Koldo Arakistain: "Estreinaldia beti izaten da momentu zaurgarria"

Intza Trula 2024ko abe. 20a, 10:00

Koldo Arakistain zirkuko artista. (Intza Trula)

Berdinki zirku konpainiako kideetako bat da Koldo Arakistain (Zarautz, 1985), eta gaur Leinu ikuskizuna taularatuko dute lehen aldiz, Zarauzko Modelo aretoan.

Handitan zer izan nahi zenuen galdetzen zutenean eskolan, askok ez zuten erantzungo «zirkuko artista». Baina zu eskolan bertan hasi zinen trebatzen.

Nik zortea izan nuen Zarauzko ikastolan. Talde helduago bat ostiral iluntzeetan gimnasioan elkartzen zela jakin genuen lagun batek eta biok. Kasualitatez izan zen, gainera, patinetan ibiltzeko geratu baikinen egun hartan. 20:00etan argiak piztu zituzten eta leihotik begiratu genuenean, malabareetako tresna mordoa eta jende ugari zegoela ikusi genuen. Horrela izan zen nire deskubrimendua, ikastolan bertan, baina eskola ordutik kanpo.

Orduan garbi ikusi zenuen zure bizitza zirku munduari lotuta garatuko zenuela?

Ez neukan arrastorik ere, eta hori esan izan balidate, ez nukeen sinetsiko. Garai hartan, abesbatzan aritzen nintzen eta musika asko gustatzen zitzaidan, baina oholtzako lana... Tira, antzerkia ere atsegin nuen, baina ez nuen uste hau izango zenik nire lanbidea. Ez da ohiko lanbidea.

Zirkuaren aldeko hautua egin zenuenean, jendeak erotzat hartu al zintuen?

Hasieran, lau paretaren artean gertatzen zen zerbait zen zirkua. Gero, 2004ko udan, Torre Luzeako partean elkartzen hasi ginen astean behin, probatu nahiko zukeen jendeari eskura jartze aldera; izan ere, toki itxi batean eginez gero, ez da ikusten dinamika hori. Material guztia Patxi Agirrezabalek ekartzen zuen, eta niri hasiera-hasieratik monozikloa erabiltzeko sukarra sartu zitzaidan. Tramankuluan ibiltzen ikastearekin tematu nintzen, eta hark lagata hasi nintzen hara eta hona, malekoitik eta kaletik, monozikloarekin mugitzen. Orduan, bai, hasi zitzaidan jendea galdezka; ea zertan nenbilen edo hura nondik atera nuen galdetzen zidaten.

Zirkuak diziplina asko barnebiltzen ditu. Zertan zaude espezializatuta zu?

Hala da, diziplina oso ezberdinak landu daitezke zirkuan. Monozikloarekin eta mazoekin malabareak egiten hasi banintzen ere, egun binakako akrobazia jorratzen dut. Irati Gonzalez topatu nuen bide honetan, eta elkarrekin Berdinki konpainia sortu genuen. Binakako gorpuzkera akrobazia egiten dugu, baita aireko akrobazia ere, trapezio batetik zintzilik. Nik, berez, ohe elastikoan espezializatu nahi nuen. Asko gustatzen zaidan zerbait da, baina logistikoki ez da batere erraza, eta konplexua da ikuskizun bat muntatzea horrekin. Dena den, akrobaziak lantzeko aparatu oso ona da.

Leinu ikuskizuna estreinatuko duzue gaur, etxean. Emanaldiaren aurretik, urduri?

Bestela ere urduri egongo nintzateke, estreinaldi bat delako. Baina Zarautzen izatea benetan pozgarria da niretzat. Neurri batean, babestuta sentitzen zara familian aurkeztuko duzulako, baina kontuan izanda txaponak bi aurpegi dituela. Estreinaldi bat beti izaten da momentu zaurgarria: ate barruan lan izugarria egin da, eta atea zabaltzera zoazenean, halako korapilo bat sortzen da barrenean. Eta etxean izateak ere, ematen dizu bertigo puntu hori, beste herri batean izaten ez duzuna.

Bigarren sorkuntza egonaldia egin genuenean, Irati lankidea haurdun geratu zen, eta horri heltzea erabaki genuen. Hala, lan berriaren gaia legatua edota oinordetza da. Biologoek esaten dute mundu honetan sortzen garen guztiok aztarna utzi behar dugula hil aurretik; gizakia ugaztuna den heinean, hori ugalketa da. Artisten arrastoa haien obra litzateke, eta gu, 40 urteren bueltan gabiltzala, ingurura begira jarri gara eta zera ikusi dugu: gero eta jende gehiago ari da haurrak ekartzen, haien egunerokoa eta kuadrillako hizketagaiak aldatuz. Hori gurera ekarri dugu, baita sormen prozesuan zehar ere. Beraz, lankidearen haurdunaldia aprobetxatzea erabaki genuen ikuskizuna garatzeko.

Elkarrizketa hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko joan den asteko zenbakian kaleratu zen. GUKAsteka astean behin bidaltzen zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, eta protagonistak beti dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide