Seguru nago Gukaren irakurleek, burua ez ezik bihotza ere badutenez, kezkatuta begiratzen dutela mendebaldearen mendebaldera. Hasi dira (edo, hobeto esanda, jarraitzen dute, baina orain aulki pribilegiatutik) handi-mandiaren trumpak, harrokeriak, gizatasunaren kontrako aldarriak…
Gogoratzen duzue urte hasierako Vienako kontzertu famatua? Riccardo Muti zen zuzendari (zazpigarren aldiz, alajaina). Ikusi zenutenok gogoan izango duzue haren eskaera: "Pace, fratellanza e amore in tutto il mondo". Txukuna dago mundua, esango didazue, hitz horietarako. Arrazoi; baina beharbada horrexegatik dira behin eta berriz aldarrikatu beharreko hitzak, trumpatien hizkera gezurti eta irainez beteak sortzen duen zarataren gainetik.
Mutiz eta munduaz ari garela, bere beste pasadizo bat ekarri nahi nuke hona, oso indartsua, nire ustez.
2011ko martxoaren 12a, Erromako Teatro dell'Opera. Orkestra zuzendari handia Verdiren Nabucco zuzentzen ari da. Aretoa goraino beteta dago, eta tartean da Silvio Berlusconi ere.
Obraren momentu ezagunena esklaboen koruak Va pensiero abesten duena da. Juduak preso daude Babilonian, eta gauez, ezkutuan irtenda, elkartu eta abesten hasten dira: "Oh, mia patria, sì bella e perduta…". Verdi Italiaren sorreraren ikono bihurtua dute aspaldi, risorgimento-aren ikur, eta pieza horrek arnasa patriotiko handia hartu izan du testuinguru askotan. Halako zerbait gertatu zen Erromako emanaldi hartan.
Va pensiero-ren interpretazio ederra bukatutakoan, txalo zaparrada eskaini du publiko berotuak. Eta, halako batean, publikoko ahots batek: "Viva l’Italia!". Abertzaletasuna, su eta gar. Baina, eta hemen dator gauza harrigarria, hara non Muti maisua biratu egiten den, begiratzen dien publikoari eta Berlusconiri, eta mututasuna hausten duen: "Bai, ni ados nago 'bizi bedi Italia' horrekin. Nik ez ditut 30 urte eta nire mundualdia badoa; baina, munduan zehar ibiltzen den italiar gisa, oso kezkatuta nago gertatzen ari denarekin. Beraz, zuen eskaria kontuan hartu eta Va pensiero-ren bisa egiten baldin badut, ez dut egingo hainbeste edo soilik zentzu abertzale bategatik, baizik honakoagatik: gaur gauean, koruak 'o mia patria sì bella e perduta' abesten zuen bitartean, pentsatu dut Italiaren historiaren oinarrian dagoen kultura hiltzen badugu, orduan bai izango dela benetan gure aberria ederra eta galdua".
Garai hartan, Berlusconiren gobernuak kultur mugimendua guraizeekin antzutu nahi izan zuen, eta Mutik ondo zekien publikoak bere mezua kolpean ulertuko zuela. Edonola ere, esango nuke adierazpena beste testuinguru batzuetara ere ekarri daitekeela, are gehiago han eta hemen ultranazionalismo eskuindarrak (kulturalki guztiz trauskil eta ezjakinak) zabaltzen ari diren honetan.
Izan ere, ez al litzateke penagarria izango oinarri kulturalik gabeko aberri bat defendatzea? Beharbada Mutirenak gurerako ere balio dezake: gure historiaren oinarrian dagoen kultura hiltzen badugu, ez zaigu maitatu eta defendatu beharreko aberririk geldituko.
Ai, munduko Trumpak gutxiago balira! Espero dezagun Mutiak ez isilik geratzea.
Bakea, senidetasuna eta maitasuna 2025erako, adiskideok.