Euskara

Juan Ibarguren Gomez: "Euskaldun itxuradun amerikanoa naiz"

Amaia Zaldua 2025ko api. 20a, 09:00

Juan Ibarguren Gomez Mintzalaguna. (Amaia Zaldua)

Zarautz Guka aldizkarian, AEKrekin elkarlanean, Mintzalagun programan dabiltzan herritarrei elkarrizketa egiten zaie hilero. Martxoko aldizkarian Juan Ibarguren Gomez izan da protagonista.

Juan Ibarguren Zarautzen jaio zen duela 56 urte. 21 urte zituela, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen ikastera eta bizitzera, eta duela bi urte jaioterrira itzuli zen.

Txikitan hitz egiten al zenuen euskaraz?

Bai, baina oso gutxi. Gure ama erdalduna da eta etxeko hizkuntza gaztelania da; izan ere, anaia eta biok beti amarekin ibiltzen ginen, aita lanera joaten baitzen. Alabaina, aitarekin, haren senideekin eta lagun batzuekin euskaraz egiten genuen. Eskolan ere, La Sallen, dena gaztelaniaz egiten genuen.

AEBetan denboraz gehiagoz bizi izan zara Euskal Herrian baino. Zer zara, estatu batuarra ala euskal herritarra?

Euskaldun itxuradun amerikanoa, basque american esaten dut nik.

Han bizi zinela, izan al zenuen euskararekin harremanik?

Apenas. Lehen ez zegoen Internetik, hemengo egunkariak lortzea zaila zen... Dena den, hiru urte eman nituen Nevadan, eta han badago euskaldunen komunitate bat. Ipar euskal herritarrak ziren gehienak eta lagunak egin nituen.

Zer egiten zenuten?

Afariak, udan jaialdi bat... Renon bizi nintzen eta Euskal Jaia egiten genuen: dantza, musika, kirolak, janaria, musa... Urte batean irabazi eta dena egin genuen.

Zarautzera itzuli eta Mintzalagun egitasmoan izena eman zenuen, baina Oriokoan. Zergatik?

Askori gertatzen zaigu gaztelaniaz hitz egiteko ohitura hartzen dugula jendearekin, eta pentsatu nuen Orion hutsetik hasteko aukera nuela, ez bainuen inor ezagutzen, familiakoak bakarrik. Koinatak hitz egin zidan aukeraz, eta animatu egin nintzen.

Nolakoa izan zen hasiera?

Ez naiz oso hiztuna eta banuen kezka: zeri buruz hitz egingo genuen, aspertuko ote ginen... Gerora konturatu naiz ez duela hainbeste inporta esaten duzunak, baizik eta nola esaten duzun. Hasieran, lotsa edo alferkeria pixka bat sentitu dezakezu, baina, behin hasitakoan, beldur guztiak uxatzen dituzu.

Zer egin izan duzu Mintzalagun taldeetan?

Egun, bi taldetan nabil. Batean, Orion, astero elkartzen naiz bidelagunarekin zerbait hartzeko, eta pila bat ikasten dut. Bestean, Zarautzen, bi lagunekin paseoak ematera joaten naiz; horrela, ingurua ezagutzen ere ari naiz.

Nabaritu al duzu aurrerapenik?

Nik uste euskara gehiago erabiltzen dudala orain, eta erosotasuna, naturaltasuna eta jariotasuna lortu ditudala. Dagoeneko ez naiz aritzen buruan etengabe ingelesetik euskarara itzultzen. Hala ere, hizkuntza ikasteko, eskoletara joan behar dela iruditzen zait.

Zer iritzi duzu bidelagunei buruz?

Lan handia egiten dutela uste dut. Behin galdetu nion Orioko bidelagunari zergatik etortzen zen gugana ezer kobratu gabe, lanetik atera eta segidan, negu gorrian, etxean goxo gelditu beharrean, eta erantzun zidan Euskal Herri euskaldun batean bizitzea nahi zuela, eta hau dela hori lortzeko bere ekarpena. Ez zait sekula ahaztuko, asko gustatu zitzaidan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide