Euskal Herriko hainbat erakunde publikok antolatutako hamasei literatur sariketa eta hemeretzi beka deialdi aztertu ditu Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak. Hain zuzen ere, Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat lana kaleratu berri du elkarte horrek, eta azterlana eginda, ondorioztatu du ohikoak izaten direla egile eskubideen urraketak erakundeek antolatutako deialdi horietan.
Dena den, jaso dituzte lan horretan bi eredu onen adibideak ere. Horietako bat da, hain zuzen, Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi saria. Eredu ontzak jo dute, sariaren deitzaileak ez dituelako bereganatzen saritutako obrak, beste deialdi askotan egiten dutenaren kontrara. Izan ere, irabazleak nahi duen argitaletxearekin kalera dezake saritutako lana. Gainera, udalak mila euroko saria ematen dio liburuaren ilustratzaileari. Idazleak, bere aldetik, osorik jasotzen du diru saria; hori posible egiten du udalak "sari garrantzitsu" izendapena eskatu izanak, eta PFEZ zerga salbuetsi ahal izateko egin beharreko urratsak zein diren ere zehaztu du Lanarteak liburuan.
Zarauzko Udalaren Lizardi sariaz gain, eredu ontzat jo du Lanarteak Getxoko Udalak antolatzen duen Ramiro Pinilla saria. Deialdi horretan ere, udalak ez du bereganatzen saritutako obra, idazleak nahi duen argitaletxearekin eman dezake lana argitara, eta, behin kalean denean, 1.000 euro arteko erosketa egiten du udalak berak.
Gardentasun falta
Horiek aztertu dituzten kasu bakanak dira, ordea. Oro har, deialdietan gardentasuna falta izaten dela salatu du Lanarteak. Adibide gisa jarri dituzte honako ezaugarri hauek: deialdietan gutxitan zehazten dute aurrez nork osatuko duen epaimahaia eta saritutako lana argitaratzen den kasuetan ez da zehazten egileak zer-nolako kontratua izango duen argitaratzailearekin. Hori horrela izanik, elkarteak argitalpenean jaso du sarien eta beken sistema "etiko eta duin bat" sortzeko oinarrien proposamena ere.
Bada, gainera, Lanarteak argitalpenaren lehen atalean hamasei sariketa aztertuta jaso duen ondorio bat: deialdietako askotan zehazten dute egilea behartuta dagoela lana deialdia egin duen erakundearen esku uztera, denbora batez, saritutako lanaren egile eskubideak. Hala dio Lanarteak: "Egilea obraz desjabetzeak bere eskubideak ukatzea dakar". Legeak dio egile eskubideak egilearenak direla, eta beraz, lege horren kontra egiten dute aztertu dituzten deialdietako hainbatek.
Dena den, lanean ikus daitekeenez, bekek eta sariek badituzte alde on batzuk ere. Besteren artean, "bestela nekez" lor ditzaketen diru sariak eta lanei ematen zaien ikusgarritasuna aipatu dituzte. Kontrara, baina, deialdi horiek lehia ere sortzen dutela esan du Lanarteak ondu duen lanean. Zehazki, beken alde ilunean jarri du arreta elkarteak, eta beken nahiz sariketen xedeak, arauak, jarrerak eta sortzaileei ematen dieten tratua aztertu dituzte.