Erretratua

Alba Aristi: "Baserria ez da bizileku soil bat, bizimodu bat da"

Mireia Galarza Bastida, Gorka Eizagirre eta Urtzi Oteiza 2025ko api. 5a, 11:00

Basobeltz baserriko laugarren belaunaldia da Alba Aristi zarauztarra. Besteren artean, "kontsumo ohiturek duten garrantziaz" azpimarratu du, baserriaren zaintza bermatu nahi bada behintzat. Aristirena da martxoko Zarautz Guka aldizkarikako Erretratua.

Baserri guztietan bezala, Zarauzko Basobeltz baserrian ere beti dago zerbait egiteko. Horretaz jabetu daiteke bat bertara iritsi eta Aristi familia guztia lanean ikusten duenean: amona eta aitona landareak ureztatzen, aita oilategian hango bizilagunek arrautzarik jarri duten ala ez begira, langilea belarra mozteko makina martxan jartzen...

Semea siestan utzi ostean dator Alba Aristi elkarrizketara, eta abisupean jarri du kazetari eta tekniko taldea: "Elkarrizketa erdian etorriko da agian, e!", dio, barrez. Kafesnea eskuetan, eguzkiaren epeltasunaz gozatzeko moduan jarri da, eta Basobeltzeko laugarren belaunaldia prest da kameren aurrean bere esperientziak kontatzeko. "Jaio eta handik lau egunera etorri nintzen hona bizitzera, eta beste leku batzuetan egon naizen arren, gaur egun hemen nago".

Txiki-txikitatik konturatu zen Aristi baserritarra zela, berak horrela sentitzen zuelako eta besteek ere horrela sentiarazten zutelako. Garai hartako oroitzapenak baditu: "Familiako kideekin baino gehiago, lekuekin lotutako oroitzapenak ditut. Adibidez, alboan dudan zuhaitzaren adarrak ahizpon artean banatuta geneuzkan, bakoitzak genuen geurea".

Familiaren garrantzia ere azpimarratu du baserritar gazteak. Besteek berari laguntzen diotela esatea baino nahi nahiago du Basobeltzekoa "denen artean aurrera eramaten proiektu bat" dela esatea. "Totema niri eman badidate ere, erabat ez dute askatu, eta denok ibiltzen gara hemen lanean proiektuak aurrera jarrai dezan".

Heldutasunean, etxera

Beti ez da baserrian bizi izan Aristi, baina bueltan-bueltan, duela urte batzuk sorlekura itzuli zen. "Kalean bizi nintzen bikotekidearekin, eta banandu ostean nire sustraietara itzultzea erabaki nuen". Baserria, ordea, bizileku soil bat baino gehiago da harentzat; baserrikoa bizimodu bat dela dio. "Hemen, esnatu eta leihotik begiratu berritan, egingo dituzun lanak zerrendatzen hasten zara, eta askotan zaila egiten da bizitza pertsonala eta profesionala desberdintzea". Hala eta guztiz ere, bizi den lekuan "zoriontsu" da Aristi, eta bertan jarraitzeko asmoa du luzaroan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!