izan ginela.

Zuretzat lehena bazen ere, Athleticek aurretik ere irabazita zuen Superliga.
Bai, lau zituen aurretik irabazita, baina uste dut duela 9 urte lortu zuela aurrekoa.

Gizonezkoek ez dute irabazten, emakumezkoek,ordea, bai.
Urtetik urtera emakumezkoen futbola goraka doa. Edonola ere, oraindik lanean jarraitu beharra dago. Berdintasun batera iristeko asko falta da.

Une honetan, 5. postuan zaudete sailkapenean. Iazko balentria berrestetik urrun.
Liga irabaztea ez dut esango ezinezkoa denik, matematikoki oraindik posible delako, baina oso zaila jarri zaigu. Uste dut hamaika puntutara ditugula Atletico Madril eta Bartzelona. Egia esan, ez dakit ziur gugandik zenbatera dauden zehatz-mehatz. Gu partidaz partida goaz, eta zenbat eta gorago geratu, orduan  eta hobe.

Aurtengo denboraldia gogorragoa izaten ari al da?
Lesio asko izan ditugu, eta horrek asko murriztu du taldea. Orain jokalari guztiak osatu dira, eta pixkanaka-pixkanaka gero eta hobeto ari gara.

Iaz urtebeterako berritu zenuen kontratua Athleticekin. Aurtengo urtea izango al duzu azkena Athleticen? Azken urtea al du­zu futbolean?
Ehuneko ehunean ezingo nuke baieztatu, baina ia seguru  esango nuke nire azken urtea izango dela, bai Athleticen bai futbolean. Nik uste dut baietz... Urte asko dira, 33 urte ditut eta lesio asko jasan ditut, eta iruditzen zait azken urtea izango dela hau.

Superliga jada irabazita, asetuta bukatuko zenuke?
Ez zait iruditzen inoiz ere asetuko naizenik futbolarekin. Oso gustuko dut, eta betidanik jokatu dut, baina bukaera batek egon behar du, eta nire momentua iritsi dela uste dut.

Jokatzeari utzi arren, futboletik bideratu nahiko al zenuke zure bizitza?
Egia esan, ez dut gehiegi pentsatu zer egingo dudan egun hori iristen denean. Futbola uzten dudanean, lasai egon nahiko nuke bolada batez, eta gero ikusi  dut nondik bideratu nire bizitza.

Nola gustatuko litzaizuke urtea bukatzea?
Liga irabaztea oso zaila izango dugu, baina Erreginaren Kopa hor dago, maiatzean jokatuko dena. Kopa irabazita bukatzea perfektua izango litzateke.

Urteko kirolari onenaren saria jasoko duzu, baina ibilbide oso baten aitortza gisa ere izango da, ezta?
Iaz lortutakoak sekulako meritua du, zalantzarik gabe. Edonola ere, urte pila bat daramat futbolean jokatzen: zortzi urtez Zarautzen, beste hamar Realean eta aurtengoa hirugarren urtea dut Athleticen. Azkenean, 21 urte dira, eta merezitako saria dela uste dut. Baina nik bezala, emakume ugari daude kirola egiten dutenak eta sari hau merezi dutenak.

Emakumeen futbolak harrobi oparoa izan du Zarautzen. Goi mailako futbolariak eman ditu. Zein izan da horren giltzarria?
Agustin Mujika Belmonte eta Sebas Martija entrenatzaileek indar handia eman zioten emakumezkoen futbolari. Beraiei esker atera gara Bartzelonan aritutako Laura Gomez, egun Paris Saint-Germain taldean jokatzen duen Irene Paredes, Oiartzunen jokatzen duten Marina Agoues eta Ainara Manterola eta ni neu. Asko eskertu behar diegu bi entrenatzaileei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide