Intz Iriarte Kaperotxipi zarauztarra da eta 33 urte ditu. Iaz euskaltegian aritu ostean, irailean Mintzalagun egitasmoan izena eman zuen.
Nola jakin zenuen Mintzalagun egitasmoaren berri?
Bada, ez dakit ziur. Iaz AEK euskaltegian aritu nintzen eta, agian, irakasleak zerbait aipatuko zuen edo kiroldegian edo kalean ikusiko nituen afixak. Baliteke biak izatea ere.
Kartelak lehenago ikusiagatik, aurten eman duzu izena. Zergatik?
Ez neukan informazio askorik, baina iazko irakasleari galdetu nion eta hark azaldu zidan dena. Horrela, egitasmoa interesgarria iruditu zitzaidanez eta aurten arratsaldeak libreago ditudanez, izena eman nuen.
Nolako esperientzia ari da izaten?
Oso gustura nabil. Izena eman nuenean, urduri nengoen, ea zer topatuko ote nuen, baina oso talde jatorra osatu dugu. Ia astero elkartzen gara eta denok saiatzen gara hori hala izan dadin. Kafearen bueltan egiten ditugu hizketalditxoak, eta nabaritzen da ondo gaudela. Erraza egiten zaigu bildu eta euskaraz aritzea; azken batean, lagunekin kafea hartzeko gelditzea bezala da.
Lagunak irabazteaz gain, zer gehiago ari zaizu ematen Mintzalagun?
Batzuetan badugu sentsazioa edo baten batzuek esaten dute kanpotik datozenek ez dutela euskara ikasteko esfortzurik egiten. Horrekin ados egon zaitezke ala ez. Baina niri hauxe pentsarazi zidan: eta guk zer egiten dugu haiek euskarara hurbiltzeko? Egitasmo honi esker, ikusten ari naiz euskalduna ez den jendea euskara ikasteko gogoz eta borondate onenaz. Horrenbestez, Mintzalagun gure hizkuntza zabaltzeko erreminta dela uste dut. Oso polita ari da izaten.
Zeri buruz hitz egiten duzue?
Galdera hori jende askok egiten dit. Beti galdetzen didate ea gaitegirik-edo prestatuta ekartzen dudan, eta nik ezetz. Normalean astelehenetan elkartzen garenez, aurreko astean eta asteburuan gertatutakoak kontatzen dizkiogu elkarri: lan kontuak, aisialdiko planak... Ez zaizkigu gaiak falta izaten eta, isilunerik sortzen bada, beti daude gai komodinak, arinagoak. Beraz, gai batekin hasi eta beste batekin amaitzen dugu, ez daukagu ezer finkorik.
Uste duzu mintzakide dituzunak ezagutuko zenituzkeela egitasmoan parte hartuko ez bazenu?
Ez, inondik inora ere ez; nahiz eta nire adin beretsukoak diren batzuk. Aurrez ez nituen ezagutzen eta, are gehiago, jakinik, adibidez, bat Cuencakoa [Espainia] dela eta beste bat Madrilgoa, lehenengo hitza, agian, gaztelaniaz egingo nien. Badakit tristea dela, baina hala da. Eta, orain, pentsaezina egiten zait horiekin gaztelaniaz egitea.
Besteen jarduna bideratzen aritzen zara. Oztoporen bat izan duzu?
Oro har, ez. Pixka bat laguntzen diet trabatzen badira, edo itzulpena egiten diet euskarara, jakin dezaten nola esan hitzen bat. Horrelakoetan, batzuetan, ez zait momentuan bururatzen behar dugun hitz hori; baina, esan dudan bezala, arazo handirik ez dut izaten.
Eta alderantziz gertatu al da? Hau da, beraiek zuri azalpenik eman al dizute?
Bai. Esaterako, guk gaztelaniazko hitz batzuk erabiltzen ditugu eta bidelariek, hasieratik, euskaraz esaten dituzte. Ondorioz, ni ere horiek erabiltzen ari naiz.