Noelia Gomez Ruiz Cuencan (Espainia) jaio zen duela 37 urte, eta zazpi urte eman ditu Zarautzen. Jaioterriaz hitz egitean, irri txikia egin du: '29 biztanle ditu herriak'.
Alde handia sumatuko zenuen hain herri txikitik Zarautzera etortzean, ezta?
Ez. Hasieran, Madrilera joan nintzen lizentziatura egitera eta, ondoren, 2012an, Bilbora, masterra egitera. Donostiatik ere pasatu nintzen eta, azkenean, Zarautzen bukatu dut; aurretik, Panaman ere eman nituen urte batzuk.
Bilbora joan baino lehen, inoiz entzun al zenuen zerbait euskaraz edo euskarari buruz?
Euskara, lehen aldiz, Finlandian entzun nuen. Hasieran, errusiera edo hungariera zela iruditu zitzaidan, baina lagunek esan zidaten euskara zela, EHUko ikasleak joan ohi zirela hara. Inoiz ez nuen entzun eta harrituta gelditu nintzen. Urtebetez izan nintzen Finlandian, ingelesa praktikatzen eta, pixkanaka, euskaldunen lagun egin ginen. Grazia ematen zidan bata zarauztarra izanda eta bestea durangarra, nolatan hitz desberdinak erabiltzen zituzten gauza berak esateko. Adibidez, Durangokoak martitzen erabiltzen zuen eta Zarauzkoak astearte. Nik galdetzen nien: "Ziur zaudete hizkuntza bera hitz egiten duzuela?".
Orduan piztu al zitzaizun gogoa euskara ulertzeko?
Ez. Hasieran, ezinezkoa egiten zitzaidan, ez nuen behar, eta ingelesa ikastearekin nahikoa nuen. Dena den, Bilbora joan nintzenean lagunak egin nituen eta beti euskaraz hitz egiten zuten. Beraz, erabaki nuen gutxieneko batzuk ikastea: kaixo, eskerrik asko... Leku berria zen eta jakin-mina piztu zitzaidan.
Orain, Zarautzen, hitz egiten al duzu?
Oro har, nire hemengo familia oso euskalduna da. Adibidez, senarrak seme-alabei euskaraz egiten die beti, Zarauzko hizkeran. Eta nik ere, integratu ahal izateko, ikasi egin behar nuela deliberatu nuen. Horretaz aparte, lanerako ere lagunduko zidala uste nuen. Liburuzaina naiz eta oso garrantzitsua iruditzen zait jendeari ulertzea eta erantzuteko gaitasuna izatea. Egia da, egun, ez didatela euskarazko hizkuntza agiririk eskatzen. Hala ere, sare publikora joango banintz, beharko nuke. Hortaz, euskaltegian ikasten hasi nintzen eta bi urtean B1 mailako agiria lortu nuen. Ondoren, ordea, haurdun gelditu nintzen eta, ez dakit hormonengatik ala zer, euskararekin nazkatu eta ikasteari utzi nion.
Alabaina, dagoeneko, adiskidetu egin zara, eta Mintzalagun egitasmoan zabiltza.
Ikasturte honetan hasi naiz eta eskoletara joatea baino lasaiagoa da. Ez daukat denbora libre askorik eta modu honetan, behintzat, ez dut maila galtzen. Astean behin elkartzen gara laukote bat eta aukera ematen dit euskarari espazio erosoa emateko. Izan ere, etxean edota bizitzan, azkarrago komunikatzen gara eta ezinezkoa egiten zait abiadura horretan euskaraz aritzea, urduri jartzen naiz, zalantzak galdetzeko ere nahiko lan...
Nabaritzen al duzu hobekuntzarik?
Bai. Oso gomendagarria da, ez dago presiorik, ez dago etxerako lanik, gramatikarik... Euskara pixka bat lasai barneratu nahi baduzu, aukera ona da. Lagunak egiten dituzu, gainera!