Azal eta mami bihurtutako orea: horixe da ogia. Supazter epel eta abegi goxo bihurtutako okindegia: horixe da Orea. Felipe Eizagirre arraunlari eta filosofia irakasle ohiak ireki zuen joan den maiatzean Oiartzunen (Gipuzkoa). Ametsa eta apustua. Lehengai ekologikoen, euskararen eta euskal kulturaren aldeko keinuz eta argudioz betetako azal kurruskariak eta mami mamitsuak, Badok-en doinuz emanak: horratx Orearen filosogia.
Kontzejupe plazako arkupeetan txoko bat. Ogien zerrenda arbelean, eta kultur ekitaldiena paretan. Ogi usaina airean. Hontz koloretsuak irudietan. Bezero bat sartu da: «Famatuak egin zarete herrian. Ireki zenutenean, pentsatu genuen ez zela oso toki egokia, baina denak ari dira zuei buruz hizketan». Eskuz margotutako errekarriekin dituzte eutsiak etiketak: haziduna, oloduna, integrala, intxaur eta mahaspasaduna, kurkumaduna, eta moldeko txuria (Arane baserriko esnearekin). Gereziondo egurrez egindako oinarrian, ur pitxer handi bat. Ondoan, bertako sortzaileen txokoa: Josu Galdos Kazabonen Basoaren dantzak altxa du haizea, eta Joseba Sarrionandiaren eta Idoia Beratarbideren Luma kantaria poema liburuak dituzte salgai. «Labetik atera berriak». Okindegi batean, nola bestela. Felipe Eizagirre okina ogi hazidun integrala ari da oratzen. Araitz Olaiz laguntzailea bezeroei ari da harrera egiten.
Zarauzko (Gipuzkoa) arraunlari izandakoa da Eizagirre, eta zutabegile ere aritu zen BERRIAn. Filosofian lizentziatua, eta irakasle aritua ere bai. Okina, nolatan? Ore, irin eta labe artean, lanari utzi gabe, 2008ko urrira egin du salto: «Nafarroa Behereko Oragarre herrian, morroi egon nintzen hiru bat astez, etxalde batean. Ardiak eta behiak zituzten. Eta bertako etxekoandreak, Maitek, ogia egiten zuen etxean. ‘Egin daiteke ogia etxean!’, pentsatu nuen». Eta hasi zen berean ogiak egiten: «Harri koskorren gisakoak, hasieran». Segi eta segi, lortu arte. «Eta oparitzea ere gustuko nik. Bat egin beharrean, bi egin, eta oparitu. Gauza ederra da ogia oparitzeko. Tokirik ere ez diozu bilatu behar. Jan, eta kito».
Eta hasi zitzaion jendea ogia erosten, eta hasi zitzaion buruan okindegiaren ideia sortzen. «Irakaskuntzan sartu nintzen, eta zazpi edo zortzi urtez aritu nintzen. Ama gaixotu zen, minbiziarekin. Eta izaten dute hori heriotzek: ‘Zertan ari naiz ni hemen?’, galdetzea geure buruari. Pandemia garaia ere bazen. Oposizioak atzeratu zituzten. Ez dut inoiz sentitu irakaskuntza nire lekua zenik. Eta ideia hau beti bultzaka. Baina beti izaten da halako apustuetarako garai txarra: pandemia, haurrak... Baina ez da garai txarra, beldurra izaten da. Maiatzaren 24an inauguratu genuen hau».