Gukasteka

Herria herri

Elaia Aizpurua 2024ko aza. 30a, 13:30

Dozenako pertsiana koloretsu itxita. (Pixabay)

Elaia Aizpurua idazleak etxebizitza arazoaren inguruan hausnartu du   Gukastekako Behatxuloa iritzi atalean, udatiarrak abiapuntu gisa hartuta.

Bazkalondoko lo-kuluxka gehiegi luzatuz gero Getaria aldetik eguzkia nola ezkutatzen den ikusi gabe geratzeko arriskua dago duela bi aste edo. Kuadrillan ez dugu malekoitik pasieran ibiltzeko ohitura nabarmenik, ezta ostantza ikustera joatekorik ere, baina joan den larunbatean kanpoan ikasten dugunok kresala faltan sumatzen genuela eta, lokala malekoiarekin trukatu genuen. Siestarik gabe eta presaka elkartu ginen, eta astean zehar bakoitzari gertatutako txikikerien inguruan barrez jardun genuen Dama parera iritsi arte gutxi gorabehera. Orduan ohartu baitzen gutako bat eskuinaldetik atzean uzten genituen eta itsasoari zuzen-zuzenean begira zeuden eraikinetan zenbat eta zenbat pertsiana zeuden jaitsirik. Udatiarren etxeetako pertsianak.

Ez diet inoiz estimu berezirik izan udatiarrei, ulertzen dudan arren, herriaren ekonomiarentzat ezinbestekoak izan direla betidanik. Hala ere, zenbateraino da ezinbestekotasuna zilegi, herritar gazteok alde egitera behartzen bagaituzte?

Ez dago nahiko etxerik Zarautzen etxe bat nahi duten guztientzat. Ekonomiaren oinarri den eskaintza eta eskariaren legeak garbi uzten du hori pairatu beharreko prezio zentzugabeekin. Bizitza edonon garestitu da, baina bereziki kezkagarria da gurean gertatzen ari dena. Noski, errudun soiltzat ezin ditugu udatiarrak jo, baina udan hogei mila biztanle izatetik ia berrogeita hamar mila izatera igarotzen bagara, zer pentsatua ematen du; eta erruaren zatitxo bat bada ere derrigor dagokie.

Herritar guztiak ere, ordea, ez dira hobengabe kaltetuak; bat eta bi baino gehiago baitira udatiarren konplize eta etxebizitza (zein etxabe) turistikoen jabe. Herritar gazteok emantzipatu ezinik, ez horren gazteak alokairua ordaindu ezinik, baina batzuek nahiago dute Zarautz Euskal Herriko Benidorm bihurtu poltsikoak betetzen dituzten bitartean, diru-zorroa arinago izan eta herria herri mantendu baino. Giri alemaniarren bisitak onartuko ditugu, baita Zaragozatik edota Madriletik datozenenak, bien bitartean, kuadrillako baten lehengusua Aiara joan behar izan da.

Uda igarotzera datozenei diedan estimu-eza ez dator etxebizitzen gatazkatik, ez dator gehienez bi hilabete eman ondoren pertsiana jaitsi eta hanka egiten dutelako. Baizik, pare bat udatan ostalaritzan lan egin ondoren, ziurta dezakedalako, artaburuak ez direla derrigor Alemanian edo Madrilen jaioak, baina haien jokabideei erreparatuz, badirudielako, ausaz edo, gehiago jaiotzen direla halako lekuetan.

Udako bisitarien aurkako konspirazioa amaitzerako ezkutatu zitzaigun eguzkia Getaria aldetik. Aldatu dute ordua, eta nabari da. Aldatu dute ordua, erori dira hostoak, jaitsi dituzte udatiarrek pertsianak eta joanak dira etxera, aspaldi joanak ere. Herriak herri biziraungo du, eguzki tarte ilaunak berriz luzatzen ez diren artean behintzat.

Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide