Urte asko daramatzazu Zarautzen, baina noiz iritsi zinen Euskal Herrira? Lehendabizikoz, Patxiren [Francisco Franco] azken urtean. Sanferminetan etorri ginen, eta egun batean lagunekin Lekunberrira [Nafarroa] joatea erabaki genuen. Bertan entzun nuen estreinakoz euskara. Artean banekien euskara existitzen zela, baina entzuten nuen lehen aldia zen. Orduan, Iruñera itzultzean, euskarari buruzko oinarrizko liburu bat erosi nuen, eta nire ikasketak hiru urtetan amaitu nituenez, lau urtetan beharrean, urtebete hori Euskal Herrian igarotzea erabaki nuen. Euskara ondo ikasteko, baina, konturatu nintzen beste nonbaitera joan behar nuela, eta Lazkaora [Gipuzkoa] joan nintzen. Pixkanaka-pixkanaka lortu nuen bizimodu bat sortzea.
Eta zerk ekarri zintuen Zarautzera?
Emaztea eta ni ezkondu ginenean, Ameriketako Estatu Batuetan igaro genituen bi urte, eta jarraian berriro Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen. Lana Donostian aurkitu nuen nik, baina ez nuen han bizi nahi; nire emazteak, aldiz, ez zuen herri txiki batean bizimodua eraiki nahi. Bi aukera genituen orduan: Hondarribia edo Zarautz.
Nolako prozesua izan zen bertan bizimodua sortzea?
Hasieran ez genuen inor ezagutzen. Garai hartan Extremaduratik-eta [Espainia] etortzen ziren hona bizitzera, eta beraz, ni bezalakoak arraroak ginen. Euskaraz hitz egiten nuenean, saltokietan-eta gaztelaniaz erantzuten zidaten; beraz, pentsatu nuen gaztelaniaz ez nekiela esatea. Horrela lortu nuen niri euskaraz egitea, jarrera irmoa erakutsita. Bestela gaztelaniaz egiten zidaten.
Dena dela, euskara jakinda nahikoa al da bizimodu erosoa egiteko?
Ez da nahikoa, ez. Azken finean, kanpotarrak oso arraroak gara, eta gehiago edo gutxiago, baztertuta bizi gara. Ez da nire kasua bakarrik, ezagutzen ditut Bizkaiko beste batzuk ere, eta gauza berbera gertatzen zaie haiei.
Zure jaioterrira itzultzeko gogorik izan al duzu inoiz?
Ez, ez. Egia esan behar badut, behin aukeratzen hasita, agian Portugal aukeratuko nuke, baina AEB sekula ez.
Eta hara itzultzean, arrotz sentitzen al zara orain?
Bai, bai. Pentsa, hara itzuli eta ingelesez entzuten nauten ia guztietan galdetzen didate ea Europakoa naizen. Beti diot: edonongoa naiz, eta inongoa ez.
Zure abizena nahiko zarauztarra da, ezta?
Abizenena Iberiako kontua da, eta ordenaren kontua estatuarena. Portugalen, adibidez, lehenik amaren abizena jartzen dute, eta bigarrenik aitarena. Nik bakarra nuenez, hemen bigarren abizena jartzea egokitu zitzaidan, eta trikimailu bat edo beste eginez, Pagoeta jartzea lortu nuen. Dena dela, egia esan behar badut, nik deitura bakar bat dut, eta hori Morris da. Bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak... berdin zaizkit, egia esan.
Zure abizena ezaguna da lehen ingeles-euskarazko hiztegiaren izena delako. Nolatan sortu zen proiektu hori?
Beasainen [Gipuzkoa] bizi nintzela, nire frustaziorik handiena zen hiztegirik ez egotea. "Hori ezkurra da", esaten zidaten, eta nik: "Zer da ezkurra?". Haiek "bellota" zela erantzun, eta nik, berriro, "zer da bellota?". Gaztelania eta ingelesa lantzen dituen hiztegi batera jo behar izan nuen ezkurra acorn dela jakiteko. Galdetu nien ea ez al zegoen ingelesetik euskararako hiztegirik, eta ezezkoa erantzun zidaten. Nik neuk egiteko erronka bota zidaten, eta orduan hasi nintzen egiten. Harrezkero, urte asko pasatu dira.
Bideo-elkarrizketa GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko azken zenbakian dago ikusgai. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.