Zarauzko Arkami galerian aurkeztu duzu zure erakusketa berria. Nolako artelanak jaso dituzu bertan?
Hogei bat margolan bildu ditut erakusketan, eta denetarik aurki daiteke: margolan batzuk pintura lehiaketetara aurkeztu izan ditut, beste batzuk etxean nahaspilatuta nituen, eta beste batzuk koadro zaharrak dira, orain daukadan ikuspegi berriarekin egokitu ditudanak. Dena den, atsegin dudana pintura da, eta niri gustatzen zaidan modura margotzen dut, estiloez edo modaz arduratu gabe. Gaiari dagokionez, koadro gehienak paisaiak dira. Dena den, maskota baten erretratua ere badaukat. Erretratu asko egiten ditudan arren, ez zait bururatu bat bera ere erakusketara eramatea. Koadroetan jasotako paisaiak inguruko herrietakoak dira; Zarautz, Markina-Xemein [Bizkaia] eta Oñati [Gipuzkoa] ageri dira, besteak beste. Torre Luzearen margolan bat ere egin dut.
Zein dira zure teknika gogokoenak margotzerakoan?
Koadroetan, batez ere, olioa erabiltzen dut. Baina lehiaketetan, adibidez, teknika mistoa ere erabili izan dut: akrilikoarekin hasten naiz, eta olioarekin amaitzen dut. Akrilikoa azkar lehortzen da, eta geroago olioarekin zuzentzeko aukera ematen dizu. Pastelez egindako koadro bat ere badut –erakusketatik nire gogokoena da–; bertan bi ardi txiki ageri dira. Ez diet koadroei izenburua jartzen, burura datorkidan izena baizik.
Zerk inspiratzen zaitu artelan bat sortzerakoan?
Margotzeko orduan, nire inguruko denak inspiratzen nau. Emaztearekin paseatzera joaten naizenean, inguruko dena seinalatu ohi dut, geroago margotu ahal izateko, eta beti esaten dit: "Aizu, margotzen edo paseatzen ari gara?". Etengabe bizi naiz inspirazio bila. Gainera, modu naturalean margotzen saiatzen naiz beti, baina batzuetan ezin da.
Nondik datorkizu margotzeko zaletasuna?
Txikitatik gustatzen zait margotzea. Gaixorik zegoen lagun bat nuen haurra nintzela, eta haren etxera joan ohi nintzen konpainia egin eta biok batera margotzera. Hortik datorkit afizioa, nirea afizioa delako, ez lanbidea.
Nolako bilakaera izan du zure obrak?
Esan beharra dut gustatzen zaidana margotzen dudala, gustuko dudan moduan. Hala eta guztiz ere, betidanik izan dut estilo figuratiboa lantzeko joera. Baina, adibidez, oraintxe bertan [elkarrizketa egitean] Durangoko [Bizkaia] Arte eta Historia museoan nago, oso gustuko dudan koadro abstraktu bati begira! Ez naiz estilo batera mugatzen. Izan ere, "abangoardista" deitzen diren artistak baino askoz gutxiago mugatzen naiz, horiek estilo figuratiboa erabat mespretxatzen baitute. Ez da nire kasua.
Zer bereizgarri du zure estiloak?
Argiarekin jolasteko joera dut, eta ia koadro guztietan saiatzen naiz efektu hori sortzen. Itzalei erreparatu behar diezu argia ikusteko. Itzalen eta argien arteko jolasa dut gustuko; izan ere, itzala behar da argia lortzeko. Argi naturala interpretatzen eta islatzen saiatzen naiz, eta nire artelanak lotzen dituena argia dela esango nuke.
Etxean margotzeko joera duzu ala nahiago duzu estudio batean aritzea?
Eibarko Udalak lokal bat eskaini digu bertan margotu ahal izateko, eta, horrela, nire emazteak ezin dit esan egongelan "agoarras usaina" dagoela. Eskerrak eman behar dizkiot udalari emandako laguntzagatik. Guztira, 2.000 koadro baino gehiago ditut margotuta. Edariak banatzeko biltegi batean gordetzen ditut, garagardo kaxak balira bezala. Erakusketara hogei bat lan ekartzea pentsatu nuen, eta denak salgai egongo dira, bisitariei bateren bat interesatuko balitzaie.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!