EH Bildu kritiko agertu da Zarauzko Udal Gobernuak abiatzen dituen parte hartze prozesuekin. Koalizio subiranistaren ustez, prozesua egin duela "esan ahal izateko tramitea" da: "Batzuetan, ondoriorik gabeko entzunaldi hutsa izaten da. Beste batzuetan, prozesuaren informazioa webgunean zintzilikatu eta jendeak parte hartzeko zain geratzera mugatzen da. Eta, beste hainbatetan, entzuteko borondaterik ere ez du izaten Udal Gobernuak".
Udal aurrekontuen harira, auzoz auzo egiten dituzten bilera irekiak jarri ditu horren adibide. Bizilagunek aurrekontuetarako egiten dituzten proposamenek aurrera egiteko "aukera errealik" ez duela ematen dio EH Bilduk: "Ez dago leheneste ariketarik, ezta erabakietan eragiteko aukerarik ere. Inolako emaitzarik eman ez duen irudi operazio antzua besterik ez da izan".
Zaku berean sartu du Turismoko plan estrategikoari ekarpenak egiteko galdeketa ere. Aurtengo udan jarri zuen aipatu galdetegia udalak bere webgunean, baina koalizioari iruditzen zaio Udal Gobernuak ez zuela "benetan" parte hartzea bultzatu. Datuak mahai gainera eraman nahian, galdeketa 38 herritarrek bakarrik erantzun zutela gaineratu du. Uda sasoia galdeketak egiteko "datarik okerrena" dela argudiatuz, EH Bilduk galdeketa errepikatzea proposatu zuen irailean, baina ezezkoa jaso zuela jakitera eman du.
Galdeketarena ez dela kasu isolatua izan adierazi du EH Bilduk. Festei eta festetara bideratutako baliabideei buruzko balorazio bilera irekia egitea proposatu zuenean, "horren beharrik ez" zegoela erantzun zien, eta 2023ko uztailean Santa Klara komentuaren etorkizunari buruzko prozesu irekia martxan jarri zutenean, "benetako parte hartzea izan zedin batere borondaterik ez zuen jarri Udal Gobernuak orduan ere".
Datozen hilabeteetarako Amalur parkeko edo etxebizitza turistikoei buruzko parte hartze prozesuak iragarri ditu Udal Gobernuak, eta EH Bilduren udal taldea "kezkatuta" dago, "berriz ere tramitea pasatzeko moduko prozesu hutsalak izango diren beldur".
"Gertu sentitu"
Garbi dago parte hartze kontzeptuaren inguruan arrakala bat dagoela, eta EH Bilduk eta Udal Gobernuko taldeek ez dutela berdin ulertzen. Koalizioaren iritziz, "herritarrek Udal Gobernua gertu sentitu behar dute, eta haien proposamenak aintzat hartzen dituela jakin". Horretarako, udalak "jarrera aktiboa" izan behar duela uste du, eta herritarren hitza "benetan aintzat" hartzen duela erakutsi.
EH Bildurentzat webgunean zintzilikatutako galdeketa bat "ez da parte hartzea "eta jendeak ekarpenak egiteko "benetako ahaleginik gabeko prozesu bat" ere ez da. Parte-hartzeak "benetakoa" izan dadin "ezinbesteko osagai" batzuk izan behar ditu: "Informazioa eman, eztabaida erraztu, leheneste ariketak bideratu, erabakietan parte hartzea eragin, eta jarraipena egin". Zentzu horretan, koalizioak nabarmen adierazi du hori ez dela Zarauzko Udal Gobernuak egiten duena.