Korapiloa

Erregea biluzik dago

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 6a, 10:00

Igel bat, koroa buruan duela. (Pixabay)

Aritz Mutiozabalek martxoko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Duela urte asko, urrutiko erresuma batean, errege zuhur bat bizi zen". Hans Christian Andersen idazle daniarraren ipuin ezagunenetariko baten hasierako esaldia da. Martxa baten lehen notak, herrialde hartako mandatariaren oinetara makurtzeko. Haurrei kontatzeko maitagarrien ipuinak bildumaren barruan txertatuta argitaratu zuen Andersen jaunak, gerora sobera ezagun egin zena, ikastolan kontatzen zigutelako. Kontakizuna fabula bat da izatez, eta badu izaera etikoa duen xede didaktikoa. Horregatik kontatuko ziguten ume mokoak ginenean. Kontua da, heldu bihurtu garen garaiotan, zalantzan jartzen dudala etikoa izateak eta herritar bezala zintzo jokatzeak benetako baliorik ote duten. Are gehiago konplexuz beteriko egungo gizartean.

Batak besteari begiratzen dio, eta beste behin begiratzen dio goitik behera. Ez gara gustura geratzen azaleko erradiografiarekin; sorbalda atzeko orinetarainoko erresonantzia magnetikoa egiten diogu elkarri, hurkoa zehatz-mehatz katalogatzeko: klase soziala, ideologia ezkertiarra ala eskuindarra, sinestuna ala ateoa, hetero-gay-lesbi-trans-asexuala, feminista, matxista, ekologista, beganoa ala begetarianoa, kapitalista ala komunista, baserritarra ala kalekumea, herritarra ala beraneantea, euskaltzalea ala bestea... Eta nork bere irizpideen arabera epaitzen ditu aldamenekoak.

Justizia anderea itsua dela esaten dute, eta bere balantzako erretiluetako bat ongiaren alde makurtzen den bitartean, bestea gaizkiaren aurka igotzen da. Norbanakoaren baskula, ordea, korapilatsuagoa da, subjektibotasunez brodatua: "Nirekin bazaude, laguna zaitut, eta urruti zaitudala nabari badut, etsaia zara". Askotan, koiunturari jarraitzen dioten artaldeak osatzen dira, norbaitek B esan eta atzetik guztiek hitz bera inertziaz errepikatuz. Elkar gorrotatzen den gizarte bat eraiki dugu, hori bai, zurikeria handiarekin eta antzerki aparta eginez. Gero, nazioarteko kirolik ezagunenean ariko gara, bestearen kolkotik gaizki esaka, eta horretarako, sare sozialak komenentziaren arabera erabiltzen dira.

Azkenaldian, ez dakit zergatik, amets arraroak edukitzen ari naiz, eta guztietan gauza bera errepikatzen zait: hitz egiten saiatuagatik ere, ahotsa zintzur barrura ihesi joaten zait. Inork ez nau entzuten, ezin dudalako oihu ere egin. Azalpena bilatu nahian, ametsak interpretatzeko atari bat topatu dut sarean, eta nonbait badu esanahi sinboliko bat horrek. Dirudienez, sentitzen edo pentsatzen dudana azaltzeko desioa dut, baina zerbaitek oztopatu egiten nau.

Amesgaizto itsutik argira, eta aho-bizarrik gabe, beraz! Inork ez dit esango, gustatu ala ez, erregeak arropa berriak daramatzala soinean, guztiok dakigunean biluzik dagoela, Andersenen Enperadorearen jantzi berria ipuinean bezala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide