Sare sozialen erabiltzailea naiz egunerokoan, eta gaur egungo haur, gazte zein heldu gehienen modura gertutik ezagutzen ditut: laneko tresna dira niretzat, eta handik kanpo denbora-pasa modura erabiltzen ditut. Aste honetan, gaiari lotutako erreportaje bat eman dute telebistako kate ezagun batean; bi kapituluz osatutako sare sozialen inguruko erreportajea zen, hain justu.
Lehenengo zatian, Facebook plataformako zuzendari ohi bat zen protagonista. AEBetako Senatuan Meta enpresa –Facebooken eta Instagramen jabea– denuntziatu zuen hark, eta zehazki, makroenpresa horren jabe Mark Zuckerberg seinalatu zuen arazoaren erantzule nagusi bezala. Facebookek adingabeei eragindako kalteak jarri zituen mahai gainean, eta horiek “gizateriaren historian gertatutako handienak” direla azpimarratu zuen. Era berean, Metak horren aurrean izandako jarrera “segurtasun mekanismo faltsuak ezartzea” eta “beste aldera begiratzea” izan direla salatu zuen. Zuzendari ohiaren esanetan, zehazki, zortzi haurretik batek pairatzen du sexu jazarpena Instagramen.
Harrituta, kezkatuta eta beldurtuta utzi ninduen dokumentalaren lehen zati hark, baina, era batera edo bestera, espero nuen zerbait ikusi nuela esan dezaket. Hori diot, sare sozialen erabiltzaile zein kontsumitzaile garenok ondo dakigulako zein tresna arriskutsuak izan daitezkeen gaizki erabiliz gero, eta zer esanik ez, adingabea bazara, defendatzeko oraindik nahi adina tresna ez badituzu edota gizartean egon daitekeen makurkeriaren jabe ez bazara.
Aitzitik, bigarren zatiak pantailari itsatsita eduki ninduen kapitulu osoan zehar. Besteak beste, Facebook eta Instagram plataformen azpikontratetako bi langilek hitz egiten zuten bertan. Eduki moderatzaileak ziren bi langile horiek, eta modu sinple batean esanda, beraien lana sare sozialetako edukia egokia den ala ez erabakitzea zen.
Astakeria hutsak ikusi behar zituztela kontatu zuten biek ala biek; beste hainbat gauzen artean, erailketen, haurren pornografiaren, tratu txarren eta suizidioen bideoak ikusten zituzten. Irudi eta ikus-entzunezkoen gogortasuna dela eta, bajan daude eduki moderatzaile asko eta asko; estres post-traumatikoa eta agorafobia jasaten dituzte batzuek orain, eta bere buruaz beste egiten saiatu da langile ugari. Metarentzat lan egiten duen Telus enpresako eduki moderatzaileen %20 bajan dago.
Enpresaren jardunak gaixotu ditu langile horiek guztiak, baina enpresak ez du horren kargu egiteko asmorik, inondik inora ere. Abokatuak kontatu zuenez, Metak dio langileek izan ditzaketen eritasun mentalak lanetik kanpoko egoerek sorrarazitakoak direla; ondorioz, langileen bajak ez daude laneko baja modura onartuta.
Gizartea babesteko lan egingo zutela saldu zieten eduki moderatzaileei, baina, orain, nork babesten ditu langile horiek gizarte basati honetatik?
Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen duela aste batzuk. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.