Gukasteka

Aio, lasai

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 4a, 09:00

Agurreko kontzertu batek jendetza biltzen du. (Pixabay)

Zarautz Gukako kazetari Aritz Mutiozabalek Gukastekaren Behatxuloa atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Musikarien agurreko kontzertuen eta gero arteko biren inguruan hausnartu du.

Agur. Diosalaren hitz jatorra, baina aldi berean kaixo-ren antonimoa edo ez, behintzat, parekoa. Gizalegez lagunari, bizilagunari edo lankideari opa diozuna denbora tarte mugatu baterako edo mugagaberako. Aldi baterako denean, gero arte, laster arte edota bihar arte erabiltzen da, eta agur oso egunerokoa den arren, ez dizu argi uzten noiz artekoa den despedida. Are gutxiago Erasmus programarekin atzerrira ikastera joan bada seme-alaba, beste herrialde batean lan egiten badu senideren batek, laguna beste herri batera ezkondu bada edo unibertsitateko ikaskideak bi urtean behin elkartzen bazarete.

Agurrek badaramate soinean nolabaiteko oilo azala, halako dardara eta izua. Berekin ekar dezaken ziurgabetasun guztiarekin. Ez baita haserrealdi baten ondoren, atea muturrean ixten duenaren agurra, ezta erakunde publikoek herri xeheari erakusten dioten bizkarra edo bikote harreman baten gatazkaren azkenekoa ere. Maitia, lehen baino lehen aska gaitezan!

Agian, Ertzainak bera izango zen agurreko kontzertu batekin hasi eta hiru emanaldi jarraian eskaini zituena. Zaleak duda-mudatan geratu ziren benetan azkena zein izan zen, zeinetan eman zuten musikariek beraien onena. Agur bat esan behar badut, bakarra izango da, eta ez aio, hurrengora arte eta joan zaitezte Jaunaren bakean!  "Euskadin rockanrollak ez du dirurik emanen, baina inon baino alaiagoa izanen da…”. Patrikak lepo puztuta, niri ere Guantanamera dantzatzeko gogoa sartuko litzaidake.

Bestela, galdetu Fermin Muguruza komandanteari. BECeko sarrerak agortu ostean, Anoetako bigarrengo kontzerturako sold out-aren bila doa. 40 urteko biran murgiltzekoa da, eta ezin agur esanda dabil bere brigadista maite guztiei, nahiz eta dantza egin zuen azken gudan. Marketin txin-txin, diruaren hotsa. "Harexek ematen dit maitia, bihotzian poza!".

ETS, En Tol Sarmiento edo Eusko Trenbide Sareak taldeak duela urte pasatxo iragarri zuen, alarau handiak eginez, atseden hartu aurreko kontzertu berezia eskainiko zuela BECen 2025ean. Data iristear da, eta Abuela maitea kokoteraino egin naiz Arabako boskotearekin. Pandemian txertoak nola erosi zituen jendeak arrapaladan kontzertuko sarrerak, munduak hurrengo egunean eztanda egingo balu bezala. Hilabeteak aurrera joan ahala, ETSk udako festa guztietan jo zuen, eta doan. Zarautzen, Dama parean ikusi genituen abuztuan ETSkoak garraiobide publikorik hartu gabe.

Badira Lanbideko ilaran jarri direnak edo jarriko direnak: Eraso!, Huntza, Delirium Tremens… Aio, lasai! Anestesiarekin gaizki ulertu bat egon zen edo oharrak interpretatzeko modu ezberdina. Hainbat urtez, gorabehera batzuk tarteko, ezinezkoa izan zitzaien iragarritako bira aurrera eramatea, baina, azkenean, indarberritu eta kontzertuetara itzuli dira aurten. Ohar "polemikoak" agurreko bira izan zitekeela iradokitzen zuen, nahiz eta Mikel Kazalisek ondoren ez zuen halakorik baieztatu. Agur, etsi dut, dio haien abestietako batek, baina printzipioz, ez dirudi.

Etsi hitza ez nuke erabiliko Benito Lertxundiren kasuan. Barruko argia itzali zaiola, oholtzara igotzeko ilusioa akitu, hori bai. Egungo musikagintzaren alderdi kontsumista basatia eta music business guztia antzarak ferratzera bidalita esanda agurtu da, eta beragatik balitz, agurrik ere ez zukeen esango. "Azken birarik eman gabe nola egin dezake halakorik?" 60 urte aritu da eta orain bale egin duenean, amaierako kontzertuen fetixistak bihurtu al gara? Orain arte, zuzenean ikusi ez baduzu, azal lodia izan behar du pertsonak halakorik eskatzeko.

Beste batzuk, aldiz, orduz lehen jartzen diote argia haien izarrei. Lau haizetara zabaltzen dute 2025ean emango dituztela beraien azken kontzertuak, 2026. urtea sormenerako probestu nahi dutelako, abesti berriak ontzeko. Bulego taldearen albistea irakurri nuenean barrez lehen hasi nintzen, berria bera iragartze hutsak sorrarazi zidan auzolotsagatik. Hori musika talde guztiek egin izan dute beti; denek egiten dute eten bat disko berria lantzeko, baina inolako zalapartarik gabe. Okerrena da agur kontzertu bat antolatu duela azaroaren 9an Bilbon, baina zeren agurra da hori?

Abenduaren 31ko gauerdian 2024ari agur esateko ekitaldi bat antolatzen ari naiz, nire azkena izango da, 2025era arte ez baitut iritzi artikulu gehiago idatziko. Beraz, ez ezazue galdu aukera! arrakasta onenez gozatu ahal izango duzue, autotune-az modulatutako ahots xuxurlari eta sarkor honekin. Abagune ahaztezina izango da, euskal kulturarako punta-puntako gonbidatuekin, eta lehenengo ehun sarrerentzat merchandisingeko zenbait artikulu doan. Sarrerak: patioan 120 euro, tribunan 180 euro eta balkoian 100 euro. Inuzentea bazara erosi, eta bestela… Kaixo!

Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen duela aste batzuk. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide