Gukasteka

Tabua

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 8a, 16:00

'Queer' filmean ikus daiteken sexu pasarte bat.

Zarautz Gukako kazetari Aritz Mutiozabalek Sexu eta Harreman Heziketa saioak jarri ditu mahai gainean Gukastekako iritzi artikuluan.

AEBetako superekoizpen berrienak ikusi nahi bazenituen, eta 80eko hamarkadaz ari naiz, Modelo aretora joan behar zenuen, aitonak edo amonak eskupekoa ematen bazizun asteburu hartan. Moooooviiiiiireeeecoooord!!! Bestela, pare bat urtez itxaron, eta ea VHSan argitaratzen zuten esperantza izan... eta, tarteka, herriko bideoklubera ekarri ote zuten begiratu. Ez begiratu gora, kotxino! Itsu bihurtuko zara eta! Larru biziko sasi film galarazi haiek, ez, haiek ez zituzten inolako zinema aretotan ematen.

Tira, Martin Scorserseren Taxi driver film klasikoa dakarkit gogora horrek guztiak. You talkin' to me? Robert De Nirok antzezten duen psikopatak, harremanetarako egundoko gabeziak eta gorabeherak dituenak, Cybill Shepherd aktoreak bizia ematen dion boluntarioa zinemara gonbidatuko du. Gizonezkoa horren traketsa izanda, X antzoki batera eramango du. Akabo bien artean egon zitekena.

Pornoa. Hori da hitza, hitz tabua. Parental Advisory Explicit Content. Borrokatu beharra dago, gure seme-alabak eta, oro har, gazteria lakra horretatik askatzeko, eduki grafiko horietan mendekotasun matxistak nagusitzen direlako, eta horiek erreferentziatzat hartuta bestelako arriskuak sortzen ari direlako gizartean. Baina, hezkuntza aldetik, bastante hankamotz gabiltzala iruditzen zait.

Txalotzekoa da herriko ikastetxe guztietan, nerabezarorako jauzia egitera doazen ikasleei zuzenduta, Sexu eta Harreman Heziketa eskaintzea. Oinarrizko kontzeptu guztiak kontatzen dizkiete, eta elkarren artean solasten dute gaiaren inguruan. Baina... Nire hiztegian beti dago baina bat. Gaur egungo haur-nerabe horiek denetarik ikusi eta entzun dute, nahiz eta guraso bezala saihesten saiatu zaren. Horren oso kontziente izan behar dugu. Eta norbere seme-alabak ikusi edo entzun ez badu, lagun batek kontatu edo erakutsi dio, eskuko telefonoak horretarako daude. Zentzu horretan, oinarrizko hori gaur egungo errealitatera ekarri beharko lukete, eta gordina baldin bada, gordina da.

Sexu harremanak gordinak dira, bai. Gordinak dira. Gero, bakoitzak jartzen dizkio erromantizismoa, maitasun infinitoa, larrosak eta txokolatea, eta nahi izanez gero, Mikel Urdangarinen abesti bat. Love actually eta Nothing Hill filmak jada DVDan gozatu genituen, baina semea etxera etortzen zaizunean zera galdetzen: "Aita, zer da felazioa? Eskolan sexu heziketakoa urduri jarri da, eta ez digu erantzun". Horregatik diot hankamotz gabiltzala, ez bakarrik profesionalen aldetik, baita etxean ere. Gurasook ere naturaltasun osoz hitz egin behar dugu sexuaz seme-alabekin, ez zerbait lizun, gaizto edo ezkutuko bezala. Pertsonen arteko errespetuan oinarritzen den harreman bat bezala, elkarren artean onartua, gozatzekoa eta ez mintzekoa, eta betiere neurriak hartu beharrekoa.

Hezkuntza etxetik hasten da, eta beste alderdien aurka egitea zilegi da, baina zer esango dizuet, nire belaunaldiko gizonezko guztiei –egun guraso direnei– porno hitzaren hamar sinonimo jartzeko eskatuko bazenizkie, honako hauek aterako litzaizkieke: Play Boy, Penthouse, Rocco Sifredi, Ciccolina, Hustler, Deep Throat (Garganta profunda) filma, Milo Manararen komikiak, Nacho Vidal, ostiral gauetako Canal+ eta Sabrina Salerno, adibidez. Eta gure gurasoei galdetuz gero, Emmanuelle edo Azken tangoa Parisen ikusteko Hendaiako zinema aretora joan behar izan zutela erantzungo dizute, eta destapea-ren aroa eta Interviu aldizkariko orrialde zentraletako emakume biluzien erreportaje grafikoak ere ekarriko lituzkete gogora. Desikasten ikasi behar dugu aurrena.

Urtarrila hasieran, William S. Burroughs idazle estatubatuar madarikatuaren Queer eleberrian oinarritutako izen bereko filma ikusi nuen Donostian, Trueba aretoan. Idazleak Mexikon egindako egonaldiaren biopic moduko bat zen, eta bertan, bera baino gazteagoa den gizon batekin maitemintzen da. Bien arteko sexu harremana modu naturalean, gordinean eta inolako lotsarik gabe dago filmatuta. XY pelikula light bat izan daiteke pasarte gutxi batzuetan, eta gustatu zait orain arte pantaila handian ikusi ez dudan zerbait jasotzea. Heteronormak haustea, eta errealitateak erakustea, nahiz eta ezkutuan mantendu nahi diren.

Oraindik ere hauts gehiegi dugu XX. mendeko teknologia zaharretan, eta garbitzea baino eraginkorragoa litzaiguke plataforma berriak jartzea geure baitan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide