Aurtengoa ez da Cape Epic lasterketan parte hartzen ari zaren lehen aldia, hirugarrena baizik. Zer helburu jarri diozu zeure buruari?
Hirugarren urtez jarraian ari naiz lehian proban. Errepideko txirrindularitza utzi nuenean baneukan gauza ezberdinak probatzeko gogoa, betiere txirrindularitzarekin lotuta, eta nire helburuetako bat Cape Epic lasterketara iristea zen. Lortu dut helburua, baina ez da errepidean aritzen nintzenean bezala; orain gozatzera joaten naiz. Dena dela, emaitzak onak badira, are hobe. Pixkanaka-pixkanaka joan behar da, mendiko lasterketa hau maratoi modalitatean egiten baita eta zeharo ezberdina baita. Zortzi egunetan jokatzen da, oso gogorrak egiten direnak, eta ea nola moldatzen garen Julen Zubero nire bikotekidea eta biok.
Aurreko edizioetan zer-nolako esperientzia bizi izan zenuen?
Oso ona. Proban parte hartzean ohartzen zara zer-nolako egitasmoa den hemengoa, maratoi modalitateko espezialista onenak bertan elkartzen baitira. Diziplinako urteko lasterketa garrantzitsuenetakoa da, mendi bizikleten lasterketen tourra, eta bertan egotea polita da. Ni ongi moldatzen naiz maldan gora, baina hemengo gorabeherek ez dute zerikusirik errepidekoekin. Baina, tira, hobetuz goaz urtetik urtera!
Jada baduzu eskarmentua, eta ongi prestatuta joango zinen, ezta?
Argi dugu nolako lasterketa den: egunetik egunera lan egin beharrekoa. Zerbait gertatuz gero, ordezko piezak gainean eramaten ditugu, eta anoa postuetan talde bakoitzak bere materiala uzten du, bidean matxuraren bat izan badugu, geure kabuz konpondu ahal izateko. Izan ere, mendian edozer ustekabeko izan dezakezu, gurpil zulaketa batetik hasita. Mekanika apur bat jakitea ez dago sobera. Zorionez, nire bikotekidea mekanikaria da, eta denda bat dauka Bilbon.
Hango baldintzak nolakoak diren jakinda, nola entrenatu zara?
Normalean, errepideko bizikletarekin egiten ditut saioak, batzuetan gravel bizikletarekin ere bai, baina azkenaldian saiatu naiz mendiko bizikletarekin Zarautz inguruan kilometro batzuk egiten. Garrantzitsua da hori, azken finean, posizioa ezberdina delako eta bizikletara ere egokitu egin behar duzulako. Oso ezberdinak dira errepideko edo mendiko bizikletarekin jaitsieretan izaten dituzun sentsazioak. Ordu dezente sartzen aritu naiz; batez ere, irteera luzeak egin ditut, lauzpabost ordukoak, hemengo etapek iraupen antzekoa dutelako.
Igandean hasi zen proba, eta astebete iraungo du; prologoa eta zazpi etapa ditu. Etapa laburrak dira, baina benetan malkartsuak eta exijenteak.
Askotan errepidekoekin alderatzen ditugu horrelako lasterketak, eta ez dute zerikusirik. Hemen ez da errepiderik zapaltzen, dena mendian jokatzen baita; dela bidezidorretan, dela pistetan. Zonalde honetan ospea dute mendi bizikleten jaitsierek, eta horiek txertatzen dituzte etapetan. Kilometroei begira, ez dirudite etapa luzeak direnik, baina Euskal Herrian 34-35 kilometro orduko abiadura hartzea erraza bada, hemen 20-25 ingurukoan ibiltzen dira. Gainera, mendiko bizikletarekin halako bibrazio jarrai batzuk izaten dituzu, eta horrek nekea areagotzen du.
Batez beste, 2.000 metro metatutik gora ibiliko zarete egunero. Ondoen errekuperatzen den bikoteak irabaziko al du?
Garrantzisua da egunez egun ongi errekuperatzea, eta horretarako, masaje zerbitzua eskaintzen digute egunero etapa bukatu ondoren. Janaria ere inportantea da, lasterketan zehar ongi elikatzea, hustuta ez iristeko. Lehenengo bi egunetan hotelean egin genuen lo, baina hirugarren etapatik aurrera autokarabana batean igaroko ditugu gauak. Horretarako, antolatzaileek kanpaleku handiak muntatzen dituzte irteera eta helmuga guneetan. Mila txirrindularik baino gehiagok parte hartzen dute lasterketan, eta gustuko dut hemen sortzen den giroa; ederrak dira lehiakideon artean sortzen diren solasaldiak.
Zuk Julen Zuberorekin osatu duzu bikotea beste behin. Nola ikusten duzu adiskidea?
Aurreko aldietan bezala, Zuberorekin osatu dut taldea. Bikoteka egiten den lasterketa da, eta garrantzitsua da laguna eta biok bat eginda aritzea, elkarri lagunduz. Igoeretan aurretik joaten saiatzen naiz ni, eta Julen ni baino iaioagoa da jaitsieretan; halakoetan, aurrea hartzen du eta badaki noraino estutu nazakeen. Bikote orekatua osatzen dugu.
Edonola ere, zu jada bazabiltza mendiko bizikletarekin nazioarteko lasterketetan parte hartzen: Titan Desert, Tena Valley, Epic Gran Canaria eta Kroaziako 4Islands probetan, esaterako.
Errepideko txirrindularitza utzi nuenetik, buruan nituen aipatutako lasterketa horiek. Zarauzko Triatloia ere beste helburu bat zen, eta hori ere egin nuen. Baina, hala ere, badira buruan ditudan beste erronka batzuk. Azken urteetan aipatutako lasterketa horietan nabil: errepideko martxa batzuk egiten, desertuko eta mendiko lasterketak, baita gravel modalitateko batzuk ere. Azkenean, bizitzeko beste modu bat ere bada txirrindularitza; gaur egun diziplina asko daude, eta denak uztartu daitezke aspertu gabe.
Mendiko lasterketak ezberdinak dira. Norberak hartzen ditu erabaki estrategiko guztiak, errepidean ez bezala.
Lasterketak ezberdinak dira planteatzeko orduan. Bietan dago estrategia moduko zerbait, baina errepidean taldeak garrantzi handia dauka; hau da, ezinbestekoa da taldekideek zugatik lan egitea edo zuk taldekide batentzako lan egitea. Kasu honetan, zure bikotearekin moldatu behar duzu. Argi dago bakoitzak bere estrategia daukala, eta batzuetan norbere ezaugarrietara hobeto egokitzen direla etapak. Horren arabera, bakoitzak ikusten du non eta noiz jo erasoa, eta, zentzu horretan, planteamendua bestelakoa da errepidekoarekin alderatuta.
Lasterketa hauetan errepideko txirrindulari profesional zineneko kiderik topatu al duzu?
Bai. Ohikoa da errepideko txirrindularitza profesionala utzitakoan lasterketa hau egiteko helburua jartzea, eta aurten ere hainbat lagun topatu ditut irteeran; esaterako, Greg Van Avermaet. Polita izaten da halakoetan topo egitea; beste modu batera, baina berriro ere txirrindularitzaz gozatzen ari garela ikustea.
Cape Epicen ondoren, errepideko eta gravel bizikletarekin konpromiso batzuk ditut, baina mendiko bizikletarekin egingo dudan hurrengo lasterketa Kroazioakoa izango da, Aste Santuan; hura bost egunekoa da, eta beste paraje batzuetan.