Iraupen luzeko bigarren lana argitaratu du Arima Soulek, eta, kasu honetan, Lidia Insaustiren eta zure sinadurapean dator. Argi dago nortzuek gidatzen duzuen proiektua.
Pertsonalki, hasieratik horrela izan dela adieraziko nuke. Baina gure aurreko bi lanetan, EPan eta lehen diskoan, taldeko lau kideon izenak jarri genizkion; egia da, baina, Arima Soul 1 diskoa Lidia eta bion izenean kaleratu zela euskarri digitalean. Honako hau estudioko nire seigarren diskoa dut, eta beti kezkatu nau Makala izena agertzeak azalean. Marka bat sortzen baduzu, jendeak zure ibilbidea jarraituko du, eta beste kontu bat da Arima Soul zure abizena izatea.
Proiektua hasiera-hasieratik Lidiak eta biok sortu genuen, eta argi izan genuen gu ginela haren arima. Talde hitza ez dut erabiltzen, egitasmoa edo proiektua deitzen diot. Guretzat taldea aldakorra da, hasieratik hona hainbat kolaboratzaile izan baititugu, baina gu biok hor jarraitzen dugu. Elkarrekin sortzen ditugu musika eta hitzak, eta elkarlanean aritzen garen arren, honen guztiaren mamia eta funtsa Lidia eta biok gara. Eta hori are gehiago azpimarratu dugu Gaua diskoan.
Aurreko lanekin alderatuta, disko berriko abestiek dantzagarriagoak dirudite. Agian, soul-funk erritmo klasikoetatik urrundu eta 90eko nahiz 2000ko hamarkadetako joeretatik gertuago dago.
Proiektua sortu genuenean bi erronka genituen: soul musika egitea eta euskaraz abestea. Soula aipatzerakoan, jende gehienari generoaren abiapuntuko eta lehen urteko abestiak etortzen zaizkio burura, 60ko eta 70eko hamarkadetakoak. Egia da hasieran fokua hor jarri genuela, baina argi neukan soul musika ez dela finkatzen sasoi horietan bakarrik, baizik eta bere eboluzioa eta ibilbidea eduki du gaur egun arte. Gainera, soularekin batera, funk eta disko musika ere badago, eta hip-hoparekin talka egiten duzunean, r&b generoa agertzen da. Horrelako erritmoak eta estiloak geure buruan zeuden noizbait lantzeko, baina pandemiako urte makal haietan, dantza egitea ezinezkoa zenean, disko lasaiago bat landu genuen. Orain, ordea, dantza egin nahi dugu, eta gaua da dantzarako une magikoa.
Gaua izenburua Saturday Night Fever-ekin islatuz?
Bai, eta lotura berehala egingo dut Fundacion Tony Manero taldearekin; film horretako protagonistaren izena da Tony Manero, John Travoltak antzezten duena. Bartzelonako taldea izan zen Fundacion Tony Manero, eta taldekideak lagunak ditugu aspalditik; Adarretatik jaialdian eskaini zuten azken kontzertuetako bat, gainera. Talde hartako musikariekin eta musika zuzendari Lalo Gomezekin harreman estua dugunez, Bartzelonan grabatzeko asmoa geneukan disko hau; Nacion Funk kolektiboko jendearekin, hain zuzen ere. Baina osasun arazo batzuk izan nituenez, ezin izan genuen hara joan, eta, azkenean, Zarautzen bertan grabatu genuen udan, Iosu Gonzalezen Noisetudioan, Lalo Lopezen gidaritzapean.
Nahasketak Bartzelonan egin zenituzten, eta masterizatzen luxuzko teknikari batekin aritu zarete, Jon Cafferyrekin. Besteak beste, Joy Division eta Jingo de Lunch taldeekin lanean aritutakoa da.
Nik ez nuen ezagutzen Caffery. Bartzelonako lagunek gomendatu zidaten harengana jotzea, nonbait hark masterizatu zien Fundacion Tony Maneroren Looking for la fiesta disko arrakastatsua. Merezi zuela esan zidaten, oso fina zelako bere lanean, eta animatu egin ginen. Bere curriculuma ikusi nuenean, zur eta lur geratu nintzen: Joy Division taldearen hasieretako soinu ingeniaria izan zen, eta sekulako bitxikeria iruditu zitzaidan. Nolanahi ere, lau mila talderekin egin du lan bere ibilbidean, genero eta estilo guztietakoekin, eta azpimarratze aldera, esan behar dut Alemanian oso ospetsua den Die Toten Hosen taldeko teknikaria dela.
Disko berria Madrilgo Subterfuge zigiluarekin kaleratu duzue, Espainiako diskoetxe alternatibo gorenetako batekin. Nola sortu da aukera?
Bizitza kasualitatez beterik dago, eta hau horietako bat izan da. Iazko udan Lidia eta biok San Frantzisko kaletik gindoazela, Frontoi Txiki inguruan, lagun uruguaitar batek adiskide bat aurkezteko gelditu gintuen. Carlos Galan zen, Subterfuge diskoetxekoa, eta hark ni ezagutzeko gogoa zuela esan zidan; aitzitik, bere podcastaren jarraitzailea nintzela erantzun nion nik. Elkarri miresmena geniola nabaritu genuen.
Nonbait, udaldian hona etortzen da emaztearekin, eta hurrengo egunean Sega jatetxean Arima Soul System gisa emanaldia genuenez, bertara gonbidatu genituen; hantxe agertu ziren. Bitxikeria gisa, gure saioa hasi aurretik, beste batzuen abestiak jartzen ditut eta Lidiak abestu egiten du. Galan komunera joan zen, eta itzultzerakoan jarrita zegoen Burt Bacharachen abestia zeinen ederra zen ari omen zen pentsatzen bere baitan. Lidia abesten ikusi zuenean, sekulako ezustekoa hartu zuen. Izan ere, uste zuen entzuten ari zena diskoko ahots originala zela.
Hori giltzarri izan zela uste duzu?
Hurrengo egunean berarekin geratu nintzen Marina Txikin, eta hainbat kontuz aritu ginen hizketan. Tartean, disko berria grabatzekoak ginela aipatu nion, eta argitaratzeko diskoetxerik ez geneukala. Hark erantzun zidan bukatuta geneukanean bidaltzeko. Pentsatu nuen ongi geratzeko esandako hitzak zirela, baina ez, diskoa argitaratzeko prest agertu ziren. Edonola ere, kontuan izan behar da Subterfuge zigiluak 35 urtetan euskaraz argitaratu duen lehen proiektua dela gurea. Beraz, erronka handia da haientzat zein guretzat, eta bere mugak ditu. Momentuz, uda-udaberriko biratxo batekin hasi gara Euskal Herrian, Itxasmendiko jaietako emanaldiarekin borobilduko duguna.
Hainbat kolaboratzaile lanean
Diskoko hainbat abestitan kolaboratzaileak izan ditiuzte Makalaketa lidia Insaustik. Oinatzak abestian Belek (Lide Hernandok) sartu ditu ahotsak, eta Zentzuz eta Denbora piezetan Bilboko The Cherry Boppers Horns taldeko haizeko kide diren Mikel Pirisek eta Urtzi Martinek hartu dute parte. Bartzelonako zenbait lagun musikari ere aritu dira grabazio prozesuan, eta Nacion Funk Estudioko Miguelito Superstarrek egin ditu diskoaren nahasketa lanak.