Maiatzaren 15etik 25era izango da aurtengo Euskaraldia, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala, eta egitasmoa Zarautzen martxan jartze aldera, lehen herri batzorde irekia egin zuten ostegun arratsaldean Etxezabalako bilera gelan. Deialdiak erantzun ona izan zuen, eta hitzordura herriko hainbat talde, elkarte eta entitatetako ordezkari nahiz norbanako bertaratu ziren, 40 lagun inguru.
Euskaraldiaren laugarren edizioko Zarauzko dinamizatzailea Uxue Alkorta da, eta bera arduratu zen dinamikaren nondik norakoak azaltzeaz. Ekintza soziala aipatu maiatzeko hamar egun horietan ematen badira ere, "helburuak ez dira soilik egun horietara mugatzen", zehaztu zuen Alkortak. Hiru helburu nagusi daude, "elkarrekin lotuta doazenak eta oso ezberdinak direnak agian aurreko edizioetatik". Azaldu zuenez, ondorengoa izango litzateke: hizkuntza ohiturak aldatzeko neurri batzuk aktibatzea, eta horretarako mugimendua sortzea herrian bertan, lankidetza bat sortuz.
Profilak eta Hikaldia
Belarriprest eta Ahobizi profilak ere presente izango dira beste behin; eta norbanako bakoitzak identifikatuta sentitzen den eremu horretako txapa eramango luke. Horrez gain, Hikaldia ere izango da, eta horretan parte hartzeko herri bezala izena eman behar dela nabarmendu zuen dinamizatzaileak; txapak berdinak izango dira, baina H bat eramango luke, Hikaldian parte hartzen duela zehazten duena, eta nahi izanez gero, harekin hikaz hitz egin dezakeela. "Herri Batzordearen erabakia izango da herri bezala Hikaldian parte hartu nahi dugun ala ez", aditzera eman zuen Alkortak; horretarako epea martxoaren 1ean itxiko da.
Euskaraldian parte hartu daiteke norbanako gisa, Belarriprest eta Ahobizi profilak aukeratuta, baina baita entitate gisa ere. Entitateen kasuan, bi lanketa mota egingo dituzte aurten: batetik, beharrezko lanketa, non Euskaraldian parte hartzen ari dela zabaltzea eskatzen duen, informazio guztia entitateko kide guztiengana iristaraziz; bestetik, lanketa sakona egiteko aukera dago, eta hori entitate bakoitzaren beharraren arabera egokituko litzateke.
"Aurreko urteetan ez bezala, aurten hariguneek ez dute halako presentziarik izango. Harigunea ulertu zen espazioaren arabera ezberdin, eta aurten ikusi da hobe dela norbenako eta entitate gisa izena ematea. Entitateak izan daitezke ikastetxeak, tabernak, elkarteak eta abar", kontatu zuen Alkortak.
Herritarrak kontzientzatzeko
Maiatzaren 15etik 25era artean egingo den ariketa sozialaz harago joan nahi dute, eta "herria girotzeko eta herritarrak modu kontzientean parte hartzeko" eragileen laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu zuen dinamizatzaileak, "bakoitzak bere arlotik zabalpena egin dezakeelako eta horrek bultzatuko duelako batik bat Euskaraldia".
Hainbat jarduera egin asmo dituzte maiatzaren erdira bitartean, baita hasierako ekitaldia herriko hamaikakoarekin ere. Euskaraldiko gune ibiltaria herriz herri ibiltzen da, eta Zarautzen maiatzaren 9an izango da, Musika Plazan. Baina guztia ongi zehazteko eta lotzeko talde motorra osatu behar dute orain, baita aktibista gisa ariko diren eragileak ere. Osteguneko batzordean, bertaratu zirenak bosteko hainbat taldetan banatu zituzten ariketa bat lantzeko: norengana zuzendu beharko litzateke Euskaraldia eta zer-nolako ekintza egin beharko lirateke, bi galdera horiek erantzun zituzten.
Amaitzeko, bileran parte hartu zutenei orri bat pasa zieten ea zer modutan parte hartu dezaketen Euskaraldian galdetuz. Ostegunean joateko aukerarik izan ez zutenek eta parte hartu nahi dutenek ateak zabalik dituzte. Hain justu ere, hurrengo batzorde irekia bi aste barru izango da.