Arkamurkak udalak egindako azken lur-erosketen balorazioa egin du

Santa Barbara. (Zarauzko Udala)

Zarauzko natur elkarteak egoki ikusten ditu erosketak artelatza basoak berreskuratzeko urratsak egingo badira. Aldiz, aurka legoke eremu horiek kirol-azpiegituretarako edo etxegintzarako erabiliko balira.

Zarauzko Arkamurka Natura-Elkarteak begi onez ikusten ditu Zarauzko Udalak Garate-Santa Barbara Kontserbazioko Zona Berezia (KZB) egiten ari den lur-erosketak. Erosketa horien helburua, noski, berezko basoak sortzea da eta haietan artelatzak (arkamurka deitzen direnak Zarautzen) ugaritzea, horregatik baitu eremu horrek, Europako babesa.

Zentzu berean, Arkamurka Natura-Elkartearekin sinatu zuen Udalak 20 urterako Zaintza-kontratua Vista Alegreko parkean ere naturalizazio-plan bat garatzeko, parke hau ere Europako babesa erakuste dun KBE (Kontserbazio Bereziko Eremu) berean baitago. Duela hiru urte egin ziren ekintza zenbait zuhaitz eta landare inbaditzaile edo arrotzak kenduaz. Horrez gain, badakigu Getariako udala ere ari dela zentzu berean lanean eta artelatz-eremuko lurrak erosi nahian.

Bestalde, KBEtik kanpo natur kontserbaziorako bereganatu ditzakeen lurrak ere (zaintzan hartuz edota erosiz), ongietorri izango dira beraietan naturalizazio-planak errazagoak baitira udalaren aldetik interes hori egonik.

Lur hauen ezagutzak eta herritarren estimuak ahalbidetu behar dute politika hori, atzera egitea ekiditeko. Horregatik, herritarrei animatu nahi diegu lur publiko hauek ezagutzera joateko, bereinak bezala kontsideratu ditzaten eta ez udalarenak soilik.

Aldi berean, udaleko gobernuan ez dauden alderdikideak ere animatu nahi ditugu udalaren lorpenak bere egitera, udalkide diren aldetik, eta politika honen alde baldin badaude.

Arkamurka Elkarteak animatu nahi ditu udalok ere zentzu berean, lur publikoak lortzen eta naturalizazio prozesuan jartzen jarraitzeko bidean, lanean ari diren beste udalekin koordinazioan eta lankidetzan aritzera.

Hori bai, Arkamurka Elkarteak ez du ondo ikusten udalak nekazaritza-lurrak (edo oraindik artifizializatu gabe dauden lurrak, betelanak izan arren) erostea gero kirol-azpiegituretarako edo etxegintzarako erabiltzeko. Urte gutxi barru datorkigun panorama beltzak derrigortzen gaitu lurra zaintzera, eta dagoeneko egin dugun xahutzeari alto ematera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide