"Gipuzkoako edozein herritarri laguntzea, baldin eta bakarrik sentitzen bada sufrimendu-egoeraren bati aurre egiteko garaian". Laburbilduta, horixe da 1987. urtetik Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak egiten duena, eta bertako langileetako bat da Beñat Benitez zarauztarra.
"Entzuteko gaude", azpimarratu du Benitezek. Horretarako, bi zerbitzu eskaintzen ditu Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak: alde batetik, BadaBideBat izeneko zerbitzua ematen dute duela hiru urtetik. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutako programa da, eta telefono deien, webguneko txataren eta Whatsapp mezuen bitartez "arazo pertsonalak, sozialak, familiakoak, lanekoak, ikasketetakoak eta abar" dituzten gazteak artatzen dituzte bertan. "Antsietate egoeran dauden gazteekin hitz egiten dugu gehienbat", zehaztu du lankideak. Entzun ez ezik, egoera horiei aurre egiteko "tresnak" eta "baliabideak" ematen dizkietela ere gaineratu du.
Bestetik, bigarren zerbitzua Albaindu izango litzateke. 30 urtetik gorako herritarrei zuzendutako "entzute aktiboko, laguntza emozionaleko eta aholkularitza psikologikoko zerbitzua" da. Era berean, Gipuzkoan herritarren eskura dauden gizarte-baliabideei buruzko informazio eta orientazio zerbitzua ematen dute. Zerbitzu honetan, bereziki, "bakardade sentipena duten pertsonen deiak" jasotzen dituztela azaldu du Benitezek.
Telefono bidezko arretaz aparte, arreta psikologiko presentziala ere eskaintzen du Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak. Benitezek argitu duenez, "beharrezkoa" den kasuetan bideratzen dute horra herritarra. "Ez gaude inor epaitzeko, eta garrantzitsua da jendeak hori jakitea. Pertsonak babestuak eta entzunak izatea nahi dugu". Ildo beretik, zerbitzuaren garrantziaz mintzatu da Benitez: "Horrelako zerbitzu bat beharrezkoa ez izatera iritsi behar dugu".
Elkarteak eskaintzen dituen bi zerbitzuak doakoak eta anonimoak dira. Hori horrela izan dadin, Benitezek esan du "oso garrantzitsua" dela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duten Gizarte Politiketako hitzarmena. Halaber, gizartearengana hurbiltzeko ekimenak ere egiten dituzte udal ezberdinekin lankidetzan. Horien adibide da, esaterako, Maitatzearen artea izeneko erakusketa ibiltaria.
Boluntarioak, ezinbesteko
Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren jarduna ez litzateke bera izango boluntarioen lanik gabe. Izan ere, deiak erantzuten dituzten langileek musu truk egiten dutela kontatu du Benitezek: "Jende askok du albokoari laguntzeko nahia; pertsona ugarik idazten digu egunero laguntzeko zer egin dezakeen galdezka".
Zarauztarrak argitu du telefonoaren beste aldean dauden boluntario horiek hiru hilabeteko formakuntza bat jasotzen dutela lanean hasi aurretik. Era berean, simulazioak egiten dituzte lana burutzeko gai diren ala ez jakiteko. Hala eta guztiz ere, prozesu guztia psikologoek eta gizarte-langileek ikuskatzen dute. Arreta psikologiko presentziala, berriz, psikologo profesionalek ematen dute.
2023ko datuak
Benitezek iazko datuen berri ere eman du. BadaBideBaten, esaterako, 187 pertsona artatu zituzten iaz, eta horietatik %37,5 migranteak ziren. Arreta psikologiko presentziala jaso zutenak, berriz, 32 izan ziren.
Albaindu zerbitzuan, berriz, 2.265 dei jaso zituzten iaz. Horietako %61 emakumezkoek egin zituzten, eta bakardadeaz esplizituki hitz egiteko deitu zutenak %29,8 izan ziren (675 dei). Gainera, bere buruaz beste egiteko ideia zuten hogei pertsona artatu zituzten; horietatik %60,9 gizonezkoak ziren. Arreta psikologiko presentziala, berriz, 27 pertsonak jaso zuten.
Artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.