Eduki babestua

Bertatik bertara eta garaian garaikoa

Erredakzioa 2025ko eka. 7a, 13:00

Mikel Eizagirre, Gurmendi baserriko kidea.

Zarauzko Udalak eta Urkomek Bertatik bertara eta garaian garaikoa kanpaina jarri zuten martxan baratzeak urtaro bakoitzean eskaintzen dizkigun produktuak jendeak ezagutu eta kontsumitu ditzan. Udaberriaren txanda da orain. Mikel Eizagirre Gurmendi-Lurreko biziaren ekoizleak eta Nerea Ollokiegi udal teknikariak udaberriko produktuez eta jasangarritasunaz hitz egin digute. Kontsumitu ditzagun Zarauzko produktuak!

Urteta auzoan dago Gurmendi baserria eta ia Zarautz bezain zaharra da, 1564koa. Emakume baserritarrez osatutako kate luze baten azken bi katebegiak dira Mikel eta bere ama Maite. Bi belaunaldi elkarrekin ari dira, beraz, Lurreko bizia proiektu ekologikoa gauzatzen. Baratzean dago Mikel, arretaz aukeratutako barazki freskoak saskiratzen. 

Mikel Eizagirre eta Maite Jauregi - Lurreko bizia, Gurmendi baserria

Lurreko bizia. Zergatik izen hori?

Lurra jasangarritasunaren oinarri nagusia da. Lur aberats apur batek, oinarrizko gatz eta mineralez gain, milioika izaki txiki gordetzen ditu. Mikrobiologia hori bizirik eta osasuntsu mantentzea ezinbestekoa da baratzearen emankortasuna luzaroan bermatzeko. Mikrobioaniztasun horri nik lurreko bizia esaten diot, eta esango nuke gure proiektu ekologikoa ongi definitzen duela. 

Zerk bultzatu zintuen proiektu hau aurrera eramatera?

Betidanik landu izan dugu baratzea. Ni txikia nintzela, amak baratzeko lanak egiten zituen eta amonak, aldiz, azokako postuaren ardura zuen. Etxeko haurrok han eta hemen laguntzen genuen. Urteak aurrera joan ahala, amonari azoka uzteko garaia iritsi zitzaion, ordea. Egoera hartan, nire amak ezin zituen baratzeko eta azokako lanak batera egin, eta gehiago laguntzen hasi nintzaion. Handik gutxira, lanik gabe geratu nintzen eta hortxe ikusi nuen aukera. Amarekin ikasi nuenarekin eta bilatu nuen informazioa baliatuz, ondorio batera iritsi nintzen: lurra lantzeko era zentzuzkoena nekazaritza ekologikoa da. Handik gutxira negutegiak jarri eta Lurreko bizia baratze ekologikoa sortu genuen. Baratzeko arduraduna naiz: baratzea lantzen zuten emakume baserritarrez osatutako zerrenda amaigabe baten lehen gizonezkoa naiz ni. 

Zer da zuretzat jasangarritasuna?

Bizitzeko beharrezko ditugun baliagai eta baliabide oro era arduratsuan ekoiztu eta kontsumitzea, etorkizunean ere behar horiek asetzeko gaitasuna ez galtzeko. Gure kasuan, epe luzera lurra emankor eta osasuntsu mantenduko duen nekazaritza aplikatzea. 

Ingurumena aberats eta orekatu mantetzeko ezinbestekoa al da nekazaritza ekologikoa?

Nire ustez bai. Nekazaritza ekologikoak, lurreko mikrobiologia bizirik iraunarazteaz gain, ingurumenaren oreka zaintzen du, eta ez du natura produktu kimikoekin kutsatzen. Bertatik bertara eta garaian garaiko ohiko nekazaritza ere jasangarria da, noski. Baina nekazaritza ekologikoak lurra aktiboki bizirik edukitzeko gaitasun handiagoa duela uste dut. Hala ere, aitortu beharra daukat ohiko nekazaritzak osasun erregulazio zorrotza duela gaur egun eta ia ez dutela produktu kaltegarririk erabiltzen. 

Zarauzko Gurmendi baserra.

Zure amak, amonak, birramonak... egiten zuten baratze eta nekazaritza eredutik asko al dugu ikasteko?

Ikasteko baino, gogoratzeko dugu asko. Zerbait kontatuko dizut: nire aitonari nekazaritza ekologikoa landu behar nuela esan nionean, zeharo mesfidati agertu zitzaidan. Ez zen fidatzen baratzea lantzeko modu "berri" hartaz. Baina, haien garaietan lurra nola lantzen zuten galdetzen nionean, haiek egiten zutena nekazaritza ekologikoa zela ohartu ninzen: haziak gordetzen zituzten, lur-txandaketak egiten zituzten, ez zute monokultiborik, etxean ekoiztutako simaurra erabiltzen zuten, eta ingurumena kaltetzen ez zutenez, oreka ekologikoa eta mikroaniztasuna mantentzen zuten jasangarriatsuna bermatuz. Horregatik, komenigarria da denboran bi pauso atzera eman eta, tokiko teknika zaharrak oinarri hartuta, gaur egungo nekazaritza ekologikoa hobetzeko tresnak bilatzea. 

Udaberriko zein barazki maite duzu gehien?

Tipulina oso gogoko dudan arren, gehien maite dudana ilarra da. Urrian landatzen dugun ilarra oraindik oso txikia eta ahula da neguan. Etengabe zaindu beharra daukagu garai gogorra igaro ondoren udaberrian lorea eta leka ematen duen arte. Aurtengo neguan jasan behar izan ditugun haize bortitzek, adibidez, landare asko tolestu eta hautsi dizkigute. Horregatik, oso momentu ederra da guretzat loratu eta lehen lekak ematen hasten den eguna.

 

Udaberrian zer?

Letxuga, tipulina, ilarra, baba, baratxuri freskoa, patata... 

 

Nerea Ollokiegi: "Jasangarri izateko asmo duen herria da Zarautz, eta finkatutako helburuak lortzeko bidean dago"

Nerea Ollokiegi Partaidetza eta Agenda 2030eko arduradunari eginiko elkarrizketa

Garapen jasangarrirako helburuak lortzeko zer garrantzi du bertatik bertara eta garaian garaiko produktuen ekoizpen eta kontsumoak?

Zarauzko herrian, eta baita udalean ere, garapen jasangarriarekin dugun konpromisoa ez da berria. Badakigu hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren zaintzaren arteko oreka ezinbestekoa dela, eta zarauztarron itsasargia guztion ongizatea dela. Horrek lehen sektoreari ere eragiten dio. Garapen Jasangarriko Helburuen testuinguruan hainbat proiektu garatzen ari gara, besteak beste, esku artean dugun kanpaina hau: bertatik bertara eta garaian garaiko produktuen ekoizpen eta kontsumoa. 

Zarautz herri jasangarri eta orekatua al da? Nola ikusten duzu epe ertain eta luzera?

Zarauzko Udala lanean ari da etorkizunean herria jasangarriagoa eta orekatuagoa izan dadin. Udalak Zarautz 2030 Plan Estrategikoa onartu zuen eta, geroztik, urteroko jarraipena egiten da, bertan jasotako ekintzak modu egokian garatzen air direla bermatzeko eta, horrela ez balitz, beharrezko neurriak hartzeko. Garapen Jasangarriko Helburuen gauzatze-mailak argi erakusten digu herri jasangarria izateko egindako ahalegina handia dela. Hala ere, bide horretan buru-belarri jarraitu behar dugu eta, nola ez, lehen sektoreari lotuta. Arlo hori sendotzea eta garapen jasangarriko bidean suspertzea izango da erronka nagusia. 

Zein da zuretzat barazki gogokoena?

Barazkijale amorratua naizenez guztiak ditut gogoko, baina udaberriko erregea baba da, zalantzarik gabe. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide