Ez da oraingo kontua, eta adierazgarria egiten ari zait gero eta gehiago, nola herriz herriz nagusitzen ari diren Goiko plaza, Beheko plaza, Herriko plaza edota Udaletxe plazak, izen berezirik izango ez balute bezala. Gurean orokortzen hasia da, ekitaldia, jaialdia edo mobilizazioa edozein izanda ere, hitzordua Lege Zaharren Enparantza dela adierazi ordez Udaletxe plaza erabiltzea.
Hi, baina denok ulertzen diagu, ezta? Bai, arrazoirik ez zaizue falta, eta lege zaharrak badira foruak adierazteko eufemismo potolo bat. Irudimena martxan jarriz gero, karlistadak eta Bergarako besarkadaren irudi zaharminduak etortzen zaizkit niri ere burura. Edo, bestela, antigoaleko Jaungoikoa eta Lege Zaharra lelo sabinista. Jatorrizko izena saihesteak, ordea, izana ere estigmatizatzea dakar, edozein herritako plaza bat gehiago eta bezalakoa bihurtuz.
Azken Portuko Plaza Gorria gisa horretan ezagutzen dute zarauztar guztiek, baina Sagasti plaza esanda, ordea, bati baino gehiagori orientazio mapa eman beharko genioke, eta askok Vista Alegren edo Iñurrintzan bukatuko luke… Ez badira Sobietar Batasunaren garaiko Moskura iristen lehenago. Nasdrovia!
Zoruaren gorritasunaz eta pentsaera ezkertiarraz harago, betidanik kezka sortu didan auzi bat izan dut gaztetan poteatzen hasi ginenetik. Kuadrillako batzuek Pilarreko plaza deitzen zioten bitartean, Barren plaza deitzen genion besteok. Oraindik ere, bi multzoak existitzen dira; ez dago inolako eztabaidarik gure artean, norberak nahieran deitzen dio etxe multzo baten patioan tabernaz beteta dagoen eremu sozialari.
Argi dudana da La plaza de la Virgen del Pilar frankismo garaitik datorren izendapen bat dela, eta sasoi ilun haietan aipatu amabirjinaren irudia zegoela bertan. Kontuan izan behar da Pilarreko amaren egunean Hispanitatearen Eguna ospatzen dela, eta trantsizio garaian, Zarauzko Udalak kale eta plaza izendegiak aldatzeko onartu zuen proposamenean, Noiz-Bait plaza zehaztu zuen. Ez dut amaren seme-alabarik ezagutzen izen horrekin deitu dionik plazari, baina kuriosoa egiten zait duela urte batzuk bertako taberna batek Noiz-Bait izena izatea (jabeak zerbait jakingo zuen, antza).
Gainerakoan, Non geratuko gaituk? Han, barreneko plazan. Pixka bat Udaletxe plazarekin gertatzen ari den moduan, bada, Barren plaza. Ala gaizki pentsatzen jarriko bagina, ez ote da gaztelaniazko kalko bat izan, ondoren euskaratu nahi edota egin dena. Ez ote da La plaza de los bares-etik etorri? Bar-en plaza itzulpenetik, alegia? Anjel Lertxundiren Berbelitzen hiztegiak eman diezadala zaplaztekoa hala izan ez dadin.
Hurrengo plazak jada urte batzuk baditu, baina haur nintzela eraiki zituzten, eta orduan nobedadea zenez, jolas parke berriarekin eta xakeko pieza erraldoiekin (90eko hamarkadan drogak kalte handia egin zuen) flipatzen genuen, baina batez ere bi ahate surrealista erraldoi zituen iturri eskultura batekin. Ahateen parkea edo Parque (de) los patos izena hartu zuen, eta oraindik ere goitizen hori mantentzen du Zuhaizti plazak. Jakina, Villa Mundako parketxoak eta ahate, dortoka eta beltxargen urmael estresagarriak ere asko lagundu du horretan.
Emakumeen Etxea dagoen plazak Belauntzaran izena omen eta horren berri duela urte gutxi jakin nuela aitortu behar dut. Ez dakit oso ongi, baina ziur Martxoak 8ko edo Azaroak 25eko ekintzengatik eta mobilizazioengatik izango zen. Etxebizitza multzo haiek egin zituztenean, Duke-Enea bezala eman ziren ezagutzera, eta harrezkero, bertako haur parkera joan izan garenok Dukeko parkea bezala ezagutu dugu. Zergatik?
Polkaren garaian, Hotel Duque egon zen kokaleku horretan; oraindik ere, oso haur nintzeneko flash bat datorkit oroimenera, aitaren autotik Nafarroa kalea igarotzen eta eraikin gris zikin hura erabat harresituta. Ondorioz, Belauntzaran ene baitako hiztegian grabatzea oraindik ere konplikatua egiten zait. Edonola ere, Zarauzko Udaleko Argazki Artxibategira joz gero, hantxe topa daitezke XIX. mendeko erdialdeko argazkiak Belauntzaran edo Aiestaran plazatxoa irudikatzen dutenak. Hori, ordea, Nafarroa eta Bixkonde kaleen artean zegoen, zertxobait aurrerago, eta ez egun dagoen tokian.
Eraikuntza berriez ari garela, ezin aipatu gabe utzi Salberdin eremuan sortzen ari diren auzo berria, baita aurrerantzean Iñurritza, Irita-Amillubi eta Lanpardon eraikiko dituztenak ere. Hor ere plaza berriak sortuko dira, eta horientzako izen egokiak bilatu beharko zaizkie. Salberdingo lehen plazari Miren Etxabe jarri zion udalak, Euzko Emakumeen Batzako kide eta idazle zarauztarraren omenez. Tamalez, apenas entzuten ari naiz Miren Etxabe plaza herritarren artean, itzaletan bezala geratu baita solairu eta solairu artean; kontrara, parez pare eta eguzkitan, presentzia handiagoa hartu du Amalur parkeak.
Semea jada lagunekin ateratzen hasia asteburuetan, eta zer asmo duten galdetzen diodanean, zera erantzuten dit: “Salberdingo parkean geratu gara, eta gero, agian, eskubaloia ikustera joan gaitezke”. Ez daki nor den Miren Etxabe, ez daki plaza bat duenik, baina astebururo bere plazan jartzen dute hitzordua.