Gabon kanta berriei oleska

Ane Insausti Barandiaran ('Berria' egunkaria) 2024ko abenduaren 22a

Gabonetako abestien letrak aldatzen hasi dira hainbat ikastetxetan: hitz erlijiosoak eta matxistak kendu dituzte. Batzuek uste dute beharrezkoa dela tradizioak eguneratzea, eta besteek, berriz, sortu ziren garaiko testuingurua ulertzeko balio dutela. Berria egunkariak, besteak beste, Kontxi Aizarnarekin hitz egin du gaiaz.

Gabonak kas-kas ari dira atarian, gaztaina ximelak jateko prest daude etxeetan, eta Olentzero mendira lanera joan dela kantatzen ari dira umeak eskoletan. Etenik ez duen transmisio katea dira gabon kantak, baina ez horregatik berrikuntzarik gabeak: hainbat ikastetxe abestiak aldatzen hasiak dira, erlijioarekin lotutako zatiak eta hitz matxistak kentzeko. Oraindik denak ez daude prest aldaketa horiei oles egiteko, ordea. Herritar batzuek uste dute hitzak aldatzea ez dela beharrezkoa. Iaz, Gasteizen, Olentzeroren etorreran «Aditu zuanian negua heldu dela» kantatu zuten, «Jesus jaio dela» kantatu beharrean. Eta gotzaindegiak ohar bat atera zuen, hori kritikatzeko.

Gabonetako abesti asko eta askoren hitzak Xirula Mirulan sortu zituzten, Imanol Urbieta zenak eta Kontxi Aizarnak. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, eta urte askoan egindako lanari esker, herrikoi bihurtuak dira jada. Aizarnak uste du aldaketak beharrezkoak direla, baina, era berean «kontraesanak» sortzen dizkio gaiak, «korapilatsua» delako.

Batetik, esan du abesti tradizional horiei eustearen aldekoa dela: «Gabon kanta horiek, betidanik egon diren horiek, testuinguru jakin batean sortu ziren. Melodia polit bat egin eta gero hitzak jarritakoak dira asko. Orduan, melodia errespetatzen bada, zergatik ez errespetatu hitzak ere?».

Bestetik, ordea, ulertzen du ikastetxe asko laikoak direla, eta ez daudela ados abestien hitzetan adierazten denarekin: Jesus jaio da, Birjina maite... «Hitz jakin bat balitz, aldatu egingo nuke. Bestela, pentsatzen dut testuinguruan jarri behar direla gauzak, eta ikasleei ere esplikatu behar zaiela: ‘Begira, horrela kantatzen zen, giroa ere horrelakoa zelako’». Uste du historia azaltzeko baliatu daitekeela aukera, eta baita haurrei ados ote dauden edo ez galdetzeko ere.

Xirula Mirulan, hutsetik sortu zituzten kantu eta hitz batzuk, eta beste batzuk, berriz, beste hizkuntza batzuetatik hartzen zituzten, eta euskaratu. Hala, hitz batzuek erlijio kutsua zuten, Imanol Urbietak berak ere testuinguru horretatik edan zuen eta, hala nola ikasketetan, nahiz eta gero ez praktikatu. Halere, Aizarna ados dago aldaketak beharrezkoa direla: «Aldaketak behar direla? Dudarik gabe, gizartea ere aldatu da eta. Hitz bat-edo bada behintzat. Baina abestia osorik aldatu nahi badugu, zergatik ez berriak sortu? Bertso doinuak hartu, eta asma ditzagun hitzak, ea gure artistak non dauden! Baina horretan ez da inor ausartzen, nonbait...». Hala egin du Izaro abeslariak, esate baterako; gabon kantak sortu ditu, eta disko batean bildu.

Eman ditu pista batzuk, gaur egungo gabon kantak nolakoak egingo lituzkeen: mezuari emango lioke garrantzia. «Neguko solstizioari buruz egingo nituzke, Olentzeroren jatorriari buruz, ikazkina zela, enborra sutan erretzen zela beroa emateko eta janaria prestatzeko, edo argitasuna ematen zuela negu iluneko egun horietan». 

 

Izan ere, kritiko azaldu da gaur egun Olentzero ulertzeko dagoen moduarekin. Olentzero «noelizatuta» dagoela uste du: «Olentzero Bizarzuriren pareko bihurtu dugu pixka bat, opariak ekartzeko. Uste dut ez daukala zerikusirik; Olentzero pertsonaia mitologikoa da».

Dena den, poza ematen dio ikusteak sortu zituzten abestiek bizirik irauten dutela, sentitzeak transmisio lan hori egiten ari direla. «Izan garen hori transmititu behar da, eta gero ikusiko dugu kasu egin edo ez egin. Baina, gutxienez, jakitun izan».

Erreportaje osoa irakur daiteke Berria.eus atari digitalean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide