Konpromisozko bazkaria nuela eta, tokia erreserbatzeko deitu nuen hiriburuko jatetxe pijotxulo batera. Aitor delako erdaldun batek hartu zidan. Hotz xamar, egia esan. Eta hara non, konturatzerako, makina bati ari natzaion hizketan.
Pixka batean zalantzan egon, eta halako batean ohartu nintzen engainuaz. Beranduegi, hala ere, engainu zapore mikatz bat ez geratzeko, areagotu egiten zaidana pentsatzen dudanean esan nizkionak ez zitzaizkiola batere inporta izan Aitor delako hari...
Ez zitzaidan batere inteligentea iruditu makinari makakorroka segitzea, eta deia moztu nuen.
Ordutik, galderak pilatzen zaizkit. Tarteka, aitortu dezadan, boz gora ere aritzen naiz. Salan hara eta hona hasten naiz, galdezka. Zarata handi xamarra sortzen da, baina bueno, peripatetikoa naizela esanda kontsolatzen naiz. Eta halaxe jarduten naiz…
Inteligentzia artifiziala iritsi izana da arriskua, edo giza inteligentzia galtzea da arriskua?
Aurrera egitea da inteligentzia artifiziala erabiltzea? Atzera egitea da ez erabiltzea?
Makina da arazoa, ala erabilera? Zein da erabilera ona? Zein txarra? Badu tanke batek erabilera onik? Erabil dezake haur batek Instagrama modu egokian? Eta Trumpek? Uatzapa ona da baina erabilera batzuk dira kaltegarriak, ala uatzapa propio sortu zen gure txarrerako, eta albo-ondorio on bat edo beste dauka? Talde-elkarrizketak dira onura? Berdura-plazako txutxumutxutik uatzapeko taldera pasa garela, hori ote da posmodernitatea?
Asko al gara makinaren alde honetakook? Ba al dago norbait mugaz bestaldean? Mutu al diraute hor ere telefonoek, jada ez duelako inork deitzen, bodafonekoek salbu para mejorar la oferta? Zoriontsuak al zarete aplikazioaz bestaldeko biztanleak? Eta letra Ruperrena zen ala Sarrirena ala Atxagarena?
Egia al da Silicon Valleyko familiek euren seme-alabak pantailarik gabe hezten dituztela? Inteligenteak al dira?
Zergatik diogu beldurra IAri? Ala AA esan behar da? Onartzen du Euskaltzaindiak inteligentzia esatea, ala adimen esan behar da? Zergatik ez diogu beldurrik IAri?
Inteligentea da IA ez erabiltzea? Inteligentea da galdera hauei beti "segun" erantzutea? Eta elkarrizketak etetea patrikakoa kontsultatuz? Portzierto, "segun" onartuta dago euskaraz? Kontatzeko eta entzuteko abilidadea galtzen ari al da gizateria? Ia-ia galdu dugu?
Eskoletan sartuko dugu adimen artifiziala? Mobilak aterako ditugu? Dena sartuko dugu? Hanka ere bai? IA ez sartzea atzera egitea da? Non dago Silicon Valley zehazki?
Ai, zer egingo genuke zu gabe? Edo, egon, egon, ez erantzun, Alexa, ixo, biok batera ari gara, hau zarata… Hobeto esanda: Alexa, nire adiskide peripatetikoa, zer egiteari utzi diogu zuri esker, zure erruz, zuri esker…?
Ai, eta azkena, azkena: Alexa, zein ziren peripatetikoak? Aix, Alexa, jarri Ruperren kantu hura, galderena…
Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen urria amaieran. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.