Ikertzailea, kazetaria eta idazlea da Samara Velte (Zarautz, 1991), eta azken urteotan hainbat proiektu gauzatu ditu bere lanbideei lotuta. Esaterako, 2016an sanferminetan izandako talde bortxaketaren inguruan Nik sinesten dizut liburua kaleratu zuen 2019an, eta gai beraren inguruko ikerketa ere argitaratu zuen iaz, Violence Against Journal aldizkarian. 2023an, berriz, Euskal gatazka gazteen memorian izeneko tesia defendatu zuen. Kazetari modura hasi zuen bere ibilbidea Berria egunkarian, 19 urte besterik ez zituela, eta ikertzailea da gaur egun EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean.
2019an idatzi zenuen Nik sinesten dizut liburua, Berria-k, Argia-k eta Elkarrek elkarlanean argitaratzen duten Aleka bildumaren barruan. Urte batzuk igaro ondoren, iaz, gai beraren inguruko ikerketa kaleratu zenuen. Zer hipotesirekin ekin zenion azterketari?
Ikerketa ez zen ideia edota teoria batetik abiatua izan, baizik eta ia alderantziz izan zen. Gehiago izan zen prozesu bat deskribatzea, eta artikulu metodologiko bat dela esango nuke. Halere, banuen galdera bat abiapuntu gisa hartu nuena: "Zerk mugiarazten gaitu gertakari zehatz batzuetan eta beste batzuetan ez?". Ziurrenik, Iruñeko bortxaketan hainbat faktorek egin zuten bat, ondoren mobilizazio masibo horiek erraztu zituenak. Faktoreetako bat gai honi lotutako aurrekariak izan ziren, ez baitzen lehen aldia horrelako zerbait gertatzen zena hirian. Horretaz aparte, une horretan indarrean zeuden komunikazio sareek erraztu zuten erasoa ezagutaraztea, eta, ondorioz, mobilizazioak bultzatzea, bai instituzioen artean, bai mugimendu feministaren barruan, bai peñen artean… Hor bazegoen sare bat, eta elementu horiek momentu batean gako bihurtzen dira. Gainera, komunikabide askoren eta handien presioa zegoen atzetik, eta horrek oihartzun handia eman zion kasuari. Kontrara, narratibaren inguruko lehia ere sortu zen. Gutxi gorabehera, hori guztia aztertu nahi izan dut ikerketan, alderdi diskurtsibo batetik.
Material mordoa pilatu zenuen ikerketa horretan. Zerk harritu zintuen gehien?
2018tik daramat material hori goitik behera aztertzen, eta, egia esan, prozesuaren hasieran sorrarazi zidaten harridura hainbat gauzek. Iruñeko kasua oso paradigmatikoa da, eta kristalizatzen du edota gorpuzten du beste hainbat erasotan gertatu dena. Indarkeria matxistak mila aurpegi ditu; esaterako, baditu bere espresio fisikoa eta sinbolikoa. Kasu honetan, hori guztia oso modu nabarmenean pilatu zen gertaera bakar batean. Bortxaketa bera nola gertatu zen ikusi genuen: hau da, momentu batean bazeuden gizon batzuk erabateko boterea eta inpunitatea sentitu zituztenak, eta sentimendu hori beste pertsona baten aurrean erabili zuten. Badago, era berean, gizartearen erreakzio sorta bat, gertaera hori justifikatuz, eta baita epai bikoitz hori ere, argudio patriarkal bat zabalduz. Fase guztietan errepikatzen dira hainbat irudi, sinbolo eta hitz egiteko modu batzuk, eta horiek ez dira soilik kasu honi dagozkionak. Izan ere, beste edozein bortxaketa edo eraso matxista hartuko bagenu, ziurrenik identifikatuko genituzke horietako elementu asko. Horregatik iruditu zitzaidan gertaera oso aproposa analisi bat egiteko; hau da, ezaugarri horiek hain agerian geratzen direnean errazagoa da identifikatzea eta analizatzea, eta, ondoren, ulertzen eta aldatzen saiatzea.
Orotara, 110 kazetaritza testu bildu dituzu lana osatzeko. Zer dinamika jarraitu zenuen horiek aztertzerako orduan?
Gehienbat, foku mediatiko handiena zuten albisteak aukeratu nituen: gertakariaren ingurukoak, epaiketaren ingurukoak, epaiketaren ondoren atera zirenak… Espainiako Estatuko, Euskal Herriko eta nazioarteko testuak erabili nituen, baina, bereziki, Nafarroako komunikabideetan argitaratutako edukietan zentratu nintzen. Testu justifikatzaileak ziren batzuk, eta naturalizatzaileak beste batzuk; hau da, ikusi nahi izan nuen argitalpenetan nolako markoak eraikitzen zituzten gertatutakoaren inguruan, inplikatuta dauden pertsonak nola erretratatzen zituzten, haietaz zein ezaugarri nabarmentzen zituzten eta zein ez, noiz ematen zieten hitza eta noiz ez… Ezaugarri horiek guztiek pistak ematen dizkigute egunkari hori eraikitzen ari den diskurtsoari buruz. Komunikabideen narratibak ez dira inoiz neutroak izango, beti baitago aukeraketa bat: istorio bat eraikitzen dute, eta istorio hori eraikitzeko pertsona batzuk ikusarazten dituzte, eta beste batzuk ez hainbeste; batzuen perspektiba erakusten dute, eta beste batzuena, akaso, ez; metafora zehatz batzuk erabiltzen dituzte, eta metafora horiek konnotazio batzuk izango dituzte. Metaforen adibide oso garbi bat sanferminetako kasuan bertan ikus daiteke: La manada izena jartzea gertakariari, alegia. Manada deituko diogu bortxatzaile talde bati edo ez? Metafora hori erabiltzean bortxatzaile talde bat animalia talde batekin konparatzen ari gara, eta horrekin agian berraktibatzen ari gara gure artean badagoen topiko bat: topiko horrek dio gizonek animalia sen batekin jokatzen dutela, eta, ondorioz, ez zaiela probokatu behar. Barneratuta daukagu horrelako gauzak gertatzearen eta saihestearen ardura gurea dela.
Sanferminetako bortxaketaren kasua oso mediatikoa izan zen, eta gertatzen diren beste bortxaketa batzuek ez dute hain oihartzun handia izaten. Aurrekari bat izan al zen alerta pizteko?
Aurrekari bat izan daiteke, agian, herritar askorengan hausnarketa bat eragin zuelako, ordura arte gertatu ez zen bezala. Gainera, hain mediatikoa izanda, eztabaida beste kasu batzuetan baino jende gehiagorengana heldu zen. Horrez gain, tamalez, gertakari horrek eragin zuen talde bortxaketak ulertzeko modu berri bat: alegia, orain manadetaz hitz egiten da, pluralean, eta denok dakigu zer esan nahi duen horrek. Eraso kategoria bat sortu da, ezaugarri oso espezifikoak dituena: erasotzaile talde bat da, espazio publiko batean, normalean gazteekin lotuta doa… Hiztegi berri bat sortu da Manada-ren atzean, eta hori oso arriskutsua izan daiteke, bereizten dituelako horrelako erasoak gainerako eraso matxistetatik eta oso profil zehatz batzuekin lotzen dituelako. Horrek sor dezake begiak ixtea edota bestelako erasorik ez ikustea. Zentzu horretan, markatu du memoria kolektibo bat, onerako zein txarrerako.
Nola eragin zuten hainbeste hedabideren eta herritarren iritziek epaiketan?
Epaiketa ateak itxita egin zuten, biktimaren irudia babesteko helburuarekin, nahiz eta ondoren barruan gertatutako guztia filtratu zen. Normalean, mundu judizialaren barruan oso harro esaten dute gizartearen iritziek beraiengan eraginik ez dutela, "beraiek objektiboak eta justiziaren bermatzaileak direlako". Halere, kasu honetan nahiko agerian geratu zen hori ez zela guztiz horrela. Alde batetik, esan beharra daukat epaileak ere pertsonak direla, eta beraiek ere egoerak beraien motxila kulturaletik epaitzen dituztela. Gainera, ziurrenik, formakuntza feministarik ez duen epaile batek beti aktibatuko ditu topiko matxista gehiago epaitzeko orduan. Beste aldetik, ikusi zen kanpoko egoerek ere eragina izan zezaketela epaiketan, eta debate handia egon zen mundu judizialaren barruan. Epaileak esan zuenean ez zela bortxaketa bat gertatu, baizik eta eraso bat, emakumezko hiru epailek gutun ireki bat idatzi zuten horrekin ados ez zeudela esanez. Horrek oso garbi uzten du epaitzerakoan norberaren interpretazioak sartzen direla. Gero, gainera, mobilizazioetan eskatzen zen abusuaren kontzeptua ezabatzeko, horrek atzean zuen argumentua ez baitzen batere justua ikuspegi feminista batetik, terminoak esaten baitzuen existitu zitekeela eraso bat intimidaziorik gabe, eta hori ikuspegi feminista batetik ez zen onargarria.
Erasoa gertatu zenean, duela ia hamar urte, Berria egunkariko kazetaria zinen. Nola gogoratzen dituzu une haiek, biktimak zure adin beretsua zuela kontuan izanda?
Sanferminetan egon nintzen urte hartan, eta lehenengora joan ezin izan banuen ere, gogoan dut bigarren kontzentrazioan egon nintzela. Uste dut hor ez ginela erabat kontziente gertatu zenaz, baina jendea oso haserre, nekatuta eta nazkatuta zegoen. Sanferminetan urtero gertatzen dira horrelakoak, baina ez sanferminetan bakarrik. Kontua da Iruñean jendeak ez zuela ezikusiarena egin nahi, eta horretarako borrokatu zuela. Gainera, bortxaketa hori gertatu zen urtean erabaki zen lehen aldiz udaletxetik egunero-egunero gertatzen ziren erasoen berri ematea, eta hori sekulako aldaketa izan zen. Horrek perspektiba aldatzea dakar, hori irakurtzean pentsatzen baituzu: "Ni ondo pasatzen ari naiz, baina beste asko ez" edo "hurrengoa ni izan naiteke".
Ikerketan buru-belarri zabiltza aspalditik, eta, horren isla da, esaterako, 2023an defendatu zenuen Euskal gatazka gazteen memorian tesia. Ikertutakoaren arabera, gaur egungo gazteek ba al dute iraganeko gatazkaren berri?
Biolentziazko gatazken inguruan hitz egiteko daukagun modua aztertzea interesatzen zitzaidan niri tesi horrekin, eta ETAren hasiera eta amaiera hartu nituen denbora lerro modura. Gai horri lotutako oroitzapen pertsonalik ez duen belaunaldia daukagu aurrean, beranduago jaio zelako edo oso umea zelako. Orduan, aztertu nahi izan nuen ea belaunaldi horri zer iritsi zaion gatazka armatuaz, edo nola eraiki duten beraiek memoria kolektibo hori, kontuan izanda, belaunaldi bakoitzak bere memoria propioa eraikitzen duela. Noski dutela gazteek gatazkaren berri, oso martetarra izan beharko luke norbaitek Euskal Herrian jaiotzeko eta horren berri ezer entzun ez izateko. Izan ere, gatazka horren ondorio asko gaur egungo gizartean islatuta daude. Tabu sentsazio oso handi bat zutela sentitu nuen; hau da, elkarrizketatu nituen gazte askorengan sumatu nuen lotsa sentitzen zutela, gaiaz nahikoa ez jakitearekin lotuta zegoena. Aldi berean, galdetzeko beldurra ere badute, suposatzen delako jakin behar duten zerbaiten inguruan hitz egiten ari garela.
Belaunaldi horretako gazteek ba al dute euskal gatazkaren inguruko zamarik beraiengan?
Ez dut sumatu gertatutakoaren ondorioz ardura edo kulpa handirik sentitzen dutenik, eta sanoa iruditzen zait, ez baitut uste belaunaldi honek kulparik sentitu behar duenik. Beraien gurasoen eta aurreko belaunaldien gatazka bat bailitzan ikusten dute, eta, ondorioz, irtenbide naturalena beste alde batera begiratzea da. Baina ez da interesatzen ez zaielako, baizik eta inork ez dituelako gonbidatu eztabaida horretara, eta inork ez die esan beraien ahotsa ere interesgarria dela memoria hori eraikitzerakoan. Horregatik, normala da urruntzea. Nire ustez, hor dago erronka; izan ere, oraindik eraikitzeko ditugu narratibak. Ondorengo belaunaldi horrek jarraituko du memoria hori eraikitzen, eta horretara gonbidatzen ez baditugu benetan izango da azken belaunaldi honen memoria, gero bukatu egingo baita.
Zertan zabiltza orain?
Ikerketari dagokionez, orain arteko esparruekin jarraitu nahi dut: diskurtsoa, hizkuntza, identitatea, gatazkak… Bai gustatuko litzaidake, etorkizunera begira, ikustea nola hasi gaitezkeen euskal gatazkaren memoria hezkuntzan lantzen. Alderdi horretatik badut nire kezka, uste dudalako badagoela gabezia oso handia ikasgeletan gatazkei lotutakoak izan daitezkeen gaiak lantzeko tresnak falta direlako.