Zipriztinak jada gainean

Intza Trula 2025ko api. 12a, 11:00

Zarauzko malekoia, urak hartuta. (Aritz Mutiozabal)

Valentzian (Herrialde Katalanak) gertatuko uholdeek agerian utzi zuten klima aldaketa izaten ari den eragina. Datozen urteetan gerta daitekeenaren harira, zenbait azpiegituretan aldaketak egin ditzaten eskatzen ari dira Arkamurka natur taldeko kideak; udala, berriz, kalteak murrizteko lanak egiten ari da. Martxoko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Iazko urrian Valentziako (Herrialde Katalanak) hainbat herri hankaz gora jarri zituzten uholdeek, eta ezbeharrak sortutako kezka Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu da. Posible al da Euskal Herrian neurri horretako hondamendirik gertatzea? Eta Zarautzen, salbu al daude herritarrak? Gaiaren inguruan duen kezka plazaratzeko asmoz, txosten bat idatzi berri du Arkamurka natura elkarteko Martxel Aizpuruak, eta honakoa ondorioztatu du: Zarauzko herriaren zati handiena uholdegarria da, eta herritarrek horren jakitun izan behar dute. Zarauzko Udala ere ari da klima aldaketak herrian sorrarazi ditzakeen kalteak murrizteko lanean; esaterako, Urban Klima 2050 proiektua aurkeztu du.

Zarautz duna sistema baten gainean eraikita dago, eta sistema horrek hondartza eta herrigunea banatzen ditu, Narros jauregitik hasi eta Iñurritzako biotopora arte, golfeko zelaia barne hartuta. Esaterako, Nafarroa kalearen bi aldeetara dauden etxeak dunen gainean eraikita daude. "Malekoitik errepide nagusira edo Nafarroa kalera joaten garenean aldapan gora egiten dugu, eta hortik aurrera beherantza hasten gara", azaldu du Aizpuruak. Herrikobarra kalera heldu arte gertatzen da hori, eremu hori eta Paxo azpibidea baitira herriko punturik baxuenak. Zehazki, Herrikobarra kalean amaitzen da duna, eta jarraian hasten da padura.

Zenbait herritar urak hartutako Zarauzko Herrikobarra kalean, 1933ko ekainaren 17an. (Zarauzko Argazki Artxiboa)
 

Arkamurkako kidearen esanetan, "dunen gainean eraikita ez dauden etxeak hezeguneen gainean eraikita daude"; hala nola Salbide, Azken Portu, Aritzbatalde, Itxasmendi eta Iñurritza auzoetakoak. "Etxe horien azpian ura dago, apurka-apurka itsasoratzen dena; akuifero bat, alegia. Akuifero horretako ura geza da, euri ura. Itsasora hurbiltzen denean, itsasoko ura sartzen zaio duna azpitik marea igotzen denean, eta irteten da marea jaisten denean". Hori horrela, auzo horietako etxeen garaje gehienak urpean daudela azpimarratu du zarauztarrak, "eta ez lurpean". Modu berean, "urpean daude etxe horien guztien zimenduak".

Irteera bakarra

Erreketatik eta menditik datorren ur guztia "ordeka handi" horretan biltzen da, –Zarauzko herriari egiten dio erreferentzia, inolako maldarik ez duelako–. Aizpuruak kontatu duenez, hor dago arazoaren muina; izan ere, ordeka horrek irteera bat eta bakarra dauka: Iritatik biotopora doana, bost zubipetatik igarota, hain justu ere.

Valentzian, gutxi gorabehera, 700 litro metro koadroko euri jasa egin zuela kontuan izanda, ondorengo galdera jarri du mahai gainean natur taldeko kideak: zer gertatuko litzateke Zarautzen 200-300 litro metro koadroko euri jasa egingo balu? Lokatzez eta harriz beteko al litzateke ordeka osoa? Aizpuruak gaineratu du euritearen unean itsaso zakarra eta marea gora tokatuz gero, "uholde maila are eta handiagoa izango litzatekeela, baita ezbeharra ere".

Baina, zergatik egin dituzte etxebizitzak uholdegarriak diren eremuetan? Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (ZHAPO) 2008. urtekoa da, eta normalean hamar urtean behin berrikusten badituzte ere, Zarauzkoak ez du aldaketarik izan urte horretatik. Arkamurkako kideak salatu du ZHAPOk ez duela barne hartzen Uholdegarritasunaren Europako Zuzentaraua: "Arkamurkako kideok ziur gaude ZHAPOn uholdegarritasunaren Europako Zuzentaraua jasota egon balitz, egin diren zenbait eraikin egitea ez zela onartuko". Halaber, gehitu du Zarauzko Udala "aurrera doala plan partzialak eginez eta han eta hemen eraikuntzak eginez".

KSB Itur, urak hartuta. (Guka)
 

Horren aurrean, Arkamurkako kideek ZHAPO "lehenbailehen" berritzeko eskatu diote Zarauzko Udalari, "urtero egiten dugun moduan".

Arrisku planak, hezeguneak eta zubiak

Egoera honen aurrean, Aizpuruak garbi du beharrezkoa dela Zarautzen arrisku plan bat egitea, eta herritarrei horren berri ematea: "Euri asko egingo balu ura nondik sartuko den, eremu arriskutsuenak zeintzuk diren eta nola jokatu jakin behar dute nahitaez herritarrek", azaldu du.

Horrez aparte, "oraindik dauden hezeguneak errespetatu, eta ahal direnak berreskuratu" behar direla iritzi dio, "adibidez, Asti aldea eta Errotaberri atzeko ordeka".

Gainera, Iritatik itsasora bitartean dauden bost zubi horiek "handitzeko" eskatu du, "eurite handi batean Zarauzko ur-arroko ur guztiak Iritako irtenunetik itsasoratu beharko dutelako, eta itsasoko marea handietan sartzen den ur guztia garraiatzeko gai izan behar dutelako". Asti erreka autobidearen azpitik igarotzen da, "bide oso estutik". Bide hori handitzea aurreikusten du udalak, eta Aizpuruaren ustez, orain dagoenaren hirukoitza egin beharko lukete pasabidea, "Iritan bilduko diren urak maila handikoak direnean lehenbailehen sakabana daitezen, eta, adibidez, Asti aldera joan daitezen".

Herrigunea, "nahiko babestua"

Zarauzko Udalak dio "klima aldaketak itsasoaren mailaren gorakada dakarrela", eta horrek zuzenean eragingo diola "herriaren uholdetze arriskuari". Hala eta guztiz ere, Zarauzko herrigunea "nahiko babestua" dagoela iritzi dio erakundeak, eta "uholdeei aurre egiteko hezeguneak ahal den gune zabalenean berreskuratzean" egin du azpimarra.

Hori horrela, azken urteetan hainbat obra egin ditu udalak hiri lurrean; hala nola Santa Barbara azpiko kanala, Olaa erreka KSB Itur enpresa azpitik ateratzea eta Iritako hezegunea berreskuratzea, "uholdeen arriskua asko jaitsiz". Halere, erakundeak aitortu du landa eremuek, Astazubiko eremuak eta Asti errekako eremuak, "maiz" jasaten dituztela uholdeak. ​​Horrez gainera, poligonoan bertan errekak zituen meandroak berreskuratu ditu, erreken ertzei "gune zabalagoa emanaz".

Lan horiekin batera, "ibaian behera egindako lanek ere uholde arriskuan eragina dute", udalak esandakoaren arabera. Bereziki, "Iñurritza errekaren ertzak eta hezegunea berreskuratu" nahi ditu: "Lan horiek garrantzi handia izan dute, ez soilik naturaren, bioaniztasunaren, eta paisaiaren arlotik, baita eta uholde arriskuaren ikuspegitik ere. Epe laburrean egitea aurreikusten dugu". Lan horiez gain, autopista eta Orokieta herri eskola inguruko "pareta zurrunak, ahal den neurrian, hautsi eta ertzak berreskuratzea" da asmoa. Astin, berriz, "kirol zelaien azpitik doan kanala aire zabalera ateratzea ere egokia litzateke", udalak esandakoaren arabera.

Horren aurrean, erakundeak argitu du Larrialdi Plana prestatzen ari direla, "uholdeen arriskua eta ekar ditzakeen ondorioak barne hartzen dituena". Klima aldaketak izan dezakeen "eragina" ere kontuan hartu dute plan hori egiterakoan.

Urban Klima 2050

Klima aldaketari aurre egiteko asmoz, Urban Klima 2050 proiektua aurkeztu zuen udalak. Horren barruan, 2018. urtean, Zarauzko hondartzako ingurune zurrunetan jarduteko alternatiben azterketa izeneko analisia burutu zuen; beraren esanetan, "mundu zabalean antzeko egoeretan egiten ari diren ekintzen berri izateko eta Zarauzko arazoa mahai gainean jartzeko". Azterketa horretan, "prebentzio neurriak ezinbestekoak" direla ondorioztatu zuen, "baita babes neurriak eta prestaketa lanak ere".

Horren harira, Zarauzko malekoian obrak egiteko proiektua abiarazi zuen udalak, helburu zehatz batekin: "Zarauzko hondartza mendebaldeko hondarra bertan geratzea, hondarra bera baita itsasaldien indarrari aurre egiteko euskarri naturala", hain justu ere. Proiektuaren idazketa lizitaziora atera dute, eta, behin esleitutakoan, exekuzio proiektuan finkatuko da "olatuen talkari modu egokienean erantzungo dien elementuen diseinua".

Obra horrekin, malekoiaren kota metro erdi igoko dute ia 200 metroko luzeeran. Horrez gainera, Munoa plazaren zati bat eraitsiko dute; Munoa azpitik tunel modukoa sortzen duen zatia, eta, era berean, egungo terraza. Proiektua lehen fasea izango litzateke hori, eta ondoren neurrien erantzuna baloratuko du udalak, "etorkizunean erabaki gehiago hartu ahal izateko". Udalak aurreikusi du lehen fase hau agintaldi honetan amaituta egotea.

Urban Klima 2050 proiektuaren barruan udalak malekoian egin nahi duen obra. (Zarauzko Udala)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide