Gukasteka

Sustraietako abestien bila herrira etorri zena

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 6a, 14:00

Alan Lomax etnomusikologoa grabaketa bat entzuten.

Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarra Euskal Herrian eta Espainian ibili zen 1952an, tokian tokiko folklorea eta herri kantuak grabatzen. Zarautz izan zen bere helmugetako bat, eta bederatzi abesti jaso zituen.

Datorren urtarrilaren 31n Alan Lomax (AEB, 1915-2020) etnomusikologo garrantzitsuaren jaiotzaren 110. urteurrena beteko da. Musikazale den ororentzat eta, batez ere, tokian tokiko doinuen sustraiak ezagutzea gustuko duen horrentzat pertsona benetan interesgarria. Nazioartean aski ezaguna da XX. mendeko han-hemengo abesti herrikoien bildumagile handiena izan zelako.

Handiena esanez nabarmentzea ez da inolako ahoberokeriarik: Muddy Waters, Leadbelly, Woody Guthrie edo Jelly Roll Morton bezalako blues musikariak famatzeaz gain, AEBeko ibai nagusien hegietako kantugintza eta Italia, Irlanda, Bahamak, India, Rumania eta Espainiako folka aztertu eta grabatu zituen. Baita Euskal Herrikoa ere; eta tartean, Zarautzen hartutako bederatzi abesti.

Hain justu ere, Euskal Herrian eta Espainian 1952 eta 1953 urte bitartean ibili zen, frankismo betean, eta Lomaxen grabazioak sasoi ilun hartako lekuko dira. BBCrekin elkarlanean, bilduma Jeanette Pip Bellen laguntzarekin grabatu zuen, eta Eduardo Turner, Juan Uria Riu, Julio Caro Baroja, Antonio Mari, Walter Starkie eta Radio Nacionalaren babesa izan zuen.

Etnomusikologo estatubatuarrak bere ibilbide zabalean egindako bilduma oparoa eskuragarri dago Lomax Digital Archive artxibo digitalean. Zarautzen grabatutako abestiak ondorengo hauek dira: Agur Jaunak, Alkate Soñua, Aurresku: Baile señorial, Fandango Arin-Arin Suite (part 1), Fandango Arin-Arin Suite (part 2), Fandango (exit music), Ukazurria, Maritxu, nora zoaz? eta Unidentified song.

1952ko abuztuaren 20an erregistratuta daudela zehazten du Lomaxen artxiboak, eta bildutako abestiak bi multzotan banatu behar dira halabeharrez: batzuk, txistulariek jotakoak direlako, eta beste batzuk, berriz, lagun gutxiz osatutako koru baten eskutik. Txistularien kasuan, Zarauzko Txistulari Bandak jotzen duela dio webguneak, baina audioak behin baino gehiagotan azpimarratzen du Gure Kabia txistulari taldeak eskainia dela. Bien bitartean, artxiboan jartzen du Cipriano Zubizarreta, Jesus Urdanpilleta, Jose Maria Eizagirre eta Emiliano Alberdi direla abestian entzuten diren txistulariak. Abesti denak dira ezaguna, baina harritzekoa da Fandango Arin-Arin Suite (part 1) delakoak daraman izena, zeren azken finean betiko Agurra baita.

Koruari dagokionez, ezin jakin serioski eratutako abesbatza den ala grabaketarako espresuki kantuan jarritako lagun talde bat; are gutxiago grabaketa haiek jai baten bueltan eginikoak izan ote ziren ere. Piezak inprobisazio hutsak dira, amaierako txaloekin eta errepikapenetarako zalantzekin. Bestalde, publikoaren ahotsa entzuten da maiz, euskaraz xuxurlatua. Bitxikeria moduan, ahotsez kantatutako Ukazurria pieza ezohiko samarra dela esan daiteke azken urtetako euskal errepertorian, eta Unidentified song edo identifikatu gabeko abestia Isil-isilik dago da.

Basque Country: Biscay and Guipuzcoa The Spanish Recordings izeneko diskoan jazo zituzten Zarauzko abesti haiek, Donostian, Oiartzunen, Ondarroan eta Zeanurin grabatutako beste hainbat piezekin batera. Argi eta garbi adierazita, nola ez, Alan Lomaxen bildumakoak zirela. Beranduago, 2004an CD formatuan argitaratu zuten berriro. Aurrez, ordea, BBC irrati katean eman zuten Spain: Vigo to San Sebastian saioan, 1956ko irailaren 21ean; Espainiako eta Italiako lurraldeetan hartutako abestiak 1953tik1956a bitartean egindako saioetan ematen joan ziren apurka.

Erreportaje hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen aurrez. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, baina protagonistak beti dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide