Barruko ahotsari jarraika

Mireia Galarza Bastida 2024ko azaroaren 21a

Henry Chicho Huamanchumo, Zarauzko hondartzan. (Mireia Galarza Bastida)

Henry Chicho Huamanchumo peruarra Zarautzen dago udaz geroztik. Surfaren jatorria zein den azaldu du.

Brasilen zegoen, Nazioarteko Surf Irakasle titulua ateratzeko asmotan. Surfaren historiari buruzko klasean zegoela, irakasleak zera esan zuen: "Denek Hawaiin kokatzen dituzte surfaren hasierak, baina esaten da Perun oso antzinatik ildaskatzen zituztela olatuak, arrantzarako". Orduan, eskua altxatu zuen Henry Chicho Huamanchumok; irakasleari esan zion hori horrela zela, eta berak bazituela horren frogak.

"Irakasleari irakatsi nion nik nekien guztia, eta Australiara gonbidatu ninduen, nire ezagutza bertako ikasleekin elkarbanatzeko asmotan", dio surflari peruarrak. Pandemia iritsi zen orduan, eta asmo horiek ezin izan zituzten gauzatu. Huamanchumok, ordea, barruko indar eta ahotsak mugituta, bere kultura eta istorioa munduan zehar zabaldu nahi izan zituen, eta horrela hasi zen bidaiatzen, han eta hemen zituen lagunen bitartez: lehenik Alemaniara joan zen, gero Bartzelonara, handik Galiziara, ondoren Bakiora (Bizkaia) eta azkenik Zarautzera.

Uda amaieran iritsi zen herrira, eta "gustura" dago bertan. Itsasoari begira ere, hemengo olatuei buruz mintzo da: "Euskal Herriko olatuak askoz ere gogorragoak dira Perukoak baino", dio barrez. Dena dela, garbi azaldu du bere asmoa zein den: "Hemen edo beste leku batean, nire helburua da gure kultura ezagutaraztea eta beste batzuenak ezagutzea".

Zehazki, Huamanchumo kultura inca baino lehenago existitu zen Chimu erreinuko ondorengoa da, eta bere abizenari buruz xehetasunak eman ditu hori azaltzeko. "Erreinu horretako hamairugarren agintariak nire abizen berbera zuen, Huamanchumo. Beraz, hortik ondoriozta dezaket ni agintari horren ondorengoa naizela. Orokorrean, erreinu horretako gizarteak lan asko egiten zuen zeramikan, ehungintzan nahiz metalurgian, eta arrantzan ere ibiltzen ziren...". Hortik datoz surflariak janzten dituen arropa eta osagarri bereziak, horrelakoak baitziren garai hartako agintari eta borrokalarien jantziak.

Horrez gain, berea "perfekzioan" deskribatzen duen abizen bat ere badela uste du Huamanchumok, bere burua hegan dabilen txori bat bezala ulertzen baitu peruarrak. "Nire lehen abizenak horixe esan nahi du. Izan ere, huaman txoria da quechueraz, eta chum hitzak, berriz, hegaldia esan nahi du. Ni horretan nabil, txori bat bezala hegan, lehen aipatutako helburua betetzen", esan du. Surflari peruarra, ordea, airean baino hobeto moldatzen da uretan, eta bertan ibiltzeko, badu taula berezi bat: tab-tup-a.

Tradizioa moldatuta

Caballito de totora moduan ere ezaguna da tramankulua, hainbat motatakoak daude, eta hori erabiltzen zuten inca kultura baino lehenagoko kideek arrantzarako, baita surfaren antzeko kirolak praktikatzeko ere. Landare horri lezka deitzen zaio euskaraz, eta zehazki, kanaberaren antzeko zurtoina duen landarea da.

Arrantzarako erabiltzen zutenak belauniko jartzen ziren horren gainean, eta banbu zati bat erabiltzen zuten arraun moduan. "Kanpotik itxura ematen zuen zaldi baten gainean zihoazela arrantzaleak, eta horregatik egiten zaio animalia horri erreferentzia", gehitu du.

Kanabera hori, baina, hondatzen joaten da denboraren poderioz, urarekin eta eguzkiarekin kontaktuan egon ostean. Horregatik, Huamanchumok hori egokitzea pentsatu zuen, gehiago iraun zezan denboran zehar. Hain zuzen ere, beira fibraz estali zuen tramankulu guztia, ura sartu ez zedin, eta horrekin bidaiatzeko aukera izateko.

Taulak taula eta abenturan zehar bakarrik badabil ere, hainbat eta hainbat surflari ezagutzeko parada izan du Huamanchumok. Horrekin lotuta, ondo gogoan du Zarautzekin izan zuen lehen harremana. "Peruko lagun batek ekarri ninduen Zarautzera, Axi Muniain ezagutzen zuelako. Uda amaiera zen, eta aurkezpenak egiteko garairik onena ez bazen ere, ekitaldi xume bat egin genuen. Horrez gain, Kepa Acerorekin ere grabaketa batzuk egin nituen Zarauzko hondartzan, eta orduan ezagutu nuen Iulen Elkoro ere. Guztiek eman didate izugarrizko laguntza, eta alde horretatik oso eskertuta nago", azaldu du.

Etxean jasotakoa

Euskal kulturarekin ere "gertutasuna" sentitu du peruarrak, hemen ere kontakizun "asko eta asko" daudela ohartu delako, historia eta kondaira lotzen dituztenak. Berak, horietako asko, aitaren aldetik jaso zituela azaldu du.

Aita eta ama aspaldi joan bazitzaizkion ere, haiek erakutsitakoak atzo esanda bezala azaldu ditu Huamanchumok. "Aitak esaten zidan nondik gentozen jakinda eta nora iritsi nahi genuen konturatzean, gure bizitzako benetako zentzua aurkituko genuela. Gainera, azpimarratzen zidan, urteek aurrera egin ahala, modernitateak begiak lausotu eta gure benetako bizitza natural eta espirituala ahaztuaraziko zizkigula, beraz, oso garrantzitsua zela mundua gure begi propioekin eta guk nahi bezala ikustea".

Aldi berean, beste irakaspen bat ere gogoratu nahi izan du Huamanchumok: "Maitasunak den-dena mugitzen zuela ere garbi utzi zidan, eta esaldi horiei zentzua bilatu diet urteek aurrera egin ahala".

Dena utzita

Perun gustura bizitzeko moduko bizitza zuen Huamanchumok, besteak beste, surf irakaslea zelako, bere eskola propioa zuelako eta surferako taulak ere egiten zituelako. Aitak irakatsitakoak eta hasieran azaldutako Australiako proposamenak, baina, bere bidea aldatu zuten, eta gaur egun, Europan bizitzen ikusten du bere burua.

Ez du sentitzen, baina, bere herrialdea lehenago utzi behar zuenik. Izan ere, haren hitzetan, "gauza bakoitza gertatu behar duen momentuan gertatzen da", eta beraz, ez du kasualitateetan sinesten.

Horregatik, egun, Europan geratzeko beharrezko izapideak egiten ari da, eta Alemaniara joateko asmoa ere badu. "Hizkuntza hori ari naiz ikasten pixkanaka-pixkanaka, eta ikusiko dugu zer gertatzen den". Bitartean, urte amaiera ingurura arte, Zarautzen geratzeko asmoa du surflari peruarrak, Zarauzko nahiz eskualdeko norbaitek bere istorioa eta bere tribuaren historia aurrez aurre ezagutu nahi baditu ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide