Memoriaren Eguna, azaroak 10, ospatzeko herrian izandako bi ekitaldien aurrean Zarauzko Eusko Alkartasunatikgure ikuspuntua eta jarrera azaldu nahi dugu.
Gure alderdia bere sorreratik indarkeriak eragindako biktima guztien alboan izan ohi da, bai ETA, GAL, CCAA, BVE-k eragindakoak, bai Estatuaren indarkeri eta gerra zikinak eragindakoak, bai “salbuespeneko neurri legalek” eragindako biktimen alboan.
Euskal Herriak bizi duen sufrimendu egoera honen parte gara guztiok eta horren baitan guztioi dagokigun autokritika zintzoa egin beharra daukagu. Iraganean gertatutakoa ahaztu gabe, aurrera begira pausoak emateko garaia da, Zarautzen ere bai.
2007an, Arrosategi parkean terrorismoaren biktimak gogoan izateko lehen ekitaldiko egunetik gure parte hartzea aktiboa eta konprometitua izan da gune honetan. Garai gogorrak ziren eta mota guztietako indarkeriaren jardunak biktima ugari uzten ari zen une hartan, gure konpromisoa biktima guztiekin garbia zen orduan ere.
2011. urtean, Arrosategi parkeko “izpirituak” garapen bat jasan zuen, orduko alderdi politiko guztiek babesturik (ezker abertzalea egoera injustu baten ondorioz legeztatugabe zegoen), terrorismoko biktimak gogoan izaten zuen ekitaldi batetik biktima guztiak kontuan izango zituen ekitaldi batean bihurtzea erabaki zen.
2011. urtetik, EA-ren eskaera izan da biktima guztiak jaso behar dituen “eszenatokiak” helburu horretarako egokitua izan behar duela, bertaratzen diren herritar guztiak eroso senti daitezen. Aipatutako urtetik biktima guztiak gogora ekartzeko hautua egin izan bazen ere, Arrosategi parkeko “eszenatokian” gaur egun mantentzen den oroigarri plakak ez du biktima guztiak gogoratuko dituen izpirituarekin bat egiten, eta biktima mota batzuk ditu gogoan soilik, plakak dioena honakoa baita: “Terrorismoaren Biktimen Oroimenez. Askatasuna, Justizia eta Bakea”. Nahiz eta plakaren testua biktima guztiak jasoko dituen testu batera egokitzea eskatu, ez da adostasunik lortu.
Aurtengo azaroaren 10ean, udalak lehen aldiz udaletxe aurrean Memoriaren Eguna ospatzeko deialdi bakarra luzatu du, eta Eusko Alkartasunaren ordezkaritza bertan izan da. Esanguratsua da Arrosategi parkean “biktima guztien oroimena” egiteko deialdia Udal Gobernuak egitea eta ez udalak.
Zer dela eta aldaketa hori?
EAJko ordezkariek Bizikidetza eta Giza Eskubide Batzordean aitortu dute, gaur egun Arrosategi parkea irudikatua dagoen moduan, ez dituela Eusko Jaurlaritzatik eta Gogoratik bultzatzen diren oinarriak jasotzen.
Zergatik, Munoa plazan, Gogora karparen ekitaldian, Aintzane Ezenarro buru, Zarauzko alderdi politiko guztiak elkar izateko aukera izan zuten eta Arrosategian ez? Zein da aldea?
Zarautzen, Bizikidetza politikak bultzatzeko garaian eta aurrerapausoak emateko orduan, EAJ bere gobernu kidearen baldintzen menpe dago. Horrek azaltzen du Arrosategiko parkeko deialdia Udal Gobernuaren izenean egin izana, eta ez udalaren izenean. Izan ere, EAJk ez du ausardiarik izan zarauztar guztiak leku eta deialdi bakar batean bilduko gintuen deialdia egiteko, eta amore eman die PSE-EEk exijitutako baldintzei.
Eusko Alkartasunak, iraganean egin duen moduan, orain eta etorkizunean, biolentziarik gabeko eta gizarte baketsu baten sinismen irmoa duelako, biktima guztien ondoan izango da, giza eskubide urraketa guztiak salatuz.