Bizi-Baldintzen aldeko borrokak: Gose eta ukazio urteak

Erabiltzailearen aurpegia Pello Iruretagoiena 2025ko api. 1a, 10:27

Espainiako Gerran (1936-39) faxisten garaipenak aro iluna ekarri zuen gurera. Estatu Faxistak langile mugimendua zein nazio zapalduen eskubide kultural eta politikoak erabat suntsitzea izan zituen helburu nagusienetarikoak. Gerra bukatu ondorengo urteetan, 1943. urtera arte batez ere, herritarrak masiboki exektutatzen eta kartzelak hamarnaka mila presorekin betetzen jarraitu zuten. Faxisten orden berriak erbestera edota klandestinitatera behartu zituen klase-borroka eta nazio zapalduen autodeterminazioa aldarrikatzen zituzten antolakunde politiko eta sindikaletako militanteak. Enpresetako Negoziazio Kolektiboa eta grebak debekatuta, falangisten sindikatu bertikala arduratuko zen gobernu faxistak ezartzen zituen lege eta aginduak beteko zirela bermatzeaz, bai eta langile-mugimendu independenteri antolatzeko zailtasunak ipintzeaz. Gerraosteko lehenengo hamarkada horren amaiera aldera baina, bizi-baldintzen aldeko borroken lehenengo zantzuak agertzen hasi ziren, 60 eta 70eko hamarkadetako borroken aurrekari izango zirenak. Beraz, dena ez zen ordena eta bake-soziala izan urte horietan.

Bigarren Mundu Gerra amaierak Gerra Hotzaren aldiari emango dio segida eta horrek Espainiar Estatu faxistari nazioarte mailako isolamendutik ateratzeko aukera. Frankoren aurkako oposizioari, aldiz, diktadura garaitzeko zuten itxaropena zapuztu zitzaion, izan ere, Frankoren erregimenak Estatu Batuetako eta Europako burgesiari interesatzen zitzaion merkantzia baliagarri bat zeukan: antikomunismo sutsua.

Garai horretan gertatzen da estatu mailako lehenengo greba orokor esanguratsua, Bilbo Handiaren aldirietan. Oinarrizko elikaduren inflazioak -arrazionamendu eta merkatu beltzaren garaiak ziren- eta soldaten izozteak bizi-irautea bera eguneroko borroka bilakatzen zuen. Testuinguru horretan eta 1947ko Maiatzaren Lehenean, Erresistentziaren Batzorde Kontseiluak eta CNT-UGT-ELA sindikatuek deitutako grebak arrakasta izan zuen, 50.000 langile inguruk parte hartu baitzuten lanuztetan egun horietan, diktadura ezarri zenetik estrainakoz maila horretan. Errepresioaren mehatxua gainean izan arren, era antolatu batean azaleratu zen protesta proletariotzaren miseriazko bizi-baldintzak eta erregimen totalitarioa salatzeko.

Lau urte beranduago antzeko arrazoiak medio, 1951ko udaberrian, 1947ko greba txiki utziko zuen lanuzteak eta mobilizazioak egin ziren estatu espainiarraren hainbat lekutan. Gatazkak Bartzelonan egin zuen eztanda otsailaren 23an, tranbiaren prezioa ia %40a igo zenean. Tranbiako erabiltzailei boikota egitera deitu zieten hasieran eta martxoaren 12an 300.000 langilek Greba Orokorraren deialdiari erantzun zioten. Egun horietan, Euskal Herrian ere Bartzelonako istiluak azaltzen zituzten oktabilak zabaldu ziren elkartasuna aldarrikatuz, eta, apirilaren 2an, Azkoitian herria gerarazi zuten. Hilaren erdialdera eta sinatu gabeko oktabilen bitartez, apirilaren 23 eta 24ko grebara deitzen ziren Bizkaiako eta Gipuzkoako langileak, besteren artean soldaten %50eko igoera eta merkantzien gaineko prezioen kontrola eskatuz.

Egun horretan 200.000 langile baino gehiagok egin zuten greba eta lanuztea %90 ingurukoa izan zen Gipuzkoan. Apirilaren 23ko gauetik 24ko goizaldera bitartean etorri zen erregimenaren indar errepresiboen erantzuna: 2.000 langiletik gora atxilotu zituzten Gipuzkoan, eta horietatik 21 Zarautzen. Horren aurrean beste greba egun bat deitu eta herria zeharo gelditu zen atxilotuak askatzeko eskatuz, larunbatean askatu zituzten Martuteneko kartzelatik. Protesta horiek Gasteizen eta Iruñean ere jarraipena izan zuten.

Gaur egun, gerraosteko mendebaldearen ongizate estatuaren “30 urte loriatsuak” aspaldi pasata, aterabide garbirik gabeko krisi betean dago kapitalismoa, eta proletariotzaren egoera okertuz doa egunetik egunera. Bizi-bitartekoen gaiari gagozkiola, soldatapeko lanaren eta etxebizitzaren auzia gogorren kolpatzen gaituzten alorretako bi dira, eta gure eskualdean berebiziko garrantzia hartzen dutenak, gainera.

Batetik kapitalismoaren krisiak lan-baldintzen kaxkartze orokorra ekarri du, eta are nabarmenagoa izaten ari da industria-krisiarekin, non soldata errealaren beheranzko joera, enpresen deslokalizazioa eta milaka langile kaleratzea eguneroko notizia diren. Zumaian, esate baterako, Balenciagako itxiera gertatuz gero 2008tik gaur arte Zumaia eta inguruko industria-enpresetan 1000 kaleratzetik gora kontabilizatuko lirateke.

Soldata nominalaren kontrako erasoari, gainera, bizi-bitartekoen prezioen gorakada gehitzen badiogu, soldata erreala are nabarmenago jaisten da. Gure eskualdean, etxebizitzarako sarbide erreal falta da bertakoon egoera gehien baldintzatzen duen faktoreetako bat. Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren datuei erreparatzen badiegu, azken hamarkadan %40 garestitu da etxebizitzaren prezioa Zarautzen eta %25 Zumaian. Eraikuntza enpresa handien, higiezin agentzien, instituzioen eta errentisten aliantzak luxuzko merkantzia bihurtu du etxebizitzarena eta, egiari zor, doakoa eta kalitatezkoa behar lukeena, artikulu eskuragaitz bihurtzen du langile-klaseko kideontzat.

Frankismo garai betean bizi-baldintzak babesteko borrokari ekin zieten bezala, egungo egoeraren aurrean lekukoa hartzea guri dagokigu. Enpresarien eta enparauen mehatxu eta pobretzearen aurka, badago zer eta non antolatu. Gonbitea luzatzen dizuet Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak apirilaren 5ean Donostian etxebizitzaren negozioaren aurka deitu duen manifestazioan parte hartzera.

 

*Erreferentziak: "Zarauzko postalak" (Amagoia Gurrutxaga), "La huelga de 1951..." (José Luis Díaz), "España bajo la dictadura franquista" (José Antonio Biescas, Manuel Tuñón de Lara).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide