Desagertuta dauden garaiko ogibideei erreparatuz gero, eta are gehiago udatiarrentzat sortutako lehenengotarikoa, bañeruak edo bainulariak izan ziren. Errege-erreginen familien eta ahaideen nahiz bisitari aristokraten bainu seguruaz arduratzen ziren herritarrak ziren, eta familia negozio moduan funtzionatzen zuen, esplizituki handi-mandiei zerbitzua eskaintzeko.
XIX. mendearen bigarren erditik XX. mendearen erdialdera arte iraun zuen bainularien ofizioak. Familia jakin batzuk bakarrik arduratzen ziren zeregin horretara –Roke Etxabe (1878ko baleari arpoia sartu ziona), Gabirondo, Yeregi, Egibar, Sorreluz eta Motza–, eta negozioa familian geratzen zen, eskubideak oinordetzan hartzen baitzituzten ondorengoek. Hori horrela, lanbide itxia zela esan daiteke, ez zegoela edonoren eskura.

Sasoi hartan zarauztar xumeek ez ziren hondartzara jaisten, eta nobleziarena zen bakar-bakarrik natur gunearen erabilera. Gainera, bainatzeko modua ez da egun ezagutzen den bezalakoa; aitzitik, oso hertsia eta mugatua. Bainulariek ekainetik urrira egiten zuten lan, eta goizeko 06:00etan [egungo 08:00etan] hasten ziren lehenengo txandarekin. Oso klasista zenez, goizeko lehen orduan handizkien zerbitzuko langileak uretaratzen ziren, multzoka; 40 lagun izaten ziren, eta bakoitzeko erreal bana jasotzen zuen bañeruak.
Ordu batzuk geroago, 10:00etan, emakume ezkongabeen txanda izaten zen, eta jarraian, udatiarrena, hala nola mediku, abokatu eta klase ertaineko jendearena; horiek hogeinaka sartzen ziren itsasoan, eta normalean bakoitzak hiru olatu pasata ateratzen zituzten hondarretara, baina medikuei bederatzi olatu ere uzten zizkioten.

Azkenik, aristokraziako emakume eta jaun txit gorenek hartzen zuten bainua, eta hauek nahi beste denbora pasatzen zuten uretan. Gurpildun etxola batzuetan eramaten zituzten itsasertzeraino –batzuetan jauregietatik idiek bultzaka eramaten zituzten eta besteetan, orokorrean,bainulariek beraiek–, eta hiru bainulariren laguntza izaten zuen familia bakoitzak bainatzeko orduan; ordainetan eskupeko ederrak jasotzen zituzten.
Isabel II.a erregina ere horrelaxe bainatzen zen, Narrosko jauregian ostatua hartu eta 1865ko eta1866ko udaldiak pasatzera etorri zenean; hurrengo urtetik aurrera Donostiako Miramar jauregian igaroko zituen oporrak. Pasadizo maitagarri bat bada horren karietara, ahozko transmisioari esker herritarren artean zabaldu dena. Euskal zarauztar xume baten eta monarkia espainiar gorenaren arteko bat-bateko egoera naturala da, itsasoan pertsona guztiak berdinak direla erakusteko metafora sinple bat. Izan ere, Isabel II.a bainua hartzen ari zen egun batean, bainulariak ondorengoa esan omen zion: "Altza la pata reina, que viene olatu!"
Artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen duela aste batzuk. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.