Zarauztarren doinuak

Iñigo Artetxeren doinuak

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 8a, 09:00

Iñigo Artetxe musikazalea. (utzitakoa)

Zarauztarren doinuak atalaren barruan, hainbat herritarrek aukeratutako bost kanten zerrendak jaso ditu Zarautz Gukak Gabonetako oporraldian. Hamar urtez Rockumentalak egitasmoa antolatzen ibilitako Iñigo Artetxe musikazalearen proposamenek emango diote amaiera atalari.

- I heard it Through the Grapevine (Ella Fitzgerald)

Musikarekiko dudan maitasuna attitte Genarorengandik datorkit. Hark bere pasioa transmititu zidan eta Ella Fitzgerald ezagutarazi, nire lehen erreferentzia maiteenetako bat. Bere musika lagun izan dut bizitza osoan, eta bereziena orain nire 3 urteko seme Endairekin maitasun hori partekatzea da. Etxean, Ella eta Camarón de la Isla asko gustatzen zaizkigu, bi erreferente musikal handi.

Aurten, gainera, Orokietan, Ella Fitzgerald aukeratu dute musika tertuliarako eta oso polita izan zen Endaiek patioko bozgorailuetatik haren ahotsa entzun eta errekonozitu zuen unea: "Hau Ella Fitzgerald da", esan zuen harrotasunez. Ederra da musikaren magiak belaunaldiak lotzen ikustea.

- Comanche  (The Milkshakes)

Garaje punk estiloko zerbait jarri behar nuen, bai ala bai. Nerabezarotik gustatu zaidan estiloa da, eta The Milkshakesen Comanche kantua genero honen adibide garbia da, forma oso gordinean. Billy Childish ikonikoa buru duela, garage punkaren esentzia basatia biltzen du talde britainiar honek: gitarra urratzaileak, erritmo neurrigabea eta birtuosismorik behar ez duen jarrera lotsagabea. Itxurazko sofistikazio falta hori da, hain zuzen ere, abesti hau bitxi bihurtzen duena: bere energia primitibo eta desinhibitua eredugarri izan da ondo pasatzea beste helbururik ez duten hainbat musika bandetarako.

- I Found the F (Broadcast)

Musika eta zinema batzen dituen talde kuttun bat. Broadcast 1995ean Birminghamen sortutako indie-pop elektronikoko talde britainiar garrantzitsua izan zen. Bere estilo bakarrak pop psikodelikoa, elektronika esperimentala eta soinu retrofuturistak uztartzen zituen, 60ko eta 70eko hamarkadetako soinu banden estetika gogora ekarriz. Haha Sound (2003) albumeko bere kanturik aipagarrienetako bat da I Found the F.

Pista horretan, Trish Keenanen ahots hipnotikoa erritmo sinkopatuz eta sintetizadore lausoz osatutako instrumentalaren gainean nabarmentzen da, taldearen berezko melankolia eta misterioa islatzen dituen atmosfera enigmatikoa sortuz. Abestiak ezin hobeto jasotzen du Broadcasten ikuspegi artistikoa: nostalgikoa, berritzailea eta iradokitzailea.

- Spanish key  (Miles Davis)

Miles Davisen Spanish Key abestia Bitches Brew (1970) diskoko pieza enblematikoa da, musikaren historian inflexio-puntua izan zena, jazzaren eta funkaren artean zubi berritzaileak ezarri zituelako. Abesti horretan, Davisek jazzaren egitura tradizionalak desegiten ditu, eta funkean ohikoak diren erritmo elektriko eta groove errepikakorrekin fusionatzen ditu, muga estilistikoak apurtzen dituen soinu aske eta hedakorra sortuz.

Funkaren eragina oinarri erritmiko etengabean eta baxu elektrikoaren, perkusioen eta gitarraren arteko elkarrekintza dinamikoan nabari da; jazzaren izpiritua, berriz, inprobisazio kolektiboan eta Davisen tronpetaren lerro melodiko aurresan ezinetan mantentzen da.

- It’s easy (like walking) (The Sadies)

"It’s Easy (Like Walking)", The Sadies-en Northern Passages (2017) albumean dagoena, kutsu psikodelikoa duen alt-countryko harribitxia izateaz gain, ROCKUMENTALAK! Zarauzko Modelon 10 urtetan ospatu zen zinema eta musika zikloaren une esanguratsuenetako batekin lotzen dut. The Sadies-ek bi aldiz jo zuen Modelon: Northern Passagesen biran, konkretuki zikloaren hamargarren urteurreneko festan kartel buru izan ziren (Diego R. J. eta Sonic Trash-ekin batera). Niretzat, hori izan zen Modelon bizi izan den unerik garrantzitsuena hainbat arrazoinrengatik.

Baina, horretaz guztiaz gain, oso gauza berezia izan zen maila pertsonalean: Zarautza nire bizitzako talderik garrantzitsuenetako bat ekartzeko pribilegioa izan nuen. Bisita horietan, bandako kideen lagun egin nintzen. Bereziki Dallas Good ekarri nahiko nuke gogora, 2022ko otsailean hura galtzea kolpe gogorra izan baitzen niretzat. Musikari eta abeslari bikaina ez ezik, pertsona aparta zelako eta nire bizitzan arrasto ezabaezina utzi duelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide