Osasuna eta hizkuntza oinarri hartuta, hitzaldia emango duzu bihar. Zer dute komunean bi esparru horiek?
Bi esparru horiek elkar lotuta daude sorreratik, edozein osasun jarduera hizkuntzan oinarritzen baita. Askotan, osasuna eta hizkuntza aipatzean hizkuntza eskubideez hitz egiten dugu, eta zilegi da, baina hau ez da arreta jasotzeko dudan eskubide bat, ez bainaiz ari administraziora joan eta tramite bat egiteaz, edo banketxera joan eta dirua sartzeaz, ezta informazioa jasotzeaz ere. Osasun arretaren kalitatea dago jokoan: hau da, osasun arreta kalitatezkoa izateko, medikuaren eta pazientearen artean gutxieneko hizkuntza komun bat behar da, eta hori gertatzen ez bada, osasun arreta arriskuan dago. Hori mundu osoan ezagutzen den zerbait da, ingelesez language berrier [hesi linguistikoa] deritzona. Biharko saioan landuko duguna da mundu mailan nola eragiten duen hizkuntzak osasunaren kalitatean, eta hori bete ezean zer arrisku egon daitezkeen.
Garrantzi handia ematen diozu pazienteak ama hizkuntzan artatzeari. Zer onura ditu horrek?
Kontsulta ama hizkuntzan egiten bada, konfiantza handiagoa lortzen da pazientearen eta medikuaren artean. Bestalde, eskuratzen den informazioak askoz ere kalitate hobea izango du, eta, azkenik, seguruagoa izango da.
Kontrara, kalte larriak sorrarazi daitezkeela salatu duzu emandako zenbait hitzalditan. Zer arazoz ari zara?
Zenbait ikerketak ondorioztatu dute, arreta ama hizkuntzan egiten ez bada, pazientearen eta medikuaren arteko konfiantza nabarmen murrizten dela, tratamenduak gutxiago betetzen direla eta partekatzen den informazioa okerra izan litekeela, osasuna arriskuan jarriz. Ondorio horiek guztiak, gainera, adin tarte denetan antzeman dira; haurren, gazteen zein helduen artean gertatzen da gauza bera. Halaber, hizkuntza arazoez ari garenean, hitz egiterakoan egon daitezkeen arazo neurologikoak ezin dira ondo baloratu pazienteen ama hizkuntzan egiten ez bada; afasia batean, adibidez. Gauza bera gertatzen da psikiatrian; egiten diren balorazio guztiak hizkuntzan oinarritzen dira, eta hori ez bada ama hizkuntzan egiten, balorazio psikiatrikoa gaizki egina egon daiteke. Halere, gero eta kontzientzia handiagoa dago gai honen inguruan; esaterako, medikuntzako 30.000 artikulutik gora daude argitaratuta honi buruz.
Pazientearen eskubidea da euskaraz artatua izatea.
Bai, baina batez ere kalitatezko arreta jasotzeko eskubidea dute herritarrek, eta hori horrela izango da kontsulta ama hizkuntzan egiten denean.
Horrela gertatzen ez denean, ia automatikoki onartu eta erdarara pasatzeko ohitura dago. Zergatik?
Faktore askok eragiten dute hor, baina, orokorrean, historikoki erakutsi digute beharrezkoa denean erdarara pasatu behar dugula. Horrez aparte, kontsultara joaten diren pazienteak, gaixorik egonda, ahultasun egoera batean daude, eta oso zaila da hizkuntzaren borroka horretan sartzea. Administrazioak ere jakitun dira hizkuntzaren bueltan gertatzen ari den guztiaz.
Behin baino gehiagotan entzun izan da familia medikuek ez dutela euskaraz egiten. Osasungintza publikoan derrigorra da euskaraz jakitea, baina haren erabilera benetan kontrolatzen al da?
Erabilera ez da kontrolatzen, eta arauak ez dira beti betetzen. Hala ere, horrelako kasuetan garrantzitsuena profesional bakoitzaren borondatea da, eta norberak egin behar du euskaraz hitz egiteko hautua.
Beste debate bat ere badago: euskaraz egiten ez duen mediku oso on batek ala euskaraz dakien mediku arrunt batek artatua izatea, zer da hobea? Azkenean, euskara gutxiesteko aitzakia merkeak al dira horiek?
Askotan entzuten da hori, eta nik beti diot: "Aizu, barkatu, Euskal Herrian ezinezkoa da mediku ona izatea euskaraz ez badakizu". Arazoaren erantzuna ez da hizkuntzalaritzakoa, ezta medikuntzakoa ere, politikoa baizik. Osasungintzan medikuen falta dagoenean, hizkuntzaren aitzakia jartzen dute mahai gainean; hau da, euskara ez dakitela esaten da, baina benetan profesionalak dira falta direnak. Arazoa Europa osoan dago, ez hemen bakarrik. Garbi dago, beraz, etengabe erabiltzen dela osasungintzaren egungo egoera euskararen kontra egiteko, eta hori onartezina da.
Euskaldunak zareten profesionalok zuen osasungintzako sarean euskararen erabilera sustatzeko ekintzarik egiten al duzue?
Osasungintza, orokorrean, mundu erdaldun bat da, eta, beraz, euskara erabiltzea ekintza militante bat da gure aldetik. Gainera, badago Osasungoa euskalduntzeko erakundea, baita beste hainbat mugimendu ere. Pausoak ematen ari gara, baina herritarren laguntza ere behar dugu.
Nori zuzendutako hitzaldia izango da biharkoa?
Herritar ororentzat interesgarria izango da saioa, eta horregatik animatu nahi ditut guztiak etortzera. Hizkuntzarekiko kontzientzia duten guztiak etor daitezke, adibidez, baina baita informatu nahi duten gainerakoak ere. Gauza teknikoak aipatuko ditugu, baina gutxi izango dira, eta guztiak izango du dagokion azalpena.