Duela 88 urte, 1937ko otsaila eta martxoa bitartean, 400 pertsona inguru beren herrietatik kanporatuak izan ziren Zumaian, Zarautzen eta Getarian. Bereziki esanguratsua izan zen Zumaiako kasua; garai hartan 3.000 biztanle pasatxo zituen herriak, eta otsailaren 13an eta 14an 260 bat herritar herria uztera behartuak izan zirela. Kamioietan eta autobusetan eraman zituzten Ondarroara (Bizkaia), eta oinez gerra frontea pasarazi zieten Lekeitioruntz (Bizkaia), frontearen alde errepublikarrean harrera jasotzeko.
Kanporatzeko agindua frankisten gobernu militarrak eman zuen, eta errepublikarren aldera borrokatzera joandakoen zein erbestera joateko erabakia hartu zutenen senideen zerrendak osatu zituen Gipuzkoako Komandantziak, haiek herrietatik egozteko. Frankisten jarduteko moduan konstante bat izan zen errepresioa, eta erregimen totalitario berria ezarri nahi zutenek biolentzia eta izua erabiltzen zituzten kontrolpean hartutako lurraldeetan ordena mantentzeko.
Horrela, gure eskualdean gerra fronterik izan ez bazen ere, indar erreakzionario eta faxistek muturreko biolentzia erabili zuten eskualdea hartu ondorengo urteetan: 60 lagun inguru exekutatuak eta desagertuak, ehundaka kartzelaratuak eta erbesteratuak, frontean eta kartzeletan hildakoak, ehundik gora desjabetze eta isun ekonomikoak, depurazioak... eta 40 urteko diktadura. XX. mendean faxismoak Europan eduki zuen arrakasta ulertzeko, besteren artean hiru faktore garrantzitsu nabarmendu behar dira: bata, 20. hamarkadako kapitalaren akumulazio krisia, Europako proletariotzaren bizi baldintzak nabarmen okertu zituena; bestetik, Sobietar Iraultzak Europako oligarkiari sortu zion kezka; eta, hirugarrenik, mugimendu faxista masa mugimendu izatera iritsi aurretik garaitu ez izana.
Kasik ehun urte beranduago eta krisi kapitalista betean, ingurura begiratzen duenak ikusiko du faxismoa eta joera atzerakoiak halako susperraldi berri batean daudela, eta ez da kasualitatea. XX. mendean gertatu zen bezala, faxismoaren susperraldi berri hori askotariko ertzak dituen krisi betean gertatzen ari da, eta estatuak geroz eta politika autoritarioagoak martxan jartzen ari diren garaiari erantzuten dio. Ezberdintasunak ezberdintasun, baina pasa den mendekoak bezala, XXI. mendeko faxismoak eta mugimendu erreakzionarioek estatu kapitalistek nahi duten erara jarduteko kondizioak jartzea dute helburu, eta, horretarako, izua eta biolentzia erabiltzeaz aparte, politika autoritarioak areagotzeko baldintza kultural eta ideologikoak sortzen dituzte. Azken urte hauetan, sektore pobreenen seinalamendua, migranteen kriminalizazioa eta emakumeen aurkako indarkeria gezurtatzeko jarrera aktiboak izan dira faxisten ezaugarri nagusienetako hiru: balio diete langile klasea zatitzeko eta balio diete politika despotak ezartzeko, kontrol sozialaren areagotzea edota kode penalaren gogortzea kasu.
Behin garaitu gintuen faxismoari aurre egin zietenei oroimenez, ez dago beste aukerarik ezpada iraganeko esperientziak ezagutzea, horietatik irakaspenak ondorioztatzea, eta klase borrokaren gaur egungo testuingurura ekartzea. Horretan datza memoria historikoa: lehen jazotakoak presente eduki, eta memoria borrokan eraiki. Krisian dagoen eta miseria besterik ez dakarkigun kapitalismoaren aurka ari da poliki-poliki zabaltzen mugimendu sozialista berria, eta bere egiten du faxistei eta mugimendu erreakzionario orori aurre egiteko eginbeharra.
*Erreferentziak: Eneko Sanzen Zumaia 1936-1945, Ione Zuloagaren Getaria 1936-1945, Amagoia Gurrutxagaren Zarauzko postalak eta Zarauzko gutunak, Iñaki Iturainen Gerra bat barruan degula, eta Eneko Sanzen Aia 1936.