Iñigo Mantzizidor eta Aner Peritz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan izango dira

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 3a, 20:21

Mantxi kantuan, bertso saio batean.

Etxean, Zarautzen, ariko da Peritz finalaurrekoan, hilaren 24an. Mantxik, berriz, Arrasaten kantatuko du abenduaren 1ean. Hemezortzi bertsolari ariko dira finalerdietan, eta horietatik zortzi pasatuko dira finalera.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken final laurdena jokatu dute gaur, igandea, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan, eta saioa bukatuta, argitu da zein bertsolari ariko diren finalaurrekoetan. Nerea Elustondok irabazi du saioa, eta zuzenean sailkatu da finalerdietara, baita gainerako lau final laurdenetako saioen garaileak ere; beste hamabi bertsolarik, berriz, puntuazioz egin dute aurrera, eta horietako bi dira Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Aner Peritz zarauztarrak.

Gaurko saioan parte hartu dute Mantxik eta Gurrutxagak, baina ez da bientzat arratsalde oparoa izan; izan ere, Gurrutxaga azpeitiarrak ezin izan du final laurdenetako langa gainditu –460 punturekin, seigarren egin du gaurko saioan–; Mantxik, berriz, lortu du hurrengo faserako txartela. Zarauztarrak laugarren egin du Tolosan, 473,5 puntu poltsikoratuta. "Sentipena dut akats tontoak egin nituela, egindakoa, gehiegi aldatu gabe, hobetu zitekeela; nire buruarekin barne borroka daukat horretan. Gainontzean, beste bertsolariak oso fresko ikusi nituen; lehenengo txapelketa duen gazte kuadrilla bat badago txapelketan, izugarrizko maila ematen ari dena, eta finalerdietan ere ziurrenik gerra emango du".

Orain arteko lanarekin gustura azaldu da zarauztarra, eta lasaiago ere bai, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako txartela lortu duelako. Zarauztarrak bete du aurtengo txapelketan bere buruari jarria zion erronka, haren helburua baitzen finalerdietara iristea, eta lortu du. "Finalerdietatik aurrerakoak hitz potoloak iruditzen zaizkit; beti esaten dut eskailerak banaka igo behar direla, baina azken eskailera altu xamarra iruditzen zait". 

Finalerako sailkapena, berriz, "irekita" aurreikusten du Mantxik. "Finerako lau izen nahiko segurutzat jotzen ditut, edozer gauza gerta daitekeen arren. Beste lau finalistak, ordea, oso irekita ikusten ditut. Sorpresak egon daitezke, eta zentzu horretan, aurtengo finalerdia oso interesgarria eta polita izango da".

Peritz ere pozik da finalerdietan delako, baina onartu du aurreko saioetan egindakoarekin "oso gustura" ez dagoela, "sufritzen" ibili zelako. Zarauztarra aurrenekoz ari da parte hartzen Gipuzkoako lehian, eta "nahikoa lorpen" da harentzat finalerdietara iristea. "Finala handi ikusten dut, eta ez dut inongo helbururik postuei dagokienez. Nire asmoa da saio on bat egin eta zapore gozoarekin geratzea". 

Eneritz Artetxek, berriz, joan zen astean eskuratu zuen finalerdietarako txartela, saio baten faltan nahikoa baitzitzaizkion Irunen batutako puntuak. Eskualdeko sei bertsolari aritu dira final laurdenetan kantuan, eta lau igaro dira, beraz, finalerdietara; Aitor Salegi eta Gurrutxaga gelditu dira lehiatik at.

Finalerdietarako prest

Hurrengo fasera sailkatu diren hemezortzi bertsolariek hiru saiotan abestuko dute, seinaka. Lehena Oiartzunen izango da azaroaren 17an, eta han kantatuko du Etxeberriak. Harekin batera izango dira agertokian Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola eta Nerea Elustondo.

Bigarrena, berriz, Zarautzen izango da azaroaren 24an, eta finalaurreko horretan Artetxe eta Peritz izango dira agertokian; Peritzek etxean kantatuko du, beraz. Haiekin batera kantatuko dute Alaia Martinek, Amaia Iturriotzek, Eneko Araiztegik eta Unai Mendizabalek.

Mantxik, berriz, hirugarren eta azken finalerdian kantatuko du, Arrasaten. Kantukide izango ditu zarauztarrak Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Maider Arregi eta Oihana Iguaran.

Dagoeneko salgai daude saio horietarako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian. Hiru saio horietatik zortzi bertsolari sailkatuko dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben izango den finalera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide